
Aste Santuko eskola-oporrekin bat eginez, Iruñeko Udalak haurrendako programazio oso bat prestatu du hiriko Civivox sarean, Hans Christian Andersen ezin konta ahala ipuinen idazlearen inguruan. Hark idatziak dira, esaterako, Enperadorearen jantzi berria, Sirenatxoa, Erpurutxo edo Ahatetxo itsusia. Eskola-umeendako jai diren apirilaren lehen asteko egunetarako jardueren artean, zinema, antzerkia, txotxongiloak, ipuin kontalaria eta lantegiak izanen dira.
Proposatutako ekitaldietako batzuk doakoak dira, hala nola ipuin kontalaria eta zinema. Beste batzuetarako sarrera behar da, hala nola txotxongiloetarako eta antzerkirako. Lantegietan, plaza kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko da igandera arte, hau da, martxoaren 24ra arte. Tokiak martxoaren 25ean (astelehena) eginen den zozketa bidez esleituko dira. Interesa dutenek 010 herritarrendako arreta-telefonoaren bidez eman behar dute izena, eta bestela Udalaren www.pamplonaescultura.es/eu webgunean edo Civivox sarean. Jarduera guztiak apirilaren 2tik 6ra bitartean eginen dira hiriko Civivoxetan.
Hiru dira aurrez izena eman beharreko lantegiak. Horietatik bi Lego piezekin eraikitzeko lantegiak dira, eta hirugarrenean eskulanak eginen dituzte. Guztiak 6 eta 12 urte bitarteko haurrendako pentsatuta daude eta jardueraren prezioa 2 eurokoa da. Lehenbizikoa Juslarrocha Civivoxean eginen da apirilaren 3an, asteazkenarekin, eta Erpurutxo ipuinaren ingurukoa izanen da. Izena eman dutenek Lego piezekin eraiki beharko dute Andersenek idatzitako historian Erpurutxori laguntzen dion enara. Apirilaren 4an, ostegunean, Lego piezekin eraikitzeko lantegia Zabalguneko Civivoxera lekualdatuko da eta Enperadorearen jantzi berria ipuinean oinarrituko da. Bertan, ipuinaren zati ezberdinak sortuko dira, bikoteka edo taldeka, eta, horrela, lantegia amaitzean sortutako eszena guztiak ordenan jarriko dira istorioa osatzeko. Apirilaren 5eko (ostirala) lantegia, berriz, Andersenen ipuinetako baten inguruko eskulan-lantegia izanen da, eta jarduerak irauten duen bitartean zuzenean entzun ahal izanen dute ipuina. Kasu honetan, lantegia Milagrosako Civivoxean eginen da.
Jende orori zuzendua
Aste Santuko haur programazio bereziari apirilaren 2an ekinen zaio, asteartearekin, Sanduzelaiko Civivoxeko liburutegian, 18:00etan, 4 urtetik gorako haurrendako pentsatutako ipuin kontaketa batekin. Andersenen jaiotegunarekin bat eginez –apirilaren 2an–, Haur eta Gazte Liburuaren Eguna ospatuko da mundu osoan, eta hori baliatuz, jarduerak Hans Christian Andersenen oinordekoa dela dioen pertsonaia bitxi baten bisita izanen du ardatz. Pertsonaia horrek duela ia 220 urte Danimarkan jaio zen idazlearen hainbat ipuin, pasadizo eta bizipen kontatuko ditu, oraindik ere belaunaldiz belaunaldi igarotzen direnak.
Andersen idazlearenganako hurbilketa orokor horren ondoren, ostegunean, apirilaren 4an, Pato feo txotxongilo-ikuskizuna programatu da, Arbolé Teatro taldeak moldatutako Ahatetxo itsusia ipuin ezagunaren bertsio librea. Mendillorriko Civivoxean izanen da hitzordua, arratsaldeko 18:00etan. Kasu honetan, ikuskizuna 5 urtetik gorako haurrendako da, heldu batez lagunduta. Emanaldiak 3 euro balio du eta aldez aurretik izena eman behar da.
Apirilaren 5ean, ostirala, adin guztietarako zinema-emanaldia izanen da Sanduzelaiko Civivoxean. 18: 00etan hasiko da Richard Slapczynskiren El traje nuevo del emperador animaziozko film luzearen emanaldia. Saioa doan da, baina aurretik izena eman behar da.
Azkenik, larunbatean, apirilaren 6an, Iturramako Civivoxean Irú Teatro Negro konpainiaren El soldadito de plomo itzal eta txotxongiloen antzezlanaren bi emanaldi eginen dira. Ikuskizun bisual horretan, antzerki beltzaren magia eta txotxongiloen bunraku teknikaren bidezko manipulazioa elkartzen dira berunezko soldadutxo ausartaren istorio ezaguna kontatzeko. Lehenengo emanaldia 12:30ean izanen da, gaztelaniaz, eta bigarrena 18:30ean, euskaraz. Bi kasuetan, obra 3 urtetik gorako haurrendako da, heldu batek lagunduta. 3 euro balio du eta aldez aurretik izena eman behar da.
ASTE SANTURAKO JARDUERAK
Ipuin kontalaria: Andersenen? bisita Sanduzelaiko Civivoxa. Apirilak 2, asteartea, 18:00. 4 urtetik gorakoendako. Sarrera librea, leku guztiak bete arte.
Txotxongiloak: Pato feo. Mendillorriko Civivoxa. Apirilak 4, osteguna, 18:00, 5 urtetik gorakoendako, heldu batek lagunduta. Prezioa: 3 euro, aldez aurretik izena emanda.
Zinema: El traje nuevo del emperador Sanduzelaiko Civivoxa. Apirilak 5, ostirala, 18:00. Adin guztietarako. Sarrera librea, aurretik izena emanda.
Antzerkia: Berunezko soldadutxoa Iturramako Civivoxa. Apirilak 6, larunbata, 12:30 (gaztelaniaz) eta 18:30 (euskaraz). 3 urtetik gorakoendako, heldu batek lagunduta. Prezioa: 3 euro, aldez aurretik izena emanda.
Lantegiak:
- Erpurutxo Lego piezekin eraikitzeko lantegia. Juslarrocha Civivoxa. Apirilak 3, asteazkena, 12:00 – 13:30. Adina: 6 eta 12 urte bitarte. Prezioa: 2 euro, zozketa egin aurretik izena emanda. Izena emateko epea martxoaren 24ra arte.
- Enperadorearen jantzi berria. Lego piezekin eraikitzeko lantegia. Zabalguneko Civivoxa. Apirilak 4, osteguna, 12:00 – 13:30. Adina: 6 eta 12 urte bitarte. Prezioa: 2 euro, zozketa egin aurretik izena emanda. Izena emateko epea martxoaren 24ra arte.
- Kontatu eta sortu (Andersen). Eskulanak Milagrosako Civivoxa. Apirilak 5, ostirala, 12:00 – 13:30. Adina: 6 eta 12 urte bitarte. Prezioa: 2 euro, zozketa egin aurretik izena emanda. Izena emateko epea martxoaren 24ra arte.