Iruñeko Udalak ia 600 hautetsontzi garbitu ditu eta maiatzeko udal-hauteskundeetarako eta autonomia-erkidegokoetarako beharko den hautes-materiala prestatzen ari da

Iruñeko Udalak ia 600 hautetsontzi garbitu ditu eta maiatzeko udal-hauteskundeetarako eta autonomia-erkidegokoetarako beharko den hautes-materiala prestatzen ari da
Gizarte Enpleguak, Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldearen bitartez, lau gizon eta bi emakume kontratatu ditu lau hilabetez lan horiek egiteko
Irudia
Irudia
Irudia

Otsailean abiatu dira maiatzeko udal-hauteskundeetarako eta autonomia-erkidegokoetarako hauteslekuetan instalatuko den materiala prestatzeko lanak. Iruñeko Udalak, Gizarte Enpleguaren bitartez, sei pertsona kontratatu ditu, lau gizon eta bi emakume, hauteskunde-egunerako dena prest egon dadin egin beharreko lanak egiteko.

Kontratatutako sei pertsonak Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldeak (EISOL) hautatu ditu eta enplegagarritasun baxuko profilak eta 55 urtetik gorako pertsonak lehenetsi dira, beren kotizazio denbora osatu ahal izateko. Peoi-kontratua dute, lanaldi osoan eta jarraituan. Kontratuak iraunen duen lau hilabeteetan zehar, otsailetik ekainera bitarte, hainbat eginkizun beteko dituzte. Besteak beste, botoak sartuko diren 600 hautetsontziak garbitu eta konpontzea; hauteslekuetan banatuko diren botoaren pribatutasuna bermatzen duten 120 kabinak gainbegiratu eta konpontzea, eta bozkatzeko espazioak antolatzeko hautesleku jakin batzuetara eraman beharreko ehun mahairen mantentze-lanak egitea.

605/1999 Errege Dekretuak, apirilaren 16koak, hauteskunde-prozesuen arautze osagarriari buruzkoak, ezartzen du Espainiako Gobernuak –bere ordezkaritzen eta ordezkariordetzen bitartez– hautetsontziak eman behar dizkiela eskualdeko hauteskunde batzordeei. Eta haiei dagokiela horiek muntatu eta zigilatzea. Udaletako idazkariak eskualdeko hauteskunde batzordeen ordezkariak direnez, lan hori udalek egiten dute. Horregatik udalerrien ardura da hauteskunde desberdinetan erabiltzen diren hautetsontziak zaintzea. Hasiera batean, datozen udal-hauteskundeetan eta autonomia-erkidegokoetan errolda 279 hauteskunde mahaietan banatuko da eta mahai bakoitzean bi hautetsontzi egonen dira, atal zehatz bakoitzeko hautesle kopurua banatzeko.

Hauteskundeen data hurbildu ahala, sei pertsona horiek garbitutako, gainbegiratutako eta zigilatutako materiala hiriko eraikinetan edo instalazio publikoetan gaituko diren hauteslekuetara eraman eta muntatzeko-lanetan lagunduko dute. Halaber, hauteskundeak amaituta, erabilitako elementu guztiak jasoko dituzte Udalak berriz ere hurrengo hauteskundeetara arte gorde ahal izateko.

¿Te ha sido útil esta página?