Hiriko adinekoen ongizatea hobetu eta haien beharrekin bat datozen zerbitzuak eskaintzeko asmoz, Iruñeko Udalak galdetegi publiko bat abiatu du herritarren sektore horren iritziak, iradokizunak eta ideiak ezagutze aldera. Galdetegi erraz bat da, edozein gailutatik erantzuteko modukoa esteka honetan klik eginez, eta, halaber, 65 urtetik gorakoek aukera izanen dute, esaterako, Udalari jakinarazteko COVID-19ak eragindako egoerak nolako eragina izaten ari den haiengan.
Iruñeko Udaleko Komunitate Ekintzako Alorrak, Adinekoen Nazioarteko Egunaren karietara, abiatu duen inkesta publikoa 65 urtetik gorakoei bakarrik zuzenduta dago. Besteak beste, egin nahiko lituzketen aisia-jardueren inguruan galdetu eta eskatuko zaie iradokizunak egin ditzatela haien intereseko gaiei buruz, Udalak egiten duen eskaintzan txertatze aldera. Inkesta egiten duten guztiek hedapen-zerrenda batera sartzeko aukera izanen dute, eta haren bidez haien interesekoak izan daitezkeen jarduerak edo albisteak telefono mugikorretara helaraziko zaizkie.
Galdetegia udal-webguneak adinekoei zuzendutako orrian eskuragarri dago (pamplona.es/mayores), eta eskatzen dutenei mugikorretara ere bidaliko zaie. Inkestaren hedapena indartze aldera, Udala adinekoen entitateekin harremanetan jarriko da, partaidetzako buletinean haren berri emanen da, eta Udalak herritarren sektore horri eskainitako ikastaroetan banatuko da.
Jardueren eskaintza urte osoan zehar
Iruñeko Udala hiriko adinekoen ongizatearen alde lanean ari da, eta horretarako hainbat jarduera-mota eskaintzen ditu urtean zehar. Egun abian den ekimenetako bat ‘Martxan’ jarduera fisikoen eta memoria-jardueren programa da, 65 urtetik gorakoei hiru proposamen egiten dizkiena: ariketa fisikoa, memoria-jarduerak eta ibilaldiak solasaldiekin.
Ariketa fisikoa astean bi egunetan egiten da, goizetan, ordu eta erdiz, eta talde bakoitzaren ezaugarrietara egokiturik. Saioen xedea da bizimodu osasungarria sustatzea eta gaitasun funtzionalak mantendu eta bultzatzea. Memoria-jarduerak funtzionamendu kognitiboa mantentzera eta hobetzera zuzenduta daude, buru-bizkortasuna estimulatzen duten ekintza ezberdinen bidez, horretarako baliatuz memoria, pertzepzioa, arreta, errealitatearekiko orientazioa, kalkulua eta arrazoibidea lantzeko ariketak. Ariketa fisikoarekin gertatzen den bezala, teknologia berrien erabilera eta ezagutza sustatzen dira, horien bitartez hainbat estimulazio-ariketa egin daitezen.
Adinekoei babesa emateko adierazpen instituzionala
Adinekoen Egunaren karietara, gaur arratsaldean Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak adierazpen instituzional bat onetsiko du, zeinetan erabakitzen da “herritarrak kontzientziatzen jarraitzea arreta-neurriak har ditzaten gure familiek pandemiaren eragina ez pairatzeko xedez”. Halaber, adierazpenean aitortu egiten da “adinekoen ekarpena, esperientzia eta merezi duten errespetua”, eta erabakitzen da “adinekoek adina dela-eta egunero aurre egin behar dieten jarrera baztertzaileen kontra borrokatzea, horien ondorioz gizarte-bazterketa, marjinazioa eta osasun fisiko eta mentalaren narriadura paira baitezakete”, eta “helburu horiek lortzen laguntzeko politika publikoak bermatzea”.