Iruña marka berria, hiriaren kontakizuna eta nortasun grafikoa azaroaren 12an aurkeztuko da Gayarre Udal Antzokian. Ekitaldi horretan, prozesuan parte hartu duten pertsona eta kolektibo guztiak biltzea espero da, baita abian jartzen eta zabalkundean lagunduko dutenak ere.
Iruñeko Udalaren barruan marka ezartzeko prozesua Alkatetzako Alorrak gidatu eta dinamizatu du, eta, lehen unetik, 2024ko martxotik, entzute aktiboko metodologia eta elkarlanean sortzeko lantegien aldeko apustua egin zuen. Hiri-marka honek herritarrak eta gizarte-eragileak inplikatu nahi ditu, ez bakarrik hasierako sorreran, baita bilakaeran ere. Ildo horretan, behin marka aurkeztuta, hiri-kontakizunaren komunikazio eta zabalkunde prozesu bat abiaraziko da.
PSTD Iruña SF365 proiektuaren barruan dago jarduketa hori, eta Europako Next Generation funtsak finantzatzen du Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza tresna dira. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtetan "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzen erabiltzeko. Plan horrek 13 jarduketetan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna.
Eztabaida-taldeak eta -mahaiak
2024ko martxoan, eztabaida-taldeetan oinarritutako metodologia baten bidez hasi zen prozesua, hasieran udaletxe barruan. Hasiera batean, hiri-kontakizuna eraikitzeko oinarriak ezarri nahi izan ziren, Iruña markarekin batera joanen den testuingurua, alegia. Zati hori eztabaida-talde instituzionalen bidez kudeatu zen, Udaleko eta udal enpresetako langileekin, bai eta Udalarekin harreman zuzena duten publikoekin ere (eragileak eta erakundeak).
Parte-hartzaileek hiriaren eta bertako herritarren alderdi orokorrei buruz zituzten pertzepzioak ateratzea zen eztabaida-taldeetan proposatu ziren gaien helburua. Galdera irekien eta proposamen tematikoen bidez, hainbat arlotan sakondu zuten: besteak beste, hiriaren ezaugarriak, leku identitarioak, espazio publikoaren erabilera, kultur adierazpenak, jarduera-egutegia, sinbolo adierazgarriak eta hiriak ahozko literaturaren, soinuen eta abestien esparruan dituen berezitasunak... Bigarren fasean, analisi-panelak arlo sektorialetara bideratu zituzten, bereziki kultura eta arte eszenikoetara eta aisia eta turismora.
Hala, parte hartzeko prozesua mahaitan banatu zen. Mahai horietatik lau instituzionalak izan ziren, honako arlo hauei lotuak: hizkuntza eta kultura; entitate turistikoak, kanpo-ikuspegia izate aldera, eta beste honako hauei buruzkoak: ekonomia eta hiria, auzoak eta kanpoko proiekzioa. Mahai sektorialek kultura eta arte eszenikoak eta aisia eta turismoa izan zituzten ardatz.
Entitateekin elkarlanean sortzea: 1.700 entitatetik gora
Analisi instituzionaleko prozesuaren azken fasea Udaleko Herritarren Partaidetzako Alorrak diseinatu eta dinamizatu zuen, eta hiriko elkarte eta kolektiboen sareari zuzendua izan zen. Prozesu horretan, 1.700 entitate baino gehiagori dei egin zitzaien apirilaren 17an eta 19an Kondestable Civivoxean egin ziren jardunaldietan parte har zezaten.
Hortik aurrera, entzun ondoren, elkarlanean sortzeko zenbait lantegi abiarazi ziren, eta Udaleko hainbat alorretako zuzendariek, Udaleko talde politikoek eta barne eragileek parte hartu zuten horietan. Fase horretan, Errea Comunicación enpresa –marka berri bat kontzeptualizatzeko eta horren nortasun grafikoa sortzeko lanen adjudikazioduna–, prozesuan sartu zen, laguntza teknikoa emateko.
Hiri-kontzeptua/marka “birpentsatzea” beti egiten ahal den zeregina da. Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduaren zioen azalpenean, 2016an, dagoeneko jasota gelditu zen tokiko erakundeak, etor zitezkeen aldaketa juridikoetara eta egitura-aldaketetara egokitzeaz gain, bere irudia aldatzen joan behar zuela. “Udalaren irudi publikoak ordezkatzen duen gizartera eta hartzaile dituen publikoetara egokitzen joan behar du, publiko horiek gero eta zabalagoak baitira eta, sarri askotan, tokiko esparrutik haragokoak. Gaur egun, Iruñeak nazioarteko harremanak ere baditu, “Hirien Diplomazia” deiturikoaren barruan, dela Europako mugaz gaindiko proiektuen bidez, dela hainbat helburu dituzten nazioarteko hiri sareetan parte hartzen duelako.
Iruñeko Udalak, azaroaren 12an aurkeztuko du 8 hilabete iraun duen kontzeptualizazio- eta irudikatze-lanaren emaitza, eta ordutik aurrera, hiri kontakizunaren komunikazio- eta hedapen-prozesu bat abiaraziko da.
PARTE-HARTZE PROZESUKO LAN-MAHAIAK
Mahai instituzionalak
- Hizkuntza eta kulturako mahaia: Gayarre antzokia, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Civivox Sarea, Udal Artxiboa, La Pamplonesa, Haur Eskolak, Musika Eskola, Kulturako, Euskarako eta Kultur Aniztasuneko Alorrak, sanferminetako kultur programazioa
- Kanpo ikuspegiko mahaia: Turismo Bulegoa, Azpiegitura turistikoak, Turismoaren Behatokia, Merkatarien elkarteak, Donejakue Bidearen Lagunen Elkartea, Pilotaren Munduko Hiriburua, Azokak eta biltzarrak eta Udal-merkatuak
- Ekonomiako mahaia: Estrategia Bulegoa, Smart City, Azpiegitura estrategikoak, Gardentasuna, Dirulaguntzen kudeaketa, Pobrezia eta gizarte-bazterketa, Etxebizitza, Animsa, Mercairuña
- Hiria, auzoak eta kanpo-proiekzioa mahaia: Mugikortasuna, Auzo-eztabaidaguneak, gazteria, Polizia komunitarioa, Harrotu, Herritarrendako Arreta, Mugimendu feminista, Hiriaren Behatokia, Natur ondarea
Mahai sektorialak
- Kultura eta arte eszenikoen mahaia: Nafarroako Museoa, Baluarte Fundazioa, Txalaparta argitaletxea, Arte Garaikidearen Institutua, Oier Zuñiga, Marina Lameiro
- Aisia eta turismoaren mahaia: Iruñeko katedrala, Europa jatetxea, Chez Belagua, Camino People, Pamplona Food, Iñigo Arista, Apartamentos turísticos, La Perla, Tres Reyes