Udan zehar, zehazki uztailaren 6tik abuztuaren 28ra, Udalak hiri-kanpaldiez eta zaintza-guneez osatutako zerbitzua eskainiko die familiei, kontziliazioari bidea emateko eta hiriko haur eta nerabeek jolaserako eta sozializaziorako duten eskubidea babesteko. Kanpaldi seguruak izanen dira, indarreko araudia eta COVID-19ak eragindako osasun-egoera aintzat hartuko dituztenak. Aurreikusitakoarekin bat, eguneko 100 toki eskainiko dira lau ikastetxe hauetako bakoitzean: Ermitagaña IP, Hegoalde IP, Iturrama IP eta Cardenal Ilundain IP. Irizpideei dagokienez, zein auzotan bizi eta ahalik eta gertuen egotea aintzat hartuko da.
María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu dute udal-zerbitzua eta haren helburuak, aurten izanen dituen berritasunak zehaztuta. Zerbitzua 6 eta 12 urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago, nahiz eta 14 urte bitartekoak ere onar daitezkeen, % 33tik gorako desgaitasuna aitortua dutenen kasuan. Iruñean erroldatuek lehentasuna izanen dute.
2020ko hiri-kanpaldietan izena emateko epea bihar hasiko da, eta ekainaren 24an, asteazkenarekin, amaituko. Tokia eskatzeko bide nagusiak bi dira: www.pamplona.es/eus udal-webgunea eta Zapatería 40-beheko bulegoak (aurrez aurre, 09:00etatik 13:00etara). Tokiak izen-ematearen hurrenkeran esleituko dira, eta jardueretarako ikastetxea, adingabeek bizileku duten auzoaren arabera.
Jarduerak, ordutegiak eta osasun-neurriak
Kontziliazioaren mesedetan, lantegiak goizez izanen dira, 08:00etatik 15:30era, lanegunetan. Ordutegiak malguak izanen dira hala sartzeko nola irteteko: 08:00etatik 09:00etara sar daiteke, eta, irteteko bi aukera daude, jantoki-zerbitzua erabiltzen den edo ez, halako moduan non adingabeak 13:30ean irten daitezkeen (bazkaldu gabe), edo, bestela, 15:00 eta 15:30 bitarte.
Haurrak adin-tarteen arabera taldekatuko dira (6-8 urte eta 9-12 urte) kanpaldietako arduradunek diseinatutako jarduerak egiteko, eta horiek txikien gizarteratzea, bizikidetza eta entretenimendua dituzte xede. “Normaltasun berrira” gerturatzeko ere balioko dute, betiere ere zaintza, eta ez beldurra, erdigunean jarririk; hori horrela, COVID-19a kontuan hartu bai, baina ez da jardueren ardatza izanen.
Jardueren egoitzako lau ikastetxeetan gel desinfektatzailea eta maskarak egonen dira erabilgarri, eta jardueretarako haur-ratioak pertsonen arteko distantzia mantentzeko moduan egokituko dira (heldu bat adin-tarte gazteeneko zortzi haurren multzo bakoitzeko, eta adin-tarte nagusirako, heldu bat 10 haurren multzo bakoitzeko). Eskariaren arabera eta taldeko haur kopuruaren arabera, zerbitzua gaztelaniaz edo euskaraz ematen ahalko da.
Zerbitzuaren kostea eta ordaintzeko moduak
Zerbitzuaren prezioa erabiltzaile bakoitzeko 9 euro da eguneko, ez bada jantoki-zerbitzua erabiltzen, eta 16 eurokoa, bertan bazkaltzen bada. % 10eko hobaria egonen da familia bereko haur matrikulatu bakoitzeko, eta badago dirulaguntza bat, familiaren hileko errentaren arabera eskuratu daitekeena, baina hura Iruñean erroldatutakoek soilik eska dezakete. Ezin da egun solteetarako izena eman, aste osoetarako baizik.
Behin adingabea izena emanda dagoenean, haren familiak ekainaren 18 eta 26 bitarte egin beharko du ordainketa (ezin izanen da ordainketarik egin data hori pasata). Erregistratutako familia-unitate bakoitzak abisu bat jasoko du, SMS edo posta elektroniko bidez, eta hor adieraziko zaio ordaindu beharreko kopurua eta zer banku-entitatetan eta kontu-zenbakitan ordain dezakeen.
Ordainketa egitean heldu eskatzailearen izen-abizenak jarri beharko dira kontzeptu gisa. Ordainketaren egiaztagiriak Udalari aurkezteko mugaeguna ekainaren 26a izanen da, eta aurkezteko campamentos2020@pamplona.es helbide elektronikoa baliatu behar da. Ordaindutako kopuruak ez dira inolaz ere itzuliko zerbitzua jasotzera ez bertaratzeagatik.
Hiri-kanpaldiak ikastetxe publikoetan
Hiri-kanpaldien udal-eskaintzaz gain, Iruñeko Udalak beste sei ikastetxe jarriko ditu gurasoen elkarte edo gizarte-erakundeen esku, beren udako kanpaldiak garatu ditzaten. Normalean, halako entitateei doan lagatzen zaizkie guneak, eta haiek arduratzen dira instalazioen garbiketa-lanez lagapen-aldiak iraun bitarte. Oraingoan, Osasun Ministerioaren gomendioekin bat egin beharko dituzte kanpaldiak, hala haur eta gazteei zuzendutako aisia-jarduerak berreskuratzeari dagokionez (ekainaren 9an onetsitako araudia) nola behar den garbiketa eta higieneari dagokienez.
Maskaren erabilerari, segurtasun-tarteei eta gehienez baimendutako edukierari lotutako alderdiez gain, erakundeei eskatuko zaie gerta litezkeen COVID-19ko kasuen aurrean jarduteko prozedura bat idatzirik edukitzea, parte-hartzaileek formalki adieraztea ezarritako baldintzak onartzen dituztela eta haien osasun-egoeraren gaineko adierazpen bat egitea, koronabirusari loturik. Entitateek ura, xaboia eta eskua xukatzeko papera jarri beharko dituzte uneoro parte-hartzaileen eskura jarduera egiten den lekuan, eta hori posible ez bada, birusen kontrako gel hidroalkoholiko edo desinfektatzaile baimendu eta erregistratuak.
Bestalde, jarduera-taldeak ez dira haien artean nahastu beharko, eta talde bakoitza 10 lagunekoa izanen da gehienez ere. Parte-hartzaileen sarrera-irteerak mailakatu beharko dira, edo instalazioetarako sarbide ezberdinetan zehar banatu, eta prebentzio- zein higiene-neurriak zorroztu, hala norberari dagozkionak nola objektuen garbiketakoak, erabili aurretik eta ondoren garbitu beharko baitira. Guneak sarri aireztatzea ere beharrezkoa izanen da.
Aurreikusitakoaren arabera, uda honetan bertako guraso-elkarteek antolatutako hiri-kanpaldiak egonen dira Sanduzelai, San Frantzisko eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoetan eta Amaiur ikastolan, kanpaldi bakoitzeko 30 bat ikaslerekin, batez beste, eta goizez. Halaber, Jose María Huarte eta Azpilagaña IPko instalazioen parte bat erabiltzeko lagako zaizkie, jarduerak egin ditzaten, Nafarroako Autismo Elkarteari (ANA) eta ANFASi, hurrenez hurren.
Hiri-kanpaldiak / Zaintza-guneak
- Norentzat: lan-ordutegia eta seme-alaben zaintza bateragarri egiteko zailtasunak dituzten familientzat
- Leku-kopurua: 100 leku ikastetxe bakoitzeko (guztira 400, aste oso bakoitzeko)
- Non: Ermitagaña IP, Hegoalde IP, Iturrama IP eta Cardenal Ilundain IP
- Noiz: uztailaren 6tik abuztuaren 28ra
- Betekizunak: 6 eta 12 urte bitarteko haurrak izatea (14 urtera bitartekoak, aitortutako desgaitasunen bat edukiz gero); lehentasuna izanen dute Iruñean erroldatutakoek
- Ordutegia: 08:00 – 13:30 / 15:30, jantoki zerbitzua hautatzen den ala ez
- Prezioa: 9 euro eguneko, ez bada jantoki-zerbitzua erabiltzen, eta 16 euro eguneko, bertan bazkaltzen bada. Familia bereko haur bakoitzeko % 10eko hobaria egonen da.
- Izena emateko mugaeguna: ekainak 24 (asteazkena)
- Nola eman izena: Tokia eskatzeko bide nagusiak bi dira: udal-webgunea eta Zapatería 40-beheko bulegoak (09:00 – 13:00).
- Tokiak izen-ematearen hurrenkeran esleituko dira, eta jardueretarako ikastetxea, adingabeek bizileku duten auzoaren arabera.
*Tasa-murrizketa eskuratu daiteke, familien hileko errentaren arabera