Iruñeko Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko kanpaina bat abiatu du, egunotan negozioak itxi behar izan dituztenei bereziki zuzendua. “Iruña geldi, Iruña prest” da bideo eta ekintzen sortako lehena; haien bidez Udalak merkatari eta ostalariei lagun egin nahi die une latz hauetan, eta eskura dituen baliabide guztiak eskaini nahi dizkie posible duen horretan laguntza emateko, Udalaren webgunea eta sare sozialak, adibidez, online saltzeko erakusleiho gisa balio baitute.
Kanpaina honek osatu egiten ditu Udala arlo ekonomikoan hartzen ari den neurriak, zeinek Iruñeko negozioen zein herritarren likidezia handitzea eta udal-tributuak murriztea xede baitute. Izan ere, Udalak atzeratu eginen ditu zirkulazioaren, kontribuzioaren, Jarduera Ekonomikoen (JEZ), pasabideen eta terrazen gaineko zergen ordainketak, eta horrek bidea emanen die herritarrei datozen hilabeteotan likidezia handitzeko, 30 milioi euro inguruan. Horrez gain, Udalak Nafarroako Parlamentuari eskatu dio Toki Ogasunei buruzko Foru Legea alda dezan, JEZan eta hiri-kontribuzioan murrizketak edo hobariak aplikatu ahal izateko. Halaber, lanean ari da tributuei buruzko beste foru-lege batzuk aldatu edo neurri bereziak har daitezen bultzatzeko. Hori horrela, Udalak osasun-krisiak ukitu dituen herritarrak, merkatariak, ostalariak eta hiriko beste negozioak babestu nahi ditu, aurrera jarraitzeko aukera izan dezaten behin COVID-19ak eragindako egoera gainditutakoan.
Iruña geldi, Iruña prest
“Ez dakigu nola gertatu den. Ez dakigu zer neurri hartu beharko diren. Ez dakigu zenbat iraunen duen. Ez dakigu zenbat galduko dugun... Ez dakigu zenbat beharko dugun aurrera ateratzeko. Gauza bakarra dakigu: elkarrekin gaindituko dugu”. Mezu horren bidez helarazi nahi izan du Udalak berak ere baduela egoera honen eta sortu dituen zailtasunen gaineko kezka, baina krisialdi hau gaindituko dugulako konfiantza ere baduela.
Artworks Comunicación-ek egindako bideo honen ondoren merkataritza eta ostalaritza babesteko beste komunikazio-ekintza batzuk etorriko dira. Hori horrela, udal-webgunea hiriko establezimenduetarako online erakusleiho bihurtuko da Hiriko merkatarien elkarteekin elkarlanean, identifikatuta agertuko dira irekita dauden establezimenduak eta itxita egonda ere urruneko salmenta-sistema ezarrita dutenak. Horrez gain, Udalaren webgunea eta sare-sozialak itxitako saltoki eta ostalaritza-establezimenduak herritarrekin egoteko topaleku izanen dira, bertan jarri ahal izanen baitituzte bideo-mezuak, geldirik bai baina egoera pasatzen denerako prest ere daudela partekatze aldera.
Beste ekintza batzuek xede izanen dute herritarrei eta bereziki Internet eta sare sozialak erabiltzen ez dituzten adinekoei erraztasunak ematea etxean gera daitezen eta erosketa telefonoz egin dezaten. Ildo horretan, udal-merkatuen eskuorri bat editatzen ari da, saltokien izenen eta telefonoen zerrenda batekin, erosketa erraz egin ahal izateko telefonoz deituta. Eskuorria bihar, ostegunean, banatuko da, hirian hedapen handiena duten bi egunkarien bidez –Diario de Navarra eta Diario de Noticias–, eta www.pamplona.es/eu/koronabirusa/online-erakusleihoa udal-webgunean ere deskargatu ahal izanen da.