Iruñeko Udalak ibilgailu elektrikoendako 34 kargagune berri abian jarri ditu aste honetan hiri osoan zehar

Iruñeko Udalak ibilgailu elektrikoendako 34 kargagune berri abian jarri ditu aste honetan hiri osoan zehar
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak Premin de Iruña pasealekuan, ospitalegunearen ondoan, dagoen kargagunea bisitatu dute gaur
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak ibilgailu elektrikoendako 34 kargagune berri abian jarri ditu aste honetan hiri osoan zehar, egun dauden 12en osagarri. Hala, Iruñeak guztira 46 kargagune izanen ditu bide publikoan, eta horrela mota horretako azpiegitura-kopurua asko handituko da, ibilgailu elektrikoak kargatzeko egungo eta etorkizuneko eskaerari aurre egiteko asmoz. 34 kargagune berriak hiriko 12 tokitan instalatutako 17 karga-zutoinetan banatuko dira.

Horrela, Iruñeak aurrerapauso handia emanen du azpiegitura horren garapenean, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko erabilera publikoko zerbitzu onenak dituen Espainiako hirietako bat izanen da. Ekintza hori ‘Go Green Iruña’ estrategiaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak.

Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek gaur goizean bisitatu dute Premin de Iruña pasealekuko kargagunea. Bertan kargatzeko 2 zutoin daude, horietako bat karga azkarrekoa da eta gehienez ere 50 kW kargatzeko aukera ematen du, eta besteak, erdi azkarrekoak, gehienez ere 22 kW kargatzen du. Bi zutoinek ibilgailu elektrikoetarako bi kargagune dituzte, eta horrela 4 ibilgailu karga daitezke bertan aldi berean.

34 kargagune berrien kokapena

34 kargagune berriak hiri osoan zehar banatutako hamabi puntutan edo kargagunetan kokatu dira. Guztira, 12 kargagune horietan karga azkarreko 6 zutoin daude, eta 11 karga erdi azkarrekoak.

Vilalta Corporación SA enpresa emakidadunak instalatu du kargagune elektrikoko sistema hori, eta hark kudeatuko du, bat eginez Iruñeko Udalak zuzenean kudeatzen dituen beste 3 kargagunerekin. Autobus-geltokiko taxi-geralekuan (Yanguas y Miranda kalean), Sanduzelaiko Civivoxaren ondoan (Gortari Doktorearen kalean) eta Buztintxuri ikastetxe publikoaren ondoan (Víctor Eusa kalean) daude. Gune horiek ondoko eraikinek elikatuko dituzte, horietatik bik dagoeneko energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak dituzte, eta hirugarrenean, Civivoxean, nola gehitu aztertzen ari dira.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune horiei Iberdrola Clientes enpresak kudeatzen dituen beste hiru gehitu behar zaizkie (San Ignazio, Ezkirotz eta Arcadio María Larraona kaleetan).

Kokalekuak aukeratzeko aintzat hartu dira ibilgailuen joan-etorriak eta etxebizitza zein saltokiekiko gertutasuna

Karga azkarreko kargagune berriak hiriko bide-lotunerik garrantzitsuekiko gertutasuna kontuan hartuta aukeratu dira, Iruñean zehar ibiltzen diren zein bertatik pasatzen diren ibilgailu elektrikoei zerbitzua emateko xedez. Kargagune erdi azkarrak biztanle-dentsitate handiko bizitegi-eremuetan daude eta establezimendu- edo jarduera-dentsitate handiko eremuetan, beraz, zerbitzua emanen diete auzotarren ibilgailu elektrikoei edo horra aisia-tokietara, erosketetara edo lanera doazenenei.

Kargaguneak osatuta daude espaloian edo aparkatzeko tokietatik gertu dauden espazioetan jarritako karga-zutoinekin eta zutoin bakoitzeko baterian aparkatzeko 2 tokirekin, non karga elektrikoa eginen duten ibilgailuek aparkatuko baitute. Leku horiek behar bezala seinaleztatu dira irudi grafiko berri batekin, bertikalean zein horizontalean, argi eta garbi identifikatu daitezen. Nafarroan Ingeteamek (Sarrigurengo Berrikuntza Hirian egoitza duen enpresa teknologiakoa) egin eta banatu ditu zutoinak, eta Iruñeko Udalaren marka korporatiboa eta haren “Go Green Iruña” marka ageri dira horietan.

Udalak ezarritako gehieneko prezioak, eta kudeaketa app baten bidez

Sistema berri honetan karga elektrikoa egiteko ezarri diren prezioek bermatuko dute ibilgailu elektrikoa duten guztiek zerbitzua erabili ahal izatea. Tarifak 20 eta 44 zentimo kilowatt orduko bitartekoak izanen dira, kontsumitzailearen profilaren arabera, eta kopuru horiek apur bat murriztuko dira karga gauez egiten bada. Gutxieneko karga bi euro eta erdi eta hiru euro artekoa izanen da. Sisteman alta ematea nahiz kargen kontratazioa eta ordainketa enpresa emakidadunak erabiltzaileen eskura jarri duen aplikazio baten bidez (Pamplona EVCharge) eginen dira. App horri esker kargaguneen okupazioa kontsultatu, kargatzeko erreserbak aurrez egin eta intzidentzien berri eman daiteke, eta 24 orduko arreta zerbitzua du.

