Iruñeko Udalak ingurumen- eta gizarte-esparruko zerga-pizgarri berriak sartuko ditu tributuen eta prezio publikoen araudian, prentsaurrekoan Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariak azaldu dutenez. Prezio publikoak erregulatzeko arauak eta zerga-ordenantzak moldatzeko aurreproiektua goizean aurkeztu zaio Tokiko Gobernu Batzarrari, kontsulta eta informazio publikorako prozedura hasteko, Tokiko Gobernu Batzarrean eta Lehendakaritza Batzordean proiektuaren ohiko izapidea egin aurretik. Aurreproiektuaren arabera, Iruñeko Udalak EKO eta “0 isurketa” motako ibilgailuen zergari hobaria emanen dio, eta “0 isurketa” motakoak, gainera, eremu urdinean ordaintzetik salbuetsiko ditu.
Halaber, babespeko apartamentuetako errenta zaurgarrietarako tarifak murriztuko ditu tarte bakoitzaren araberako tarifak jarriz, baita ere Joaquín Maya Musika Eskolan eta Catalina de Oscáriz Arte eta Ofizioen Eskolan, familia-unitatearen diru-sarreren arabera. Beste neurri batzuk honako hauek dira: hutsik dauden etxeetako zerga-tasa murriztea; eta familia gurasobakarraren kontzeptua, betebeharrak zein akreditazioa sartzea, familia gurasobakarrak Nafarroako Foru Komunitatean akreditatzeko 5/2019 Foru Legearekin bat. 2020an Udalak 24 zerga-ordenantza izanen ditu guztira, ibilgailuen gaineko zergaren hobariak jasotzeko berri bat, eta prezio publikoak erregulatzeko 15 arau.
2020rako ez da aurreikusi zergak, tasak eta prezio publikoak igotzea
Tarifak berrikusteko irizpide orokorrari dagokionez, 2020rako Udalak ez du aurreikusi zergak, tasak eta prezio publikoak igotzea, tarifa zehatzen bat berrikusi ahal badu ere, hala nola alderdi politikoek udalaren guneak erabiltzekoa eta bisita gidatu antzeztuenak, produktuak banatuz gero.
Ildo berean, hiri-kontribuzioaren karga-tasa eguneratzean ez da zerga-presioa igo nahi, baizik eta kontribuzioaren guztizko bilketa mantendu, hiriko etxeen katastro-balioan balio-galera orekatu nahian. Horrela, bada, karga-tasa proportzionalki aldatuko da antzinatasunaren araberako galerarekin bat, zergadunak 2019an ordaindua zuen antzeko kopuruari eutsita. Irizpide hori aurreko urteetan aplikatutako berbera da.
EKO eta “0 isurketa” motako ibilgailuak babestuz, jasangarritasuna bultzatzea
EKO eta “0 isurketa” direlako ibilgailuek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren akreditazioa eduki beharko dute, eta udalaren erroldetan horrela adierazita egon beharko da. Gainera, “0 isurketa” motako ibilgailuek ez dituzte eremu urdineko tasak ordaindu beharko. Udalak hobari hauek Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergatik (zirkulazio-zerga deitu ohi dena) hartu ditu, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeak ematen dion eskumenarekin bat, urtarrilaren 24ko 3/2019 Foru Legeak egindako moldaketaren ondotik. Jasangarritasuna bultzatzeko helburu bera izanik, Iruñeko Udala jorratzen ari den neurri berrietako bat zerga-pizgarri bat sustatzea da, pixka bat bada ere, mota honetako ibilgailuak eskuratzeko gainkostua konpentsatzeko.
Prezio publikoak erregulatzeko arauak eta zerga-ordenantzak moldatzeko aurreproiektuak hutsik dauden etxeetako zerga-tasa murriztea ere proposatzen du, Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak aurreikusitako gutxiengoraino. Foru-zerga horrek Pertsona fisiko eta juridikoak zergapetzen dituela aintzat hartuta ezarri da neurri hori, eta, behin Nafarroako Gobernuak etxebizitza hutsen erregistroa zehaztuta, subjektu pasibo guztiei aplikatuko zaie berdin-berdin, bai zenbait etxeren jabeei bai etxe bat duten partikularrei.
Adinekoentzat babespeko apartamentuetako tarifen murrizketa planteatzen da, zerga-berdintasunagatik eta konfiskatzea ekiditeagatik. Bi neurri hartuko dira. Alde batetik, tarifa kalkulatzeko erreferentziako errentari 100 euro kenduko zaizkio hilean, etxebizitza komunitarioetan aurreikusten den bezala. Bestetik, zerga-progresibitateko irizpidea aplikatuko da, indarrean dagoen proportzionalitasunaren ordez, funtzionaltasun-arazoak baitakartza, hain zuzen, tarte baxuenetako mugetan dauden errentetarako.
Familia gurasobakarra kontzeptua sartzen da, eta per capita diru-sarrerak kontzeptua moldatzen
Oro har, zerga-edukiak dituzten arauen zein ordenantzen testuetan, familia gurasobakarraren kontzeptua, betebeharrak zein akreditazioa sartuko dira, familia gurasobakarrak Nafarroako Foru Komunitatean akreditatzeko otsaileko 7ko 5/2019 Foru Legeak ezartzen duenarekin bat.
Hasierako proposamen honetan jasotzen diren beste gaietako bat per capita diru-sarrerak kontzeptua aldatzeko prozedura hastea da, bai tarifak aplikatzeko bai murrizketetarako, diru-sarrerak familia-unitateko kide kopuruaren arabera aintzat hartuz. Prozedura 2020an garatuko da sakonkiago. Joaquín Maya Musika-Eskolako zein Catalina de Oscáriz Arte eta Ofizioen Eskolako prezioak berrikusten hasiko da.
Gaur Tokiko Gobernu Batzarrak aurreproiektua onetsi ostean, kontsulta eta informazio publikoetarako prozedurari emanen zaio hasiera, www.pamplona.es udal-webgunearen bidez, bai neurriek uki ditzaketen pertsona eta erakundeentzat bai ekarpenak egin nahi dituen edonorentzat. Epemuga irailaren 9a izanen da. Horrela herritarren parte-hartzea bermatzen da hasierako fase honetan, araudian aurreikusitakoarekin bat. Behin epea amaituta, moldaketen proiektua prestatuko da, eta izapideak Gobernu Batzarrean zein Lehendakaritza Batzordean jarraituko du, Osoko Bilkuran eztabaidatu aurretik. Ondoren, behin moldaketa-proposamena Osoko Bilkuran behin-behinean onetsita, jendaurreko informazio eta entzunaldiko izapide berria hasiko dira, behin betiko onespenaren aurretik alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko.