Iruñeko Udalak elebitan errotulatuko ditu Kostarapea II (Trinitarios) aparkalekuko kartelak 2023ko uztaileko eskaera batek Udalari eskatu zion “erreserbatua” hitza txertatzea desgaitasuna duten pertsonendako aparkalekuak erreserbatzeari buruzko kartel batean eta oraindik gaztelaniaz bakarrik dago. Udalak, bere garaian, ezetsi egin zuen eskaera egitateen bidetik (isilbidezko ezespena) eta eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen ezespen horren aurka. Orain Alkatetzaren ebazpen batek Udalak eskaeraren aurrean zuen jarrera aldatuko du, amore emanen du, eta beraz, eskaera onartuko du. Horrek errekurtsoa xederik gabe uzten du eta Nafarroako Administrazio Auzitegian hasitako bidea ixten du.
Aholkularitza Juridikoko zuzendariaren txosten batek adierazi du udal arautegiak herritarrei zuzendutako kartel guztiak elebidunak izatera behartzen duela, Euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 8. e (“interes turistikoa duten tokietako seinaleztapena, etzana nahiz zutikakoa izan, zerbitzuen kontrolekoa, eta bide seinaleak”) eta 9. (kartelak) artikuluetan oinarrituta. Gainera, txostenak gaineratzen du, ordenantzaren bigarren xedapen gehigarrian elebitasun hori nola agertu behar den ezartzen dela: “Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.
Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiaren berri izan ondoren, gaur goizean Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak adierazi dute jarrera proaktiboa izanen dutela hiriko kale guztietan ordenantzaren betetze-maila pixkanaka berrikusteko. Era berean, udalak amore emanen du arlo horretan gauzatzeke dauden prozedura guztietan (Donejakue Bidearen Parkearen edo Konstituzio Plazaren antzekoetan), eta aurrerantzean hirian izendatuko diren bide berrietan izendapen elebidunak onartzeko sistema berreskuratuko du.
Halaber, jakinda hiru pertsonak eskabide bana egin dutela erregistro bidez, bizi diren kalearen izena euskaraz ere agertuko agertuko den euskarazko erroldatze-agiriak jasotzeko eskubidea eskatuz, udalak iragarri du udal-erroldaren aplikazio informatikoa aldatuko dutela, hori posible izan dadin. Udalaren Aholkularitza Juridikoak, gainera, txostena eginda aintzat hartu ditu herritarrek eginiko hiru eskaerak.
Nola izendatzen dira kaleak
2020an onetsi zen Euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 8c artikuluak ezartzen du “Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko dituela herritarrei orokorrean egiten dienean. Hartara, elebitan eginen dira: (...) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotulazioa.” Gainera, 1979ko Osoko Bilkuraren erabaki baten erreferentziak ere badaude.
Ezarritako prozedura bi txosten aldi berean eskatzea zen: bata Udal Artxiboari, bideetarako izenak eskatzeko, eta bestea euskararen arloan eskumena duen udal-erakundeari (teknikaria eta zerbitzu espezifikoa), aukeratutako terminoaren itzulpena finkatzeko ardura har zezaten. Denboran zehar, ez da beti prozedura hori jarraitu, eta, beraz, orain, euskarazko izenik eman ez zaien kale batzuk daude; izan ere, batzuek, toponimoek adibidez, itzulpenik behar ez badute ere, zer bide mota izendatzen duten (kalea, bidea, plaza, parkea, etorbidea...) itzulita agertu beharko litzateke.
Gaur iragarritako mailaz mailako berrikuspenean, ordenantza betetzen ez duten plakak edo seinaleak hautemateaz gain, Euskaltzaindiaren txostenetan ezarritakoa erabiliko da irizpide gisa (izendapenak jasotzen dituen 2019an eguneratutako, 2016ko dokumentuaren argitalpen hiru eledun bat). Behin kale-izendegi elebidun hori onartuta, Udalak izendapen elebiduneko sistema berrezarriko du hiri-garapen berrietan egiten diren bide eta espazio publikoetarako.
Agiriak eta errolda-orriak euskaraz
Udalaren Aholkularitza Juridikoaren otsailaren 2ko txosten baten arabera, herritarrek hiru eskaera egin zituzten agiriak euskaraz jasotzea (bat), edo administrazioak bidalitako errolda-agirietan aipatzen diren kaleak euskarazko izenez agertzea eskatuz. Ildo horretan, txostenaren arabera, Udalak ez du bete administrazio-ebazpen bidez berariaz erantzunez eskaerak sei hilabeteko epean ebazteko legezko betebeharra, (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikulua), eta orain egindako eskaerak baietsi ditu.
Testuan, Euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 6. eta 8. artikuluak oinarri hartuta honako hau eskatzen da: "udal-zerbitzuei agindua ematea, herritarrek gai honetan dituzten eskubideak errespeta daitezen eta neurri [material eta teknologiko] egokiak ezar daitezen, herritarrek Iruñeko Udalak jakinarazten dizkien komunikazioak bi hizkuntzetan jasotzeko duten eskubidea gauzatzeko, eta, zehazki, errolda-ziurtagiria euskaraz jasotzen dutenean kalearen izena ele bitan ager dadin".
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak kale-izendegia berrikusiko du hiriko izendapen plaka guztiak elebidunak izan daitezen, ordenantzan ezarritakoarekin bat