Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Itxaropenaren Telefonoarekin 65 urtetik gorakoei zuzendutako laguntza psikologikoa emateko programa bat garatzeko

Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Itxaropenaren Telefonoarekin 65 urtetik gorakoei zuzendutako laguntza psikologikoa emateko programa bat garatzeko
Xedea da COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioak gainditzen laguntzeko doako zerbitzu kualifikatu bat eskura jartzea
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Itxaropenaren Telefonoarekin 65 urtetik gorakoei zuzendutako laguntza psikologikoa emateko programa bat garatzeko. Aurkezpenean, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Teresa Gil Nafarroako Itxaropenaren Telefonoa Elkarteko lehendakariak parte hartu dute. Era berean, prentsaurrekoan egon dira María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzia, Patricia Díaz programako psikologoa eta Txema Arzoz elkarteko boluntarioa. Udalak 20.000 euro eman ditu ekimenerako, eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak ere dirulaguntza eman du.

Hori horrela, Udalak ekarpena egin nahi du Iruñeko 65 urtetik gorakoen bizitza emozionalaren kalitatea hobetzeko, eta horretarako doako zerbitzu kualifikatu bat jarriko die eskura, COVID-19ak eragindako osasun-egoerari lotutako emozio-ondorioei aurre egiten laguntze aldera. Baliabide berri honekin, okerren pasatzen ari direnengan eragin nahi da, eta pandemiak sortutako ondorioen inguruan sentsibilizatu. Besteak beste, helburuen artean daude laguntza ematea osasun-krisiak eragindako estresaren kudeaketan eta pertsonen arteko urruntzean, eta bizi-kalitatea hobetzeko estrategiak ematea.

Programa “Udalak ikuspegi ikuspegi soziosanitario eta komunitario batekin abiatzen duen lehen proiektua da, Osasuneko Lehen Mailako Arretako zerbitzuekin eta Gizarte Zerbitzuekin lankidetza estuan”, alkateak aurkezpenean adierazi duen gisan.

Laguntza pertsonalizatua edo taldekakoa, eta lantegi irekiak

Laguntza psikologiko eta emozionala emateko, programak bi ekintza-ildo izanen ditu. Arreta psikologikoko taldeak gainbegiratuko ditu esku-hartze guztiak. Lehenengo ildoan, banakako aholkularitza telefonikoa eskainiko da, eta haien zaurgarritasun-egoeraren ondorioz arreta pertsonalizatuagoa behar duten pertsonei aurrez aurre emanen zaie arreta, banaka edo taldeka. Irailetik aurrera, auzo-unitate, osasun-zentro eta tutoretzapeko apartamentuetatik bideratutako 300 laguni emanen zaie arta, eta pertsona bakoitzaren egoerara egokitutako laguntza emanen zaie.

Bigarren jarduketa-ildoak hainbat lantegi izanen ditu ardatz, honako hauen inguruan: ongizate emozionala, estresaren kudeaketa, bizi-ohitura osasungarriak, antsietatearen prebentzioa, pertsonen arteko komunikazioaren hobekuntza, insomnio edo depresioa, eta abar. Doan izanen dira, eta udal-lokaletan eginen dira. 16 lantegi eginen dira, Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman eta Arrotxapean. Adinekoen biztanle kopurua aintzat hartuta aukeratu dira auzo horiek. Bakoitzean lau lantegi eginen dira, 2 edo 3 hilabetez. Aurreikusita dago lantegi bakoitzak 8 ordu irautea, astean behin, bi orduko saioetan. 12 leku kalkulatu dira prestakuntza-saio bakoitzeko.

Udalak inkesta baten bidez hautemandako beharrei erantzutea

Iruñean 65 urte edo gehiago dituzten 46.282 lagun bizi dira (biztanleen % 22,35), eta joerari eutsiz gero, gero eta gehiago izanen dira, izan ere, biztanleriaren zahartze azkarra azken hamarkadetako faktore soziodemografiko garrantzitsuenetako bat da. Pertsona horien % 24 bakarrik bizi dira.

Iaz, Udalak galdetegi bat egin zuen jakiteko zer nolako eragina izan zuen osasun-krisiak hirian bizi diren 65 urtetik gorakoengan, proposamenak jaso eta haien bizitzak hobetzeko lagungarri izanen diren programak eta jarduerak ezartze aldera. Agerian geratu zen hilabete horietan areagotu zirela bakardadea eta isolamendua, beldurra eta ziurtasun-gabezia, aztura-aldaketa eta osasunaren narriadura –psikologikoa eta kognitiboa– eta sedentarismoa –muskulu-masaren galera barne–.

Prebentzio-neurri gisa, Iruñeko Udalak hainbat jarduketa egin zituen: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eten zuten 260 erabiltzaileei jarraipena egin zien, baita eguneko zentroetako erabiltzaile ziren beste 271 laguni ere, eta laguntza eman zuen 65 urtetik gorakoei egindako 3.000 dei baino gehiagoren bidez, barne hartuta tutoretzapeko apartamentuetan bizi direnei egindako 650 dei.

Krisi-egoeretan artatzea, eta, aldi berean, horien arrazoiak ikertzea

Itxaropenaren Telefonoa boluntariotzan oinarritutako gizarte-ekimeneko entitatea da, eta egoera larrian eta premiazkoan dauden pertsonekin ari da lanean; haien arazoak konpontzeko zerbitzu lagungarria eskaintzen dute, eta egoera horiek prebenitzea nahiz ikertzea sustatzen dute. Esate baterako, krisi psikikoak, pertsonalak, familiarrak eta psikosozialak modu integralean lantzen ditu, eta solidarioa da, premiazko laguntza eraginkorra eta doakoa ematen baitio eskatzen duen orori.

Larrialdi-zerbitzua du eguneko 24 orduez. Entitateak konfidentzialtasuna, anonimotasuna eta sekretu profesionala ditu oinarri, eta bultzatzen ditu bai boluntariotza bai herritar guztien bizi-kalitatea eta osasun emozionala hobetzen laguntzeko prest dauden pertsona, familia eta kolektiboen gaikuntza.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?