Irisgarritasuna da sanferminetako programa ofizialaren apustuetako bat; izan ere, pertsona guztiek parte hartuko duten jaietan aurrera egitea bilatzen du. Hainbat ekitalditan, prozesioan eta kontzertuetan kasu, dauden egokitutako plataformek, piktograma bidezko seinaleztapenek, braillezko programak, barraken esparruan musikarik gabeko espazioak, Zentzumenen Babeslekua eta auzoetako jarduerek, besteak beste, festa inklusiboa ahalbidetzen dute.
Udalak Sanferminak Iruñean webgunean eskaintzen du irisgarritasunari buruzko informazio guztia. Festetako programa formatu irisgarrietan dago eskuragarri, pertsona guztiek erraz kontsultatu ahal izateko, beren komunikazio beharrak edozein direla ere: badago programa piktogrametan, hitzez esana eta braillean, eta bideo irisgarriak zeinu hizkuntzan, azpitituluekin eta hitzez esanak.
Eraso sexistarik gabe, Iruña aske argibide-gunean material irisgarria dago, eta bertan arreta eta aholku ematen zaie herritar guztiei; etxolak begizta magnetikoa du, eta gurpil-aulkia erabiltzen dutenek albo batetik sartzeko aukera dute. Materialen artean, argibide-liburuxka bideo formatuan ere eskuragarri dago, zeinu hizkuntzan, azpitituluekin eta hitzez esana, eta irakurketa errazeko bertsioan, gaztelaniaz eta euskaraz.
Zentzumenen Babeslekua
Kondestablearen jauregian dago Zentzumenen Babeslekua. Dagoeneko adin guztietako ia mila pertsona igaro dira gune horretatik lehen egunetan. Babeslekua igandera arte (hilak 13) egonen da zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, sarrera doakoa da, eta jende guztiarendako da, desgaitasuna eta hipersentikortasuna dutenek lehentasuna dutelarik.
Espazio inklusiboa eta bizikidetzakoa da, bereziki diseinatua soinu intentsitate baxuko eta giro pausatuko lasaitasun eta gozameneko babesleku bat behar duten pertsonendako. Bost eremu ditu, Patioan, Areto Gotikoan eta sotoan banatuta, eta eremuek bost zentzumenen bidez esploratzera, sentitzera, deskonektatzera, babestera, erlaxatzera eta gozatzera gonbidatzen dute. Parte-hartzaileei arreta emateko laguntza-langileak daude gunean.
Jaia irisgarriagoa egiteko beste apustuetako bat mugikortasun urriko pertsonek jarduerak ikusteko plataformak dira. Aurten Gazteluko plazan eta Foruen plazan kontzertuak ikusteko jarri dira, baita ekitaldi nabarmenetarako ere, prozesioa, adibidez. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra ikusteko ere plataforma irisgarria egonen da Udaletxe plazan. Era berean, barraketan, goizez, hainbat egunetan musikarik gabeko gune bat egonen da. Gaixoa ni ekitaldirako, jaien amaierako emanaldian Navarra Televisión kanalarekin konektatuko da, zeinu hizkuntzako interpretea duena.
Beste eremu batzuk
Foruen plazan, 12 eta 17 urte bitartekoendako bereziki diseinatutako Gazteendako eremuko jarduera asko inklusiboak dira edo irisgarritasun-neurri espezifikoak dituzte, hala nola Espainiako zeinu hizkuntzako interprete bat, altzari irisgarriak eta puzgarri irisgarri bat gurpil-aulkia erabiltzen duten gazteendako.
Media Lunako Kirolari-Sport Kids gunean, egun jakin batzuetan, egokitutako kirolak daude programazioaren barruan, inklusioa sustatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen kirola ikusarazteko. Eta Askatasun plazan, Hauek Festak Hauek! espazioaren barruan, Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten haurrek puzgarrietara sartzeko lehentasuna izanen dute; lehentasun hori behar bezala seinaleztatuta egonen da, piktograma baten bidez, neurria argi identifikatzeko eta denek ikusteko moduan.
Auzoetako jarduerek ere parte-hartzea laguntzen dute, hiriaren erdigunera joan ezin diren pertsonei festa hurbiltzen baitiete.