Iruñeko Udalak hiriaren Urrezko Domina eman dio Osasuna Klub Atletikoari talde gorritxoaren mendeurrenaren urtean

Iruñeko Udalak hiriaren Urrezko Domina eman dio Osasuna Klub Atletikoari talde gorritxoaren mendeurrenaren urtean
Hiriak ematen duen sari gorena da, eta Iruñeko alkateak eman dio Osasuna K. A. taldeko lehendakariari
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Gaur goizean, Osasuna Klub Atletikoa Iruñearen Urrezko Dominarekin aintzatetsiak izan diren erakunde eta pertsonen zerrendan sartu da. Hiriak ematen duen sari gorena da, eta hiriaren izen onaren alde egin dutenei edo haien meritu apartak direla medio gailendu direnei ematen zaie, edo hiriari egindako zerbitzuak saritzeko. Ekitaldia Kondestablearen Jauregiko patioan egin da, eta Enrique Maya Iruñeko alkateak Urrezko Domina eman dio Luis Sabalza Osasuna Klub Atletikoaren lehendakariari.

Urrezko Dominak aurkian hiriaren armarria darama, eta hitz hauek: “M.N M.L M.H CIUDAD DE PAMPLONA/IRUÑA HIRI TXIT PRESTU, LEIAL ETA HEROIKOA”; eta ifrentzuan, Iruñeko antzinako burguen armarria, eta beste hitz hauek: “UNIÓN DE LOS BURGOS POR CARLOS III EL NOBLE MCDXXIII BURGUEN BATASUNA KARLOS III.a PRESTUAK EMANA”. Iruñeko alkateak honakoa goraipatu du: “Iruñeko gizarte anitzean Osasuna topalekua da, ilusio partekatua, sentimendu komun bat, batzen gaituen talde bat”. Horregatik, “sari honek erakusten du berriz ere asko maite zaituztegula eta Osasuna oso garrantzitsua dela Iruñearentzat”.

Luis Sabalzak Udalak Osasuna K.A. taldeari emandako aintzatespena eskertu du eta Carlos Cirizak egindako eskultura bat eman dio alkateari; zaletuei omenaldia irudikatzen du, haien leialtasunari, haien sendotasunari eta bizitasunari. Ekitaldian egon dira Iruñeko Udaleko udal-taldeen bozeramaileak, udalbatzako zinegotziak, Osasuna Klub Atletikoaren zuzendaritza batzorde osoa eta gizonen taldeetako, emakumeen taldeetako eta Genuine Ligako ordezkariak.

Urrezko Domino Osasuna K. A. taldeari emateko proposamena aho batez onetsi zen Iruñeko Udalak azaroaren 5ean egindako Osoko Bilkuran. Akordioan goraipatu eta aintzatesten da “Osasunaren ehun urteko ibilbidea eta Iruñeko nahiz Nafarroako gizartean duen engaiamendu itzela”. Klubaren ibilbidea 1920ko urriaren 24an hasi zen, Gazteluko plazako Kutz Kafean, eta, gaur egun, ehun urte geroago, futbol nazionalaren elitean dago.

Iruñearen Urrezko Domina emateko ekitaldia girotzeko, La Pamplonesako musikari-boskote batek hiriarekin eta Osasuna Klub Atletikoarekin lotutako abesti enblematikoak jo ditu, besteak beste, ‘Astrainen balsa’, ‘Viva Pamplona / Gora Iruña’ eta talde gorritxoaren ereserkia.

 

Iruñearen Urrezko Domina. Saritutako pertsona eta entitateak

  • 1983: Luis Morondo
  • 1992: Iruñeko Orfeoia eta José Joaquín Arazuri
  • 1994: La Pamplonesa
  • 1997: Manuel Turrillas
  • 1998: Tomás Caballero
  • 2004: Pablo Sarasate orkestra
  • 2006: Musika Kapera
  • 2007: Odol Emaileen Elkartea
  • 2010: Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsa
  • 2020: Osasuna Klub Atletikoa

 

Iruñearen Urrezko Domina Osasuna Klub Atletikoari emateko akordioa

«Osasunak ehun urteko historia bete zuen urriaren 24an. Bere jatorria antzinako Sociedad Sportivan dago, non, herri diru-bilketa bati esker, garai hartako talde militarren aurkako partidak jokatzeko baloi bat eta ekipamendu batzuk erosi ahal izan ziren.

Sportiva eta New Club klubek bat egin eta entitate bat sortu zuten. Osasuna izena hartu zuen, osasunaz gain, indarra edo kemena ere esan nahi duen hitza. Eta 1920ko urriaren 24an, Iruñeko Kutz kafetegian, zale sutsu talde batek Sportivaren izena Osasunagatik aldatzea erabaki zuen, Nafarroako Artxiboan gordetzen den eskuizkribu baten arabera.

Ehun urte geroago, Osasunak egoera ezin hobean ospatu du mendeurrena: Lehen Mailan jokatzen ari da, El Sadar estadioko hobekuntza lanak amaitzear daude eta zorra kitatzeko bidean dago.

Hori dela eta, Iruñeko Udalak ematen duen sari gorenarekin, Hiriaren Urrezko Dominarekin, Udalak Osasunaren ehun urteko ibilbidea eta Iruñeko eta Nafarroako gizartean izan duen inplikazio aparta aintzatetsi nahi ditu. Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak Iruñearen Urrezko Domina Osasuna Klub Atletikoari ematea adostu du.»

 

¿Te ha sido útil esta página?