Iruñeko Udalak Iruñeko Ganbera Abesbatzari harrera egin dio, bere 80. urteurrenaren karietara

Iruñeko Udalak Iruñeko Ganbera Abesbatzari harrera egin dio, bere 80. urteurrenaren karietara
Luis Morondok 1946an sortutako koru-taldea Iruñeko eta Nafarroako historiaren kultur erreferentea da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak harrera instituzionala egin dio gaur goizean Iruñeko Ganbera Abesbatzari, talde enblematiko horrek 80. urteurrena ospatzen baitu aurten. Ekitaldia Udaletxeko ekitaldi-aretoan egin da, eta bertan udal-ordezkari hauek egon dira: Maider Beloki Unzu hirugarren alkateordea, Garbiñe Bueno Zabalza lehen alkateordea eta Udalbatzako beste kide batzuk. Maider Belokik abesbatzak Iruñeko historiaren kultur erreferente gisa izan duen rola azpimarratu du.

Iruñeko Ganbera Abesbatzari dagokionez, honako hauek hartu dute parte harrera-ekitaldian: Anne Miren Troyas Careaga presidenteak, Daniel Gálvez Pintado zuzendariak eta taldeko beste ordezkari batzuek. Omendutako erakundearen izenean, presidenteak esker ona adierazi dio udalari, batetik, ekitaldi instituzionala antolatzeagatik, eta bestetik, udalak abesbatzari eskainitako maitasun eta esker oneko hitzengatik. Udalak Udaletxearen fatxadaren irudia duen margolan bat oparitu dio abesbatzari, taldeak izandako ibilbidearen omenaldi gisa.

Abesbatzak hainbat konposizio abestu ditu harrera-ekitaldian. Ekitaldiari hasiera emateko, Fernando Remacharen Siete canciones vascas (Zazpi euskal kanta) konposizioaren hautaketa bat abestu dute, eta ondoren, Salvador Bacarisse-ren Ojos claros, serenos (Begi argiak, bareak). Azkenik, Agur jaunak abestu dute, Luis Morondok sortutako bertsioan; klasiko horrekin amaitzen ditu kontzertuak Ganberako Abesbatzak: abestia kantatu ahala musikariek agur esan eta agertokia uzten dute.

Ilusioz beteriko 8 hamarkada 
1946. urtean sortu zenetik, Iruñeko Ganbera Abesbatza XIX. eta XX. mendeko musikagile nafar handiekin lotuta egon da, eta horri esker, garaiko kultur erreferente bilakatu da. 

2018an Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso zuen, baina aurretik ere beste sari hauek eskuratu zituen: Lan-merezimenduen Urrezko Domina, Merezimendu Zibilaren Ordenako ohorea eta Alfontso X.a Jakitunaren Ordenako ohorea.

Iruñeko Ganbera Abesbatzak garrantzia handia izan du beti estatuan eta nazioartean, eta Iruñearen eta Nafarroa osoaren enbaxadore paregabea izan da gainera, errepertorioan beti hartu izan baitu kontuan euskal eta nafar musika, bai musika herrikoi tradizionala, bai egile nafarrek sortutakoa.

80. urteurrenaren karietara, taldeak bete-beteko jarduera-programa prestatu du aurten. Kontzertuak muina dira, baina horrez gain, hitzaldiak, erakusketak eta beste emanaldi batzuk antolatu dira. Urriaren 22an, ostegunarekin, omenaldia ospatzeko ekitaldiei amaiera emateko, kontzertu handi bat eginen dute Iruñeko Baluarte auditoriumeko areto nagusian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera. 

¿Te ha sido útil esta página?