Vilalta Corporación SA enpresa, emakidaren adjudikaziodun gisa, kargatzeko zutoinak instalatzeaz arduratu da, eta zerbitzuaren ustiapenaz lehen zortzi urteetan. Enpresak bere gain hartu ditu sistema abian jartzeko beharrezkoak diren gastu eta inbertsio guztiak, baita ondorengo kudeaketa- eta mantentze-lanak ere, eta Iruñeko Udalari urteko kanona ordainduko dio gune publikoa erabiltzearen truke. Kanona urtean erabiltzaileek zerbitzu horietan ordaintzen duten zenbatekoaren araberakoa izanen da. Emakida amaitzean kargaguneak Udalaren eskuetara itzuliko dira.

Beste pauso bat mugikortasun elektrikoa eta energia garbiak bultzatzeko

Erregai fosilak energia berriztagarriekin ordeztu eta CO2-ren isurketak murriztearen aldeko apustuan, bide publikoan ibilgailu elektrikoendako kargaguneei Udalak baimendutako txandakako lurrazpiko aparkalekuetako 23 harguneak gehitu behar zaizkie, horiek ere erabilera publikokoak baitira. Horietatik 12, Nafarroako Ospitaleguneko aparkalekuan daude; 2, Zezen plazan; 5, Nafarroako Blancako aparkalekuan, eta 4, Gazteluko plazan. Udan kargatzeko 60 hargune egonen dira, erabilera publikokoak eta Udalaren jabetzakoak.

Ibilgailu mota horren garapena argia da, Udalak hori sustatzearen aldeko apustuarekin bat. 2011az geroztik doan aparkatzeko 336 txartel gorri egin dira ibilgailu jasangarri mota honetarako, eta horietatik 157, bakarrik, 2020an egin ziren.

Garraioko isuriak murriztea Udalaren apustu estrategikoa da, “Go Green Iruña” ekimenaren bidez lantzen dena, Iruñeko 2030 Hiri Agenda oinarri duena, zeinaren lehen dimentsioa baita “Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua”, eta horren helburuak aurkeztu berri den hirirako 2030 Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategian gauzatu dira. Errekuntza arrunteko ibilgailuak pixkanaka ibilgailu elektrikoekin ordeztea, eta eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletaz eta garraio publikoa erabiliz egitea bultzatzen duten neurriak lagungarri dira klima-aldaketa saihesteko eta hiri garbi eta osasungarria bermatzeko.

Ibilgailu elektrikoendako kargagune berrien kokalekua

Iruñeko Udalak zuzenean kudeatutakoak:

  • Autobus-geltokia (Yanguas y Miranda kalea). Azkarra, 50 kW
  • Sanduzelaiko Civivoxa (Gortari doktorearen kalea). Erdi azkarra, 22 kW
  • Buztintxuri Ikastetxe Publikoa (Víctor Eusa kalea), erdi azkarra, 22 kW

Vilaltari adjudikatutako administrazio-emakidaren bidez kudeatutakoak:

  • Txantrea (Kanalea kalea). Kargagunea: Azkarra, 50 Kw
  • Txantrea (Villafranca kalea).  Kargagunea: Erdi azkarra, 22 kW.
  • Erripagaña (Madril kalea). Kargagunea: Azkarra, 50 kW
  • Sadar-eremua (Zolina kalea). Kargagunea: Azkarra, 50 kW
  • Ospitalegunea (Premín de Iruña pasealekua, Ospitaleen ondoan). Kargagunea: Mistoa, 22 kW + 50 kW
  • Donibane (La Olivako Monasterioaren kalea). Kargagunea: Mistoa, 22 kW + 50 kW
  • Sanduzelai (Iruñeko tren-geltokia). Kargagunea: Mistoa, 22 kW + 50 kW
  • Zabalguneak (Nafarroako Blanca plaza). Kargagunea: Erdi azkarra, 22 kW.
  • Zabalguneak (Paulino Caballero kalea). Kargagunea: Erdi azkarra, 22 kW.
  • Zabalguneak (Galizia etorbidea). Kargagune bikoitza: Erdi azkarra, 22 kW x 2
  • Iturrama (Eneko Aritza kalea). Kargagunea: Erdi azkarra, 22 kW.
  • Arrotxapea (Arga ibaiaren kalea). Kargagune bikoitza: Erdi azkarra, 22 kW x 2

Iberdola Clientes enpresarekin egindako hitzarmen baten bidez kudeatutakoak:

  • Zabalguneak (San Ignazio kalea)
  • Iturrama (Ezkirotz kalea)
  • Mendebaldea (Arcadio María Larraona kalea)

 

¿Te ha sido útil esta página?