Iruñeko Udalak omenaldia egin die gaur goizean 2023an erretiroa hartu zuten udal funtzionarioei. Joan den urtera arte udal administrazioan –dela Udalean bertan, dela beste erakunde batzuetan, hala nola Haur Eskoletan edo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan– lan egin zuten 35 gizon eta 16 emakumeren lana aitortu da.
Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan da ekitaldiaren buru, eta bertan izan dira halaber, Garbiñe Bueno alkateordea –Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkari ere bada–, baita Udalbatzako kideak ere. Joan den urtean erretiratu ziren hogeita hamar bat pertsona horietatik omenaldira bertaratu direnei, Udalean egindako lanaren oroigarri gisa, Udaletxeko fatxadaren zilarrezko erreprodukzioa eman zaie, beren izen-abizenekin eta Udaletxean emandako zerbitzu-urteekin, bai eta hori egiaztatzen duen diploma bana ere.
Bere hitzaldian, Iruñeko alkateak udal-langile gisa egindako lana eta profesionaltasuna eskertu dizkie, “gurea bezalako hiri bat kudeatzea ahalbidetu dutelako. Zuen bizi- eta lanbide-historiak udal honen historiaren parte dira”.
Misael Lacasta biolontxelo-jotzailearen musikak girotu du ekitaldia, Johann Sebastian Bachen 1. suiteko preludioa eta Pau Casalsen El canto de los cisnes lana interpretatuta. Ekitaldian, minutu bateko isilunea egin dute, halaber, Iruñeko Udalean lan egiten zuten edo lan egin zuten eta 2023an hil ziren 23 langileen oroimenez.