Iruñeko Udalak indarkeria digitala deuseztatzeko lan eginen du, haren eraginpean baitago munduko emakumeen % 73a, bereziki gazteak

Iruñeko Udalak indarkeria digitala deuseztatzeko lan eginen du, haren eraginpean baitago munduko emakumeen % 73a, bereziki gazteak
‘Indarkeria matxista digitalak baditu ondorio errealak’ eta horregatik, Udalbatzak elkarretaratzea eginen du Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Udalbatzako kideak eta Udaltzainburua gaur goizean elkarretaratu dira Udaletxe plazan: Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara,‘Indarkeria matxista digitalak badituela ondorio errealak” dituela gogorarazi dute. Herritarren Aferen Batzordeko gaurko edukien artean, Nafarroako toki- eta lurralde-entitateek sinatutako manifestuarekin bat egin du Udalak.

 Adierazpenean honako hauek aldarrikatzen dira, besteak beste: indarkeriarik gabeko mundu bat, non emakumeak eta neskak beldurrik gabe, askatasunez eta eskubideen berme osoz bizi daitezkeen; izan ere, indarkeria matxista “aldatu, eta garaietara egokitzen da”, eta  emakume gazteei eta espazio publikoan parte hartzen dutenei eragiten die bereziki.

Adierazpena Gurutze Larrayoz Ezpeleta eta Loregi Eguino Sasiain teknologia berriei buruzko eta genero-arrakala digitalaren aurkako EMATIC zentroko erabiltzaileek irakurri dute, bai eta Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak ere. Irakurketaren ondoren dramatizazio txiki bat egin dute, T-Diferencia: – Escena Navarra emakumeen antzerki-kooperatibako hiru aktoreren eskutik, eta hiru adin-tarteri eragiten dieten diskurtsoen adibideak jarri dituzte. Aktore hauek hartu dute parte Maite Redin Orzaiz, 50 eta 60 urte bitarteko emakumeendako; Ainhoa Ruiz Aisa, 35 eta 45 urte bitartekoen ordezkari gisa eta Enara Urra Albizu, 15 eta 25 urte bitarteko gazteendako. Parte-hartze guztiak zeinu-hizkuntzako interprete batek zeinatu ditu.

Oraingoan, Iruñeko kanpainaren kartelak ‘QR’ kode bat du: hura eskaneatu eta  https://mequierolibre.pamplona.es/eu/ webgunean dagoen inprimaki batera bideratzen ditu herritarrak. Bertan, nahi dutenek, hausnarketak, egunari buruzko mezuak edo jardunaldiak piztu dizkion eskakizunak uzten ahal dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Parte hartzen dutenek mezu elektroniko bat jasoko dute mezua heldu dela baieztatzeko. Halaber, gaur morez argiztatuko dira Karlos III.aren etorbideko argiak, Udaletxeko fatxada eta Gazteluko plaza.
Hilabete honetan indarkeria matxisten aurkako argibide-guneak (puntu moreak) jarriko dira hainbat espazio publikotan eta Udaleko eta beste entitate batzuetako zerbitzuetan.

Indarkeria interneten: lau emakumetik hiru 
NBEk adierazi duen bezala, mundu mailan emakumeen % 73k baino gehiagok jasan izan du indarkeria Interneten, eta 18 eta 24 urte bitarteko neska gazteek jazarpen, sexu-jazarpen eta mehatxu fisikoak jasateko arrisku handia dute. Europar Batasuneko 28 herrialdeetan, bederatzi milioi emakumek jasan dute indarkeria online 15 urte zituztenetik.

Indarkeria digitala lehentasunez txertatu da Genero-indarkeriaren kontrako Estatu Itunean, ‘teknologia berrien, ingurune digitalen, sare sozialen edo Interneten bidez eragindako indarkeria matxistako jokabideak biltzen dituen eta garatzen ari den kontzeptu bat baita’. Era askotara agertzen da: ziberjazarpena eta gorroto-diskurtsoak, bikotearen kontrol digitala, onartu gabeko sextinga, groominga, sextortsioa, deepfake delakoaren bidez irudiak manipulatzea edo "mendeku-pornografia" delakoa. 

