Iritsi da liburu-dendetara ‘Iruña zaharreko kontuak’, Iruñeari buruzko historia txikiak biltzen dituen liburu berria, Juan José Martinena Ruiz egilearen eta Iruñeko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza. Hauxe dibulgazio-bilduma baten laugarren liburukia da, eta, aurreko hirurek bezala, gure hiriko eta haren elementuetako alderdi ezagunak eta ez hain ezagunak biltzen ditu fideltasunez eta zorroztasunez, historiaz bezainbatean, eta hizkera erraza eta hurbila erabilita. Ikerketa-lanaren ondorioz, liburuak datu ez-ezagun batzuk ematen ditu, hala nola ‘Begiratokiko Gurutzea’ egon badela edo San Domingo kalearen datazio zehatza, besteak este.
Gaur goizean aurkeztu dute liburua Udaletxean María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Juan José Martinena historialari eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendari ohiak. Hiriko historia herritarrei helarazteko Udalaren apustu dibulgatzaileaz gain, liburuak udal-ondarea ikusarazi nahi du, Iruñeko Udal Artxiboaren funtsak balioetsita. Liburuan agertzen diren argazkietatik, % 85 Iruñeko Fototekaren parte dira.
Liburuki honek 75 prentsa-artikulu biltzen ditu, eta, azken hamarkadan idatzi diren arren, askoz ere haragoko bidaia egiten dute. Izan ere, XV. mendetik gerra osteko Iruñera bitarte hartzen dute, erregeordeen aldia edo Napoleonen okupazioa barne hartuta. Egileak hiriko elementuei buruzko berariazko artikuluak ere aurkeztu ditu, hala nola hiriko harresienak edo errotenak, edo zenbait kapitulu ielkarteei buruz, antzinako gremioak kasu. Liburuki honek, II. Zabalgunea eraiki zeneko mendeurrenaren kariaz –iaz bete zen–, azken kapitulu bat eskaini dio hiriko gune zentral horri: bere arkitektoei, garapen-faseei eta eraikin nagusiei. Iruñeko Udalak liburu honen 1.500 ale argitaratu ditu gaztelaniaz eta 700 euskaraz (‘Iruña zaharreko kontuak’), zeina gaur jarriko da salgai 12 euroan. Diseinua aurreko liburukien aurkezpen-, tipografia- eta maketazio-jarraibideekin bat egin da.
Iruña, narrazio luze baten jomuga
Hiria dibulgazioaren bidez ezagutaraztea Udalaren etengabeko lan-ildoa da, eta datuak ikusita, herritarrek horren alde egiten dute. Udalaren eta Juan José Martinenaren arteko lankidetza aspaldikoa eta aberatsa da. Sail hau 2001ean hasi zen. Urte hartan ‘Historias del viejo Pamplona’ liburuaren 3.200 ale argitaratu ziren, gero berriz inprimatu behar izan zen eta bigarren argitalpena ere agortuta dago.
2006an iritsi zen bildumaren bigarren liburukia: ‘Nuevas historias del viejo Pamplona’. Argitara emandako 1.500 aleak berriz ere agortu ziren. Horien ostean, 2011n, ‘Historias y rincones de Pamplona’ atera zen. Hirugarren liburuki horrek 70 artikulu biltzen zituen –Diario de Navarrak eta eskualdeko kultur aldizkariek (‘Pregón’ edo ‘Conocer Navarra’) argitaratuak–, hitzaldi batzuk eta argitaratu gabeko artikulu batzuk. 3.000 aleko tirada ia agorturik dago.
Hiriko historia arina jomuga duten liburu horiez gain, Udalak egile horren beraren lan batzuk argitaratu ditu. Hona horietako batzuk: ‘Escudos de armas en las calles de Pamplona’, 1997an, ‘La Ciudadela de Pamplona, cinco siglos de una fortaleza inexpugnable’ harresi-sistemari buruz berrikiago argitaratua eta ‘El ferrocarril del Plazaola, un tren casi legendario que unió Pamplona y San Sebastián, 1914-1953’, Plazaolaren gaia lantzen duena.
Egilea
Juan José Martinena Ruiz, Iruñean 1949an jaioa, Historian doktorea da Nafarroako Unibertsitatean eta Historiako Errege Akademiako kide urgazlea; 2010ean erretiratu zen arte, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendaria izan zen. Ohiko artikulu-egilea tokiko komunikabideetan, Martinena urte askoan izan da Nafarroako Unibertsitateko Historia Departamentuko irakasle elkartua eta Heraldika eta Genealogiaren Amerikako Akademiako kidea zein Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkartearen fundatzailea.
Hogeitik gora liburu idatzi ditu Iruñeko eta Nafarroako historiari buruz, Gazteluen Adiskideen Espainiako Elkarteko burua da, eta zenbait liburu idatzi ditu beste batzuekin batera. Bere sarien artean aipatzekoak dira Gazteluen Adiskideen Espainiako Elkartearen zilarrezko domina, Nafarroako Unibertsitatearen zilarrezko domina eta Napardi elkartearen Urrezko Oilartxoa.
Mahai-ingurua
Otsailaren 25erako, mahai-inguru bat programatu da, eta bertan Juan José Martinena Ruiz egileak liburuaren kapituluak eta bere orriek biltzen duten hiriko historia aztertuko ditu, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariarekin eta gaian aditu diren beste zenbaitekin batera. 19:30ean izanen da, Ziudadelako Arma Aretoko beheko solairuan. Sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte.