Iruñeko Udalak hiriko ikastetxe publikoetan egindako birnaturalizazio-jarduketak aurkeztu ditu Europako jardunaldietan

Iruñeko Udalak hiriko ikastetxe publikoetan egindako birnaturalizazio-jarduketak aurkeztu ditu Europako jardunaldietan
COL3NATUR proiektuak klima-aldaketara egokitzeko estrategiak jorratzen ditu eskola-inguruetan berdeguneak sortzearen bidez
Irudia
Irudia
Irudia

2026ko Nazioarteko COL3NATUR Astea: hezkuntza-ingurune erresilienteendako Arkitektura, Natura eta Industrializazioa egitasmoaren esparruan, Iruñeko Udala hiriko ikastetxe publikoetan birnaturalizazioaren arloan garatzen ari diren proiektuak eta ekimenak aurkezten ari da aste honetan. Ekitaldi hori ekainaren 23tik 25era antolatu da Iruñean, COL3NATUR proiektu europarraren barruan, Interreg SUDOE programa europarrak finantzatuta: eraikinetan, jolasguneetan eta eskolarako bideetan berdeguneak sortzea proposatzen du programak, klima-aldaketara egokitzeko estrategia gisa.

Topaketa gaien araberako lau jardunalditan (hiru Iruñean eta beste bat Baionan) egituratu da, eta hitzaldi bat barne hartzen du Iruñeko Udalak ikastetxeetako patioen birnaturalizazioaren arloan urtero egiten duen deialdiaren inguruan, Irune Bengoechea Zazu Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko pedagogoaren eskutik. Azalpen teoriko horren osagarri gisa, 2025ean udal-ekimen bidez eraldatutako Sanduzelai HLHIPko patio birnaturalizatua bisitatuko da, baita Rochapea HLHIPkoa ere, COL3NATUR proiektuaren esparruan birnaturalizatuko baita. Horri esker, parte-hartzaileek aukera izanen dute bi patioen ingurumen-baldintzak alderatzeko.

Eraldaketa fisikoaz haratago doa COL3NATUR proiektua, ikerketa-jarduketak ere barne hartzen baititu: Nafarroako Unibertsitateak garatzen ditu ikerketa horiek, udal-teknikariekin lankidetzan. Ikastetxe horietan osasun- eta ongizate-baldintzak nolakoak diren ikertzeko xedez, neurgailuak instalatu dira tenperaturari, airearen kalitateari eta abarri buruzko datu zehatzak eskuratzeko. Gainera, jadanik egin diren birnaturalizazio-programek gune horien faunan eta floran izan dituzten ondorioak ikertzen ari dira. Lortutako informazio guztiarekin tresna digital bat diseinatzea aurreikusten da, hala baremazioa nola etorkizunean birnaturalizatuko diren patioak hautatzea errazteko.

Proiektu horren esparruan egindako jarduketez gain, Iruñeko Udala 2009az geroztik ari da ikastetxeetako guneak birnaturalizatzen, klima-aldaketak eragindako ondorioei aurre egiteko bitarteko gisa. Urte hauetan zazpi ikastetxetan esku hartu du, eta irakasleek prestakuntza jasotzea prozesuaren parte bihurtu da; hala, patioen eraldaketak pedagogia eraldatzeko aukera eman du. Urtero deialdiak egitea da helburua, urte bakoitzean bi ikastetxe berritan esku hartzeko. 

COL3NATUR proiektua
COL3NATUR proiektua % 75ean finantzatzen du Interreg SUDOE programak, eta Nafarroako Unibertsitatea da egitasmoaren buru. Honako hauek osatzen dute proiektuaren partzuergoa: Frantziako, Espainiako eta Portugaleko unibertsitateek, ikerketa-zentroek, administrazio publikoek eta enpresek.

2025eko ekainean abian jarri zen Europako proiektuak hiru urteko luzapena izanen du aurreikuspenen arabera, eta xede du naturan oinarritutako konponbideen (NOK) gaitasuna egiaztatzea, muturreko tenperaturen, bero-boladen, euri-jasen eta klima-aldaketaren ondoriozko beste eragin batzuen ondorioak murrizteko. Horretarako, hezkuntza-ingurunean hiru mailatan jarduten da: ikastetxeetako patioak, eskolarako bideen sareak eta naturan oinarritutako konponbideen (NOK) bidez prefabrikatutako eraikuntza-osagaien garapena, elementu horiek fatxadetan, patioetan eta eskolarako bideetan jartzeko. 


ColNatur logo

¿Te ha sido útil esta página?