
Iruñeko Udalak ikuskaritza-lanak eginen ditu datozen hilabeteetan, hiriko auzoetan askotariko produktuak saltzen dituzten 75 bazar eta establezimenduetan. Hala, establezimendu guztiak ikuskatu nahi dira, segurtasun-neurriei eta sutearen aurkako neurriei dagokienez araudia betetzen dela egiaztatzeko. Alde Zaharreko hamaika bazarrak sanferminen aurretik ikuskatuko dira.
Ikuskapena lizentzia-mota eta -datarekin lotutako alderdien berrikusketan datza. Gainera, su-itzalgailuak ikuskatuko dira, modu irisgarrian eta begi-bistan kokatuta egon daitezen eta gehienez ere 15 metroko distantzia izan dezaten lokalaren edozein gunerekiko; halaber, entxufe eta erregleten gainkargak kontrolatuko dira, baita berogailu elektrikoen eta antzekoen erabilera ere. Pasabideen zabalera eta pasabidean dauden kableak eta beste elementuak egiaztatuko dira, baita ebakuazioak egiteko irteera-ateak ere. Halaber, baieztatuko da biltegiak eta beste gela batzuk bereizten dituzten ateak suaren kontrakoak direla eta itxita daudela edo ate horiek atxikigailu elektromagnetikoa dutela.
Argi eta garbi antzematen bada araudia ez dela bete, ez-betetze hori zuzendu dadila eskatuko da, eta bi asteko epean beste ikuskapen bat eginen da hura konpondu dela egiaztatzeko. Ez-betetzeak badirau edo zalantzarik izanez gero, Udaltzaingoak txosten bat bidaliko du disciplina@pamplona.es helbidera, eta zerbitzu horrek establezimenduaren irekiera-lizentziaren baldintzen arabera eginen du lan.
Iruñeko Udalak dituen datuen arabera, askotariko produktuen 75 bazar eta establezimendu daude hirian. Horietatik 72k lizentzia eskuratu dute, eta beste 3 establezimenduena izapidetze-prozesuan dago. Iturraman mota horretako 26 establezimendu daude erroldatuta; Arrotxapean, 12; Alde Zaharrean, 11, Bigarren Zabalgunean, 9; Sanduzelain, 7; Arrosadian, 6; Txantrean, 3 eta Etxabakoitzen, 1.