Iruñeko Udalak, bere ondare-ondasunen kontserbazioarekin eta balioestearekin lotutako lan-ildoari jarraipena emanez, azterlan sakona eskatu du Udalaren Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa osatzen duten elementuen kontserbazio-egoerari buruz. Txosten horretan bilduta daude hala konpartsa osatzen duten irudi guztien eta horiekin lotutako objektuen (jantziak, apaingarriak, etab.) egungo egoeraren azterketa-prozesua nola argazki-azterketa sakona eta irudi bakoitzaren patologien mapaketa bat.
Halaber, Udalak 25 irudiak –8 erraldoi, 5 buruhandi, 6 kiliki eta 6 zaldiko– hiru dimentsiotan digitalki eskaneatzea eskatu du. Erraldoiak haien arropa eta osagarriak jantzita eta horiek gabe, armazoia bakarrik begi-bistan utzia, eskaneatu dituzte. Artxibo digital horiei esker festetako irudi horiek ahalik eta xehetasun handienaz kontserbatuko dira etorkizunerako, gaur egun dauden moduan. Lan hori irudikatzeko eta ezagutarazteko, bideo-sorta bat egin da, non 3D ereduak ikus baitaitezke, testurarekin eta testurarik gabe (haragi-kolorearen eta arropen koloreak), eta bertan ere lehenago ikusi ez ditugun hartualdiak ikusten ahalko ditugu; izan ere, bideoaren irudi guztiak eta kameraren mugimenduak ordenagailuz sortu dira. Bideo horiek Udalaren ‘pamplonaescultura’ YouTubeko kanalean daude eskuragarri. Halaber, horiek ikusteko ‘pamplonaescultura’ webgunean sar daiteke.
Gaur goizean, Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak gogorarazi du konpartsako irudiak antigoalekotzat jo daitezkeela, 160 urte baino gehiago dituztelako, eta kalean aritzen diren festa-elementuak direnez, berariazko kontserbazio-arazoak dituzte, modu espezializatuan landu behar direnak. Aurkezpenean, 'FOVEA servicios de escaneado 3D’ enpresako Josetxo Casasek ere parte hartu du, eta azaldu irudiak digitalizatzeko prozesua nola egiten den.
Proiektu horien bidez, herritarrek biziki maite dituzten ondare-elementu hauskor horien kontserbazioa bermatu nahi da, egin litezkeen esku-hartzeak erraztuz, eta zaharberritzeko jarraibide batzuk ezarri, ondasunen garrantziarekin bat datozenak. Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa hiriko ondare materialaren parte da, baina baita ondare inmaterialarena ere, bere musikarekin, dantzekin eta Iruñeko kaleetan egiten duten desfilearekin. Udalak ondare horren kontserbazioan parte hartu nahi du.
Irudien gaur egungo egoera
'Sagarte Servicios Artísticos y Restauración SI’ enpresak egindako irudien egoerari buruzko azterlanak eta txostenak agerian utzi dute irudiek esku-hartze asko jasan dituztela hamarkadatan zehar egin diren mantentze-lanetan, kalera irtetean lehendabiziko eguneko distira izan dezaten. Konponketen jarraitasun kronologikoak aukera ematen du esku-hartze ereduetan aldaketak antzemateko, izan ere, materialen erabilera aldatu da (epoxi erretxina eta beira-zuntza, jatorrizko kartoiaren ordez) zati batzuen sendotasuna bermatzeko eta egiturak indartzeko. Hori gertatu da batez ere armazoiekin eta gorputzekin. Ez, ordea, buruekin, jatorrizko material gehiena mantentzen baitute.
Azterketa horretarako honako hauek egin dira: irudiak osatzen dituzten materialen analisi kimikoak, fotometria ultramorea pinturak ikusteko, irudi bakoitzaren patologien mapaketa eta azterketa bat irudiak garraiatu eta gordetzeko moduari buruz, jantziak gordetzeko moduari buruz eta irudiek kalte handiak jasaten dituztenean esku-hartzeak egiteko moduari buruz. Horri gehitu behar zaio irudi bakoitzaren eta horiek dituzten patologien argazki-azterketa sakona.
Azterketak egiaztatu du irudiek badituztela beren adina eta ohiko festa-erabilera kontuan hartuta ohikoak diren kalteak. Urteetan zaindu eta konpondu izan dituzte, baina ondarean esku-hartzeko irizpideak eta teknikak ez dira beti berdinak izan. Lortutako datuekin, Udalak esku-hartze proiektu bat egin nahi du epe ertainean, irudi bakoitzean aritzeko, horiek zaharberrituz ondare-ondasunetan esku hartzeko egungo irizpideen arabera eta elementu bakoitzaren berariazko beharrak aztertzeko prozesu bati jarraikiz.
“3D”-n eskaneatzea prebentziozko kontserbazio-sistema gisa
Udalak, 'FOVEA servicios de escaneado 3D' eta ‘One Voxel, Servicios integrales de impresión 3D’ Nafarroako enpresa espezializatuen teknologiaren bidez, erraldoiak osorik eskaneatu ditu, jantzita eta jantzirik gabe; jantzita, jendeak ezagutzen dituen moduko irudien irudi fidagarria izateko, eta jantzirik zein beste elementurik gabe, ezin hobe zedarriturik eta neurturik eraikuntza-bolumenarekin bat. Eskaneatze horrek elementu guztien formen eta testuren kontserbazioa bermatzen du, errealitatera egokitutako neurri eta proportzioekin, gutxieneko errore-marjina batekin eta formatu digitalean, eta horrek denboran iraunen dutela bermatzen du.
Lanen digitalizazioa bi zatitan banatu da; lehenengoan, geometriak hartu dira, bai irudienak bai horien osagarrienak, eta, bigarrenean, pinturen eta horien oihalen kolorearen forma fidela hartu da. Lanaren lehenengo fasean FOVEAk 25 irudi digitalizatu ditu (8 erraldoiak, arroparekin eta arroparik gabe, 6 kilikiak, 5 buruhandiak eta 6 zaldikoak) irismen luzeko eskaner laser baten bidez, elementuak 60 zentimetrotik 150 metrora bitarteko distantzian neurtzeko gai dena, 2 milimetroko zehaztasunaz. Fase honetan One Voxel enpresak ere parte hartu du tamaina txikiagoko elementuak digitalizatzen, hala nola besoak eta osagarriak, argi-eskaner egituratu baten bidez, zeina 3 zentimetroko piezak neurtzeko gai baita, metro batera, milimetro-hamarrenen zehaztapenekin.
Bigarren fasean, irudiak hartu dira kamera kalibratuen bidez, zeinak, fotogrametriako teknikak erabilita, eskaner laserraren emaitzekin konbinatu baitira, 3D ereduei testura bat emateko, pixel bakoitzak milimetroa baino tamaina txikiagoa duen bereizmenarekin. Digitalizazio-lanek astebete iraun dute, eta 3D ereduak postprozesatu eta editatzeko eta fotogrametriaz irudiak tratatzeko lanek hilabete bat iraun dute.
Azkenik, bideoak egin dira, non 3D ereduak antzeman daitezkeen, testura aplikatuarekin eta hura gabe, eta ordenagailuz birsortutako hartualdiak aurrez ikusi gabeak ere ikus daitezkeen.
Pertsonaia izendunak
1860an, Udalak Tadeo Amorena eskultoreari enkargatu zion 8 erraldoi eraikitzeko, garai hartan ezagutzen ziren lau kontinente edo arrazen ordezkari: kaukasiarra, asiarra (Ekialde Hurbila), mairu-afrikarra eta afroamerikarra (Europa, Asia, Afrika eta Amerika). Errege-erreginen gorte horrek, aurrean eraman ohi dituen buruhandi, kiliki eta zaldikoekin batera –25 irudi guztira– osatzen du Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.
Erraldoiak irudirik ezagunenak eta zaharrenak dira. 3,70 metro luze inguru dira, eta haien pisua, 59 eta 64 kiloen artekoa. Kilikiek (65 cm luze eta 13 kg) trikornioak dituzte ezaugarri, eta zeregin, haurrak izutu eta ongi pasaraztea. Sei irudi horiek buruhandiek baino buru txikiagoa dute, eta, aparrezko maskuriez haurrak zein helduak jotzen dituzte. ‘Motots’ eta ‘Bizarduna’ antzinakoenak dira, seguruenik Tadeo Amorenak berak eginak. ‘Caravinagre’ –ezagunena–, ‘Napoleon’, ‘Garatxo’ eta ‘Patata’-k osatzen dute seikotea.
Buruhandiak erraldoien aurretik ibiltzen dira eta segizioko “serioak” dira, ez baitute dantzarik egiten, eta harro-harro ibiltzen dira. Haien buru handiek arreta erakartzen dute, izan ere, haietako batzuek 2 metroko perimetroa dute. Batez beste, 90 cm luze dira eta haien pisua 14 kg-koa da. Bost irudiak, ‘Alkatea’, ‘Jaun Japoniarra’, ‘Andre Japoniarra’, ‘Zinegotzia’ eta ‘Amona’ 1890ean erosi zituzten. Irudien multzoa sei zaldikoek osatzen dute, erdi gizaki erdi zaldi. Hauek ere maskuriez ari zaizkie txikiei segika eta haien egiturek 65 cm-ko garaiera eta 20 kg-ko pisua dute.