Elortz ibaiak beste itxura bat du Etxabakoitzen zenbait presa txiki eta ibilguan eta ibaiertzetan zeuden egituren hondakinak kendu ondoren. Azken asteetan, Iruñeko Udalak hiru presa txiki eraitsi eta kendu ditu, bere garaian ura ureztaketarako eta beste erabilera batzuetarako desbideratzeko egin zirenak, baita 70eko hamarkadan eraikitako antzinako pasabideen zutoin eta estribuen hondakinak ere. RUNA 2025 proiektuaren esparruko lan horien aurrekontua 81,180,74 eurokoa izan da, eta Europako funtsen bidez finantzatu da.
Aróstegui etorbideko zubiaren eta Iruñeko udal-mugartearen amaieraren arteko tartean, Zizur Nagusiko mugan, bi presa txiki zeuden eta aspaldian inolako funtzionaltasunik ez zuen beste baten hondakinak, eta oztopo bat ziren arrain-faunarentzat. Horiez gain, eraitsitako hormigoizko bi pasabideren hondakin batzuk zeuden ubidea trabatzen: batzuk Urdánoz etxe-multzoa baino lehen, eta besteak, etxe-multzoa igarota. Egin diren lanetan, horiek kendu, sortu diren hondakinak kudeatu eta ingurua birnaturalizatu dira.
Elortz ibaiko presa txikiak kentzea RUNA 2025 proiektuaren barruko ekintzetan sartuta dago eta 2,7 milioi euro jaso ditu proiektuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitatea Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Ingurua lehengoratzea eta gerta daitezkeen uholdeen ondorioak minimizatzea
Jarduketa honen helburua da ubide nagusiko hondakin antropikoak kentzea eta ibilbidea naturalizatzea eta jatorrizko morfologia berreskuratzea. Gainera, arrain-faunaren konektibitate naturala hobetuko da ibilguan zehar. Eremua egokitu eta hirian txertatzea da helburua, ingurune naturala babestuz eta espazioa berreskuratuz; gainera, gerta daitezkeen uholdeen ondorioak minimizatu nahi dira, eta gutxienez ibaiertzetako batean ibilbideak egitea erraztu.
Luiziak gertatzeko arriskua dela eta, ez dira erabat kendu pasabideetako estribuak, gaur egun ezpondari eusteko balio baitute, eskuinaldekoek batez ere.
Behin presa txikiak eta gainerako egiturak eraisteko lanak amaituta, Elortz ibaiaren ertzak eta ibilgua erregularizatu dira, eta eremua eta ibaiertzak lehengoratu dira, zuhaixka eta zuhaitz espezie desberdinak landatuta. Lakita SAU enpresak egin ditu lanak. Joan den irailean ekin zioten, eta bi hilabeteko epea izan dute lanak egiteko; tarte batez lanak geldirik egon dira, landaketak baldintza klimatiko onenetan egiteko.