Udalak, gainontzeko toki- eta lurralde-entitateekin batera, konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria digitala indarkeria matxista gisa onartu eta indarkeria matxista digitalaren prebentzioa, detekzioa, arreta eta erreparazioa sustatzen duten tokiko politika publikoak ezartzeko. Adierazpenak gizarte osoa gonbidatzen du “rol aktiboa har dezan ingurune digital, benetan askea, berdintasunezkoa eta segurua eraikitzeko. Konpromiso kolektiboaren bidez bakarrik lortzen ahalko dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea”.

Prebenitzea, identifikatzea eta deuseztatzea 
Datuen arabera, indarkeria digitalaren biktima izan diren emakumeen % 28k Interneteko jarduera nahita murriztea erabaki dute, eta sexu-edukia duten irudi intimoak baimenik gabe zabaltzen dituztenen biktimen % 90 emakumeak dira. Askatasuna, osotasun fisikoa eta morala, berdintasuna eta duintasunarekin lotutako oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, indarkeria mota hori haratago doa eta emakume gazteei eta espazio publikoan parte hartzen dutenei eragiten die bereziki, genero-desberdinkeriak areagotuz.

Hala, indarkeria birtualak ondorio nabariak ditu milaka emakumeren osasunean (antsietatea, depresioa...), segurtasunean eta bizi-aukeretan, autozentsuratu eta gune digitalak uztera behartuta baitaude. Horri guztiari aurre egiteko, Udalak berariazko konpromisoa hartu du esparru horretan lan egiten duten profesionalen prestakuntza indartzeko (polizia, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna, etab.), indarkeria digitaleko kasuak goiz eta eraginkortasunez antzeman eta azkar eta eraginkortasunez jokatu ahal izan dezaten, eta indarkeria digitalaren biktima diren emakumeen arretarako baliabide eta protokolo espezifikoak bultzatuko ditu.

Gainera, Udalak herritarrei, bereziki gazteei eta nerabeei, zuzendutako sentsibilizazio- eta prestakuntza-kanpainak sustatuko ditu, genero-ikuspegia abiapuntu hartuta teknologien erabilera arduratsu eta segurua jorratzeko,  eta, era berean, indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko espazio digitalak bultzatuko ditu, ikastetxeekin, komunikabideekin eta komunitate-eragileekin elkarlanean. Azkenik, adierazpenean Udalak adostu du beste erakunde, sare, elkarte eta mugimendu feminista batzuekin lankidetzan aritzea, indarkeria matxista digitala desagerrarazteko bidean modu koordinatuan aurrera egiteko.

Argibide-gune moreak
Azaroan indarkeria matxisten aurkako argibide-guneak gaituko dira hainbat civivoxetan. Gune espezifiko horietan genero-indarkeriako egoeran dauden emakumeek edo halako egoera batean dagoen emakume bat ezagutzen dutenek nora jo behar duten jakiteko argibideak emanen dira eta indarkeriaren aurkako baliabideak erakutsiko zaizkie, bai Iruñeko Udalak bultzatutakoak, bai beste erakunde batzuenak. Esaterako, Larrialdietarako 112 eta Udaltzaingoaren 092 telefonoak, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua – EUAZ (948420940 telefonoa edo smam@pamplona.es), Nafarroako Gobernuaren Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroak (SIAIZ) (848463999 caivs@fundaciongizain.es), Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoa (848423376 telefonoa eta ofidel@navarra.es) eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren Emakumeendako Laguntza Juridikoko Zerbitzua (948221475 telefonoa).

Informazioa civivoxetan egonen da eskuragarri, horretarako gaitutako puntuetan, EUAZen eta auzo-unitateetan ere, baita beste udal-zentro batzuetan ere, hala nola Emakumeen Etxean eta Gaztediaren Etxean. Asmoa da modu eroso eta praktikoan informazioa helaraztea indarkeria-egoeratan dauden emakumeei, baina baita informazio hori etorkizunean egoera horietan egon daitezkeenek edo baliabide horiek behar dituzten emakumeak ezagutzen dituztenek erabiltzeko ere.
 

¿Te ha sido útil esta página?