Iruñeko Udalak herritarren eskura jarri du hiriko argazki-album handi bat, formatu digitalean

Iruñeko Udalak herritarren eskura jarri du hiriko argazki-album handi bat, formatu digitalean
www.pamplona.es webgunearen bidez Udal Artxiboko Fototekan katalogatuta dauden 8.500 argazkitan barna nabigatzeko aukera izanen da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udaleko Udal Artxiboa #ZurekinZureEtxean dago, eta edonork nabigatzeko moduan jarriko du eskari gehien duen zerbitzuko zati handi bat: Iruñeko Fototeka. www.pamplona.es webgunean bisitan sartuta ikus daiteke ekimena. Internet bidez, hiriaren historiako 8.500 irudi era antolatuan jarriko dira herritarren eskura; argazki-album handi bat, denboran atzera egiteko aukera ematen duena, XIX. mendeko bigarren erdialdera arte.
 

Erabiltzaileak ausaz nabiga dezake, edo interes eta helburuen araberako bilaketak egin. Informatikako aplikazioari esker bilaketak gaika egin daitezke –sanferminak, erraldoiak, karlismoa, gerra zibila, kaleak, lorategiak, eta abar–, egilearen arabera, eta baita argazkiaren data eta tokiaren arabera ere. Nabigatzen-nabigatzen, hainbat kontu ikusi ahalko dira: Izquiera republicanaren egoitzari eginiko erasoa, gerra zibil garaian eginiko aire zabaleko meza, San Frantziskoko kaperako absidea nola ikusten zen 1933an eta Iruñeko erraldoiak New Yorken nola atera zituzten. Batzuk beste batzuk baino ezagunagoak dira, baina guztiei buruz eskaintzen da informazio osagarria, hala nola, non eta noiz egin ziren, eta, batzuetan, beste inguruabar  batzuk azaltzen dira, adibidez, irudian agertzen dena nor den, izen-abizen eta guzti.
 

COVID-19ak eragindako osasun-krisiak etxean isolatuta egotera behartzen gaitu, eta horrek herritar askok, etxean, aisialdian, ingurune digitala intentsiboki erabiltzea eragin du. Une egokia izan daiteke, beraz, ikerlari, ikasle, interesdun eta ikusnahiek hiriaren baliabide honi etekina ateratzeko, izan ere Udal Artxiboak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, urtero, eskari gehien duena da. 2019an Fototekak 51.844 kontsulta izan zituen, guztira 276 erabiltzailek eginak. Hori 2017ekoen ia bikoitza da (urte horretan 27.421 irudi ikusi zituzten 144 erabiltzailek).
 

Hori bai, egile-eskubideei buruzko legeak betetzeko, eskura jarri diren argazkiak erabilera pribatu eta pertsonalerako soilik erabili ahalko dira. Beste edozein erabileretarako (argitaratu, erreproduzitu, erakutsi edo beste edozein modutan  publikoki hedatzeko) dagokion baimena eskatu beharko zaio Udal Artxiboari.
 

Argazki-album zabala denboran eta edukian

Duela hiru urte Iruñeko Udalak paperean zeuden argazkiak aplikazio informatiko baten bidez deskribatzeko prozesuari hasiera eman zion. Aplikazio horrek  erregistro deskriptiboei bihurketa digitalak txertatzea ahalbidetzen du. Esperientzia pilotu gisa, molde digitalera bihurtu zen lehen bilduma Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarena izan zen, eta berriki sartu da Udal Artxiboko gordailuan. 26 argazki-seriek osatzen dute, 668 unitatek, eta 1876ko data duten irudiak eta beranduagokoak ditu. Ondoren Udal Artxiboak Udal Bildumaren deskribapenarekin jarraitu zuen; dokumentu-kopuruari dagokionez, zabalenetako bat da, eta erabiltzaileek gehien kontsultatzen dituzten gaiei lehentasuna eman zitzaien katalogazio-hurrenkeran.
 

Gaur egun 8.500 agiri daude katalogatuta. Internet bidez herritarren eskura jarri diren Konpartsaren 668 argazki horiez gain, hiriko kale-izendegiaren 600 argazki baino gehiago daude; Karlismo, Errepublika eta gerra zibileko 115; sanferminetako 275; hainbat pertsonen 210, eta ‘Iruñeko bazterrak’ lehiaketako 121, 1999tik 2007ra bitartekoak. Prozesu hau oraindik abian da, izan ere Iruñeko Udal Artxiboan gordetako funtsak askoz gehiago dira, eta oraindik ere haietan esku-hartzen ari dira.
 

Sistema honen bidez eskuratzen ahal den argazki bakoitzak oinarrizko hainbat eremu deskribatzaile ditu, non agiri bakoitzaren funtsezko ezaugarriak jasotzen baitira, batez ere egilea, data edo argazkia egin zeneko gutxi gorabeherako data, izenburua edo lerroburu nagusia, neurriak eta agirien euskarria; eta informazio gehigarria duten kasuetan, ohar orokorrak.
 

Hainbat funts dituen zerbitzua: argazkiak, agiriak, funts bibliografikoak eta hemerografikoak

Iruñeko Fototeka funts eta bilduma multzo bat da, Udal Artxiboan gordeta dago, eta Udalak berak sortutako argazkiz eta bilduman sartzeko beste bide  batzuek baliatuz eskuratutakoez osatuta dago, instituzioek, enpresek zein partikularrek dohaintzan emandakoekin eta erositakoekin, alegia. Gaur abian jarriko den zerbitzu honen bidez Udal Artxiboak beste urrats bat emanen du ingurune digitalean. Izan ere, katalogatutako argazkiak doan kontsulta zitezkeen jada Merkatuko kaleko 11n (San Joan apaizgaitegi zaharra) dagoen egoitzara joanda.Orain aldi baterako itxita dago, ordea.
 

Iruñeko Udal Artxiboak Udalak 1423. urtetik sortutako agiri guztiak hartzen eta gordetzen ditu, eta herritarrei funtsetara sartu eta horiek kontsultatzeko aukera eman ohi die. Funtsak ez dira argazkilaritzakoak soilik, dokumentalak, bibliografikoak eta hemerografikoak ere badira horien artean. Halaber, Udal Artxiboak aukera eman ohi du XIX. mende amaieraz geroztiko Nafarroako egunkari mikrofilmatuen aleak aurrez aurre kontsultatzeko; fototekako funtