Iruñeko Udalak kanpaina bat abiatu du aurten ez dela sanferminik egonen gogoratzeko eta ardura eskatzeko, eta 2021ean #BizikoDitugu-la ez ahazteko

Iruñeko Udalak kanpaina bat abiatu du aurten ez dela sanferminik egonen gogoratzeko eta ardura eskatzeko, eta 2021ean #BizikoDitugu-la ez ahazteko
Bideoak, liburuxka, kartela, argazkiak dituen eskultura, GIFak, erronkak, erreprodukzio-zerrenda musikala eta erraldoi pertsonalizatuak egiteko aukera; hori guztia, dago kanpainaren barruan

biziko ditugu

Enrique Maya Iruñeko alkateak gaur goizean aurkeztu du komunikazio-kanpaina aurten ez dela sanferminik egonen gogoratzeko, ardura eskatzeko eta 2021ean #BizikoDitugu-la ez ahazteko. Alde batetik, Iruñeko Udalak liburuxka eta argibide-kartel bat prestatu ditu, eta hiru bideo, eta horietan guztietan azpimarratzen dute zer nolako garrantzia duen arauak betetzeak gaitza berriro agertu ez dadin. Osasun-krisian zehar eginkizun garrantzitsua izan duten pertsonak ageri dira bideoetan, osasun-langileak edo adinekoak, besteak beste, baita festen bereizgarri direnak ere: La Pamplonesako, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako, Dugunako eta txistulari zein gaitero taldeetako kideak.
 

Bestetik, festen espirituari erreferentzia egiten dioten elementu ezberdinak sortu dituzte, eta, bidenabar, sanferminak online gogora ekarri. Horrez gain, ez-sanferminen omenez, hamabi metroko korporeo erraldoia (letrez osatutako eskultura bat) paratuko dute Gazteluko plazan, #LosViviremos testuaz; eskultura horretan txertatu dira kanpainarako jaso diren argazkiak. Halaber, mugikorraren bidez bidaltzeko hainbat gif sortu dituzte, nahi izanez gero pertsonalizatu daitezkeenak, bai eta erreprodukzio-zerrenda musikal bat eta bederatzi desafioz osatutako erronka-sorta bat ere. Haurrengan pentsatuta, online-jolas bat diseinatu dute, erraldoi pertsonalizatuak sortzeko, figura tradizionalak nahastuta.
 

Dena www.losviviremos.es/eu/-en
 

Kanpainaren elementuak Udalaren sare sozialetako profiletan egonen dira ikusgai, eta haietan ahalegin berezia eginen da; losviviremos.pamplona.es/eus webgunean eta komunikabideetan ere agertuko dira. Halako kanpaina zabal baten helburu nagusia da mezu hau helaraztea Iruñeko eta beste herrietako pertsona guztiengana: ekidin behar dira gaitza berriro agertzea eta osasun-krisia luzatzea ekar dezaketen egoerak oro.
 

Hori horrela, alkateak prentsaurrekoan azpimarratu du ez-sanfermin hauek arraroak direla guztiontzat, tristeak, zalantzarik gabe, baina eredugarri izateko aukera ere badirela. Espero dezagun gutako bakoitza gure portaeraz, jarreraz eta egunotan munduari helaraziko irudiaz harro egon ahal izatea.
 

Halaber, esker ona agertu dio TVEri, Udalaren proposamenari baiezkoa eman eta aurreko urteetako entzierro bat emanen duelako egunero, uztailaren 7tik 14ra, 08:00etan; horrela urtero Iruñearekin hitzordua zuten Espainiako eta mundu zabaleko milaka lagunengana iritsiko da hiria.
 

Kanpaina bat dator udal-talde guztiek joan den ekainaren 9ko Lehendakaritza Batzordeak onetsitakoarekin, non erabaki baitzen sanferminetako egunetan jende-pilaketak eragin ditzaketen ekimenak ez babestea ezta sustatzea ere Bat dator, baita ere, alkateak eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak joan den ostiralean bildu ostean adierazi zuten mezuarekin.
 

Zapi-banaketa etxe guztietako postontzietan, leihoetan jartzeko
 

Ardura-eskaera honetan sakontzeko, Iruñeko Udalak argibide-liburuxka bat argitaratu du, aurten sanferminik ez dagoela gogorarazteko. 100.000 ale inprimatu dira, eta Iruñeko etxebizitza guztietan ez ezik saltoki, erregistro eta udal-igerilekuetan ere banatuko dute. Saltoki eta ostalaritza-establezimenduetarako 3.000 kartel editatu dira bereziki, eta horietan guztietan paratuko dituzte.
 

Hala liburuxkak nola kartelak oinarrizko informazio eta diseinu bera dute: uztailaren 6 orotan hiriko kaleak betetzen dituzten zapi gorriaren formatua. Liburuxka bi aldeetatik inprimatu da. Aldeetako bat gorria da erabat, eta testua zuriz ageri da, kanpainaren bigarren ideia nabarmendurik: aurten sanferminik ez dagoen arren, 2021ean #BizikoDitugu. Flyer horren diseinua pentsatuta dago irudi hori kanporantz duela etxeetako leihoetan jartzeko, eta horrela helarazteko aurten festa etxeetan izanen dela.
 

Liburuxkaren beste aldean, ahaztu behar ez diren gomendioak txertatu dira: ez joan jende-pilaketak dauden tokietara: gorde distantzia, eta, ezin bada, erabili maskara; eskuak sarri eta minutu batez garbitu, eta errespetatu establezimendu bakoitzean ezarritako edukiera. Gogorarazi egiten da, baita ere, ez direla talde-ospakizunetarako egunak, ezta adeitsuki elkar agurtzekoak ere, eta arduratsu jokatuta bizitza asko salba daitezkeela.
 

Saltokietan eta ostalaritza-establezimenduetan jarriko diren kartelak alde bakar batetik inprimatu dira. Hondo gorriaren gainean dago bilduta liburuxkan ageri den informazio bera.
 

Bideoak osasun-langileekin, sanferminetako taldeekin eta adinekoekin
 

Aurten festak ez ospatzeak duen garrantziari buruzko kontzientziazio-kanpainaren barruan hiru bideo prestatu dira, eta horietan jaso egiten da osasunerako arriskugarriak diren egoerak ekiditeko beharra. Udalak egungo egoeran giltzarri jotako hiru kolektibo hautatu ditu, herritarrak sentsibilizatu ditzaten egunero eta bereziki uztailaren 6tik 14ra arduraz jokatzeak duen garrantzi handiaz. Haiek hautatuta omenaldia ere egin nahi izan die. Bideotako batean osasun-langileak dira protagonista, beste batean adineko pertsona bat, eta hirugarrenean, festa ulertzeko ezinbestekoak diren kolektiboak eta pertsonak.
 

Osasun-langileen bideoan, Zaintza Intentsiboen Unitateko mediku eta erizain banak eta Larrialdietako erizain batek eta erizaintzako zaintza-lan osagarrietarako teknikari batek gogorarazten digute egoki jarduten jarraitu behar dugula, distantziak gorde eta neurriak beteta, “zure burua babestuta, denon buruak babesten ditugula”, eta azpimarratzen dute “nahikoa dela egun bakar batez arduragabe jokatzea guztiok hiru hilabetean egindako ahalegina desegiteko”. Amaitzeko, “zugatik ez bada, egizu zure guraso edo aitona-amonengatik, baina egizu” mezua helarazten dute.
 

Isabel de Diego da osasun-krisi honek adinekoengan eragin duen sufrimendu eta arriskuaren ordezkari; “81 sanfermin” bizi izan ditu, ez da gutxi, “eta guztiak desberdinak izan dira, guztiak magikoak eta ahaztezinak”  Horrekin nabarmendu nahi dute sanfermin gehiago izanen direla, eta hauek direla agian garrantzitsuenak, “zure esku baitago gaur ez ospatzea, bihar ospatu ahal izateko”.
 

Azkenik, egoera berrira egokitzeko garrantziaz hizketan ageri dira La Pamplonesa Musika Banda, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udalaren txistu- eta gaita taldeak eta Duguna dantza-taldea, eta haiekin batera anonimo bat, herritarren ordezkari gisa, gogora ekartzeko “aurten ezin dela festarik, musikarik ez dantzarik egon”, eta maskara gure egunerokoan txertatu behar dugula, osagarri gisa.
 

1.500 argazkitik gora Gazteluko plazako korporeoan
 

Ekainean zehar, Udalak aurtengo sanfermin birtualen protagonista izateko aukera berezia eskaini zien aurreko urteetako jaietako argazkiak bidali nahi zituzten guztiei. Jasotako argazki guztien arteko 1.538 Gazteluko plazan izanen dira ikusgai ostiraletik aurrera, bertan instalatuko den 12 metro luze eta ia bi metro garai jotzen duen korporeo handi batean. Eskulturak #Los Viviremos leloa osatzen du, 1,2 metroko letrez, metro erdiko idulki baten gainean.
 

Argazkiak iritsi ziren hurrenkeran jarri dira, ekimenean parte hartu zutenei beren buruak korporeoan bilatzeko lana errazteko. Pilaketak ekidin eta pertsonak eskulturara hurbil ez daitezen, losviviremos.pamplona.es/eu webgunean atal bat gaitu da, eta bertan adierazten da zein letratan paratu diren egun bakoitzean bidalitako argazkiak; lupa bat ere badago, irudia handitu eta argazkiak tamaina handian ikusteko. Horrela, gogora ekarri nahi da irudi horietan ageri diren bezalako une zoriontsuak biziko ditugula, “ahal bezain laster”, apirilean festak bertan behera geratzen zirela iragartzearekin batera zabaldu zen bideoan esaten zen bezala.
 

Proposamen dibertigarriak eta seguruak sanferminetako espiritua mantentzeko
 

Uztailaren 6tik 14ra bitarteko egunetarako, Iruñeko Udalak entretenimenduko proposamen batzuk egin ditu, sanferminetan ohikoak diren uneak, elementuak edo pertsonaiak abiapuntu harturik. Hala, nahi dutenek modu dibertigarri eta seguruan heltzen ahalko diote sanferminetako espirituari, jarduera guztiak etxean edo mugikorraren eta ordenagailuaren bitartez egitekoak baitira. Horren atzean dagoen mezua berriro errepikatzen da: iritsiko dira 2021eko festak.
 

Iruñeko Udalak konpartsakideen lekuan jartzeko gonbidapena eramanen du sareetara, edo haien uneak haiekin partekatzekoa. “Losviviremos” hitz gakoa erabiliz, eskura daude dagoeneko sare sozial nagusietan dozenaka gif bizidun, eta haien bidez, edozeinek jaurtitzen ahalko du txupinazoa etxetik, edo korrikalari eta zezenen artean entzierroan lasterka egin, edozein tokitan daudela.
 

Irudi bizidun horiek oso erabilerrazak dira. Sare bakoitzak “istorio” edo “uneetarako” duen atalera baino ez da sartu behar, eta argazki bat egin edo mugikorreko galerian bat hautatu ondoren gifak eransteko aukerara jo behar da, eta bertan nahi dena aukeratu. Sanferminetako espiritua sareetara eramateko sortutako gifak unean uneko egoera edo aurpegietara egokitu daitezke, eta, hartara, erabiltzaileak kiliki, erraldoi edo buruhandi bihur daitezke. Bideotutorial bat prestatu da urrats horiek xehetasunez kontsultatu behar dituztenentzat.
 

Egun horietan egiten dena gogoratzeko erronkak, musika eta erraldoiak
 

Beste proposamen bat da erronka-sorta: ginkana moduko proba txikiak, bat eguneko. losviviremos.pamplona.es/eun ikus daitezke, eta diploma-egiaztagiri bat prestatu da, online deskargatu daitekeena, erronka guzti-guztiak egiten dituztenentzat. Hilaren 6an zapia balkoian jarri eta topa egitea da proposamena; 7an, etxe inguruetan 875 metro –entzierroaren luzera– korrika egin edo ibiltzea; 8an, Instagramen sartu, #losviviremos gifak bilatu eta horiek partekatzea; 9an, hamaiketakorako urdaiazpikoa tomatearekin hartzea, eta 10ean argazki bat egitea korporeoarekin. Erronka-zerrenda osatzeko, uztailaren 11n zuriz jantzi eta pixka bat zikintzea proposatzen da, 12an musika-zerrenda entzutea, 13an erraldoi bat sortzea eta 14an kandela bat piztu, “Gaixoa ni” kantatzea, eta, ondoren, “Gutxiago falta da”.
 

losviviremos.pamplona.es/eu-n erraldoi pertsonalizatuak sortzeko aukera ere badago. Zortzi erraldoietako bakoitza hiru zatitan banatu da, eta horrela, errege baten burua, beste baten gorputza eta hirugarren baten beheko zatia nahasten ahalko dira. Inprimatuz gero, artista bakoitzak bere gustuekin bat koloreztatzen ahalko du erraldoia. Familiartean tarte atsegina pasatzeko aukera bat da, edo pertsonaia horiekiko malenkonia sentitzen dutenentzako aukera.
 

Azkenik, #BizikoDitugu mugimenduak ez ditu sanferminetako hotsak ahaztu nahi izan, eta jaietako musikarik adierazgarriena bildu duen musika-zerrenda prestatu du, nahi duen orok etxean, negozioan edo lantokian entzun dezan. Zerrenda Spotify-n dago eskuragarri, eta losviviremos.pamplona.es/eus webgunean. Iraganeko garai onak gogorarazteko balioko du, eta datozen urteotan biziko direnak pentsatzen joateko.

¿Te ha sido útil esta página?