Iruñeko Udalak hiru auzo-eztabaidagune egitea aurreikusi du urtearen azken hiruhilekoan; Arrotxapean, Zabalguneetan eta Ermitagaña - Mendebaldean

Iruñeko Udalak hiru auzo-eztabaidagune egitea aurreikusi du urtearen azken hiruhilekoan; Arrotxapean, Zabalguneetan eta Ermitagaña - Mendebaldean
Urriaren 25ean, azaroaren 17an eta abenduaren 15ean izanen dira hitzorduak, hurrenez hurren, eta Iruñeko alkatea bertan izanen da
FORO BARRIO


Azken hiruhileko honetan auzo-eztabaidaguneak Arrotxapera, Zabalguneetara eta Ermitagaña - Mendebaldera iritsiko dira. Iruñeko Udalak parte-hartzeko hiru saio antolatu ditu: bat urrian eginen da, beste bat azaroan, eta azkena abenduan, eta Enrique Maya alkatea hiruretan izanen da, dagokion auzo-zinegotziarekin eta zenbait alorretako teknikariekin batera. 


Arrotxapeko auzo-eztabaidagunea urriaren 25ean eginen da, asteartearekin; alkateak eta Carmen Alba auzo-zinegotziak parte hartuko dute bertan. Azaroaren 17an (osteguna) herritarrei, elkarteei eta Zabalguneetako entitateei dei egin zaie, alkatearekin eta María García–Barberenarekin eginen den saioan parte hartzera. Azkenik, abenduaren 15ean (osteguna), Ermitagaña – Mendebaldean, Enrique Mayak eta Fernando Villanueva auzo-zinegotziak gidatuko dute saioa. Tokiak zehaztu gabe daude oraindik, baina orduari 18:30ean eutsiko zaiola aurreikusten da.

Auzo-eztabaidaguneak elkarrizketarako guneak dira eta Iruñeko Udalak antolatzen ditu herritarrek proposamenak, kontsultak eta ekarpenak egin eta bere ingurune hurbilari buruzko informazioa jaso dezaten. Saio horiek zuzenean jarraitzen ahal dira Partaidetzako Youtubeko kanalean. Online komunikatzeko aukera ere bada; interesdunek mezu elektroniko edo formulario bidez uzten ahal dituzte galderak edo iradokizunak, eta ondoren, aurrez aurreko saioan horien berri emanen da. 

Iruñeko Udalak joan den urteko azken hiruhilekoan ekin zien berriro auzo-eztabaidaguneei, COVID-19a zela eta ezarritako prebentzio-neurriek eta murrizketek berriz bilkurak egiteko aukera eman zutenean. Mendillorri, Sanduzelai eta Milagrosa – Arrosadia – Azpilagañako auzo-eztabaidaguneak egin ziren orduan. Donibane auzoari buruzko saioa apirilaren 28an egin zen eta Etxabakoitzeko auzo-eztabaidagunea, berriz, maiatzaren 11n. Azken hiruhileko honetarako aurreikusi diren hiru saio horiekin osatuko da alkateak hiriko auzo guztietako auzotarrekin eginiko topaketa-zikloa.

¿Te ha sido útil esta página?