Iruñeko Udalak 17.907,62 euroz lagundu ditu zortzi inbertsio autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoko instalazioak egiteko hiriburuko familia bakarreko etxebizitzetan (autokontsumo indibiduala) eta etxebizitza-eraikinetan (autokontsumo indibiduala edo partekatua). Kopuru horrek sei aldiz biderkatzen ditu 2019an eman ziren 2.932,50 euroak. Joan den ostiralera arte egin zitezkeen eskabideen artean, hiriko autokontsumo partekatuko lehen instalazioa dago.
Iruñeko Udalak autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoko instalazioetan inbertsioak egiteko abiatu dituen dirulaguntzei esker hiriko autokontsumo partekatuko lehen instalazioa gauzatu da. Proiektu hori aitzindaria da estatu mailan, etxebizitza-multzo bateko zortzi jabeak elkartu baititu energia sortzeko instalazio bat partekatze aldera. Hori horrela, Iruñeak apustu egin du hiri-mailan energia berriztagarriak bultzatzeko eta baliabide berriztagarri banatuak sortzeko funtsezkoa izanen den garapenaren alde.
Banakako beste zazpi instalaziok ere jaso dute deialdiaren dirulaguntza aurten Iruñean. Urrats horri esker etxe horiek kontsumitzaile hutsak izatetik “prosumitzaileak” edo kontsumitzaile aktiboak izatera pasa dira, eta kontsumitzen duten energia elektrikoaren zati bat sor dezakete. Energia horren portzentaje bat sare elektrikoarekin partekatu dezakete, eta hori ekonomikoki konpentsatu hilabeteko beste ordu batzuetan, zeinetan ez duten euren etxebizitzek sortutako energia berriztagarririk. Iruñeak herritarrek egindako era horretako 13 instalazio ditu gaur egun. Horietatik 11k jada Udalak urtero abiatzen dituen laguntzak jaso ahal izan dituzte.
Iruña, autokontsumo fotovoltaikoaren alde egiten duen hiria
Iruñeak 675 kW-ko potentzia instalatua du jada autokontsumo fotovoltaikoan. Egun, instalazio horien % 15 Udalarena da, eta % 30, Gobernuarena. Horrek argi uzten du administrazio publikotik instalazio horiei emandako bultzada.
Iruñeko Udala abiatzen ari den azken instalazioa Iratxeko Monasterioaren kaleko udal-eraikinean dago, eta instalatutako potentzia % 25 handituko du. Energia fotovoltaikoa sortzeko mikrosare bat da, hein batean Stardust proiektu europarrak finantzatuta, eta Cener-ek garatutako sistema baten bidez kontrolatuko da. Instalazio hau Udalaren handiena bilakatuko da bai sareko salmenta-modalitatean bai autokontsumoan. 266 eguzki-panel ditu eta guztizko potentzia 78 kW-koa da. Haien bidez, autokontsumorako energia elektrikoa sortuko dute, eraikinaren guztizko eskariaren % 10-15 bitarte asetzeko.
Iratxeko Monasterioaren kaleko eraikinekoa Udalaren seigarren autokontsumoko instalazioa izanen da, eta sareari energia saltzeko dauden 24 instalazioei gehituko zaie. Iruñeko Udalak energia mota honen alde egindako apustua lehen aldiz 2001ean gauzatu zen, orduan abiatu baitzen merkatura saltzeko hiriko lehen instalazio fotovoltaikoa. Merkatura saltzeko ekoizle gisa legalizatu ziren lehen instalazioen instalazio-kostua 7-10 € / kWp eurokoa izan zen. Datu horren bilakaera beherakorra izan da, eta azken horien kostua 2 € / kWp-etik beherakoa izan da. Kostuen beherakada horri esker azken instalazioak handiagoak izan daitezke eta sortzen duten energiaren kostua merkeagoa da: 6 zentimo / kWh. Horrek lehiakorragoak egiten ditu energia sortzeko beste teknologia batzuen aurrean, eta oso interesgarriak autokontsumoaren ikuspegitik; izan ere, energia erostea kostu horren bikoitza izan daiteke.
Energia garbia, hiriari irabaziak ematen dizkiona
Instalazio mota horiek abiatzeak ondorio positibo zuzenak ditu bai sustatzaileentzat bai hiriarentzat. Hornidura-puntu mailan aurrezkia dakar faktura elektrikoan, energia berriztagarria modu deszentralizatuan sortzea eta etxebizitzendako erresilientzia handiagoa merkatu elektrikoen gorabeheren aurrean. Hiri mailan, energia berriztagarri gehiago sortzea lortzen dute, kanpoko energia-menpekotasuna murriztuz eta diru-sarrerak eta jarduera ekonomikoa eraginez.
Hirian energia garbia sustatzea ‘Go Green Iruña’ proiektuaren helburuetako bat da, zeinak hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak barne hartu eta datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zedarritzen baititu, haiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz.