Iruñeko Udalak taberna, jatetxe, kafetegi eta ostalaritza eta aisialdiko bestelako establezimendu guztiak ixteko agindu du, bai eta elkarte gastronomiko eta gazteendako aisialdi-lokalak ere. Debekua gaur gaueko 00:00etan sartuko da indarrean eta hamabost egunez mantenduko da gutxienez; horiek igarota berraztertu eginen da egoerak izan duen bilakaeraren arabera. Kafe-dastalekuak dituzten okindegi edota gozodenden kasuan, jarduera elikagaien salmentara mugatuko dute, eta kafetegi-zerbitzua itxita izanen dute.
Agindua gaur eguerdian sinatu du Enrique Maya Iruñeko Alkateak, eta neurria Iruñeko Udalak joan den ostegunetik hona osasun publikoko larrialdi egoerari erantzuteko hartutakoei gehitu behar zaie. Ostegunean Udalak udal-zerbitzu eta -jarduera ia guztiak eten zituen (udal haur-eskolak eta gainerako ikastetxeak, Civivox sarea, Gayarre Antzokia, Arantzadiko eta, Sanduzelaiko kirolguneak, kiroldegiak, Labrit pilotalekua, Gaztediaren Etxea, zentro komunitarioak, Gayarre Antzokia, Ingurumen Hezkuntzako Museoa, Turismo Bulegoa, Zentro eta Autobus geltoki zaharreko haurrendako gune estalia).
Era berean, atzo, ostiralarekin, udal-igogailu publikoak, Ultreia zentroa zein Trinitarioseko Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroko ibiltariendako programa ixteko agindua eman zuen, bai eta Ziudadelako erakusketak ixtekoa ere, eta gune hori zabalik egonen da soilik pertsonen joan-etorria errazteko, eta ezkontzak egiteko, beti ere jende-kopurua mugatuta.
Neurri hauen guztien jarraipena, indartzea edo malgutzea osasun-agintari nazional eta autonomikoek ere unean-unean ezartzen dituzten irizpideen araberakoa izanen da beti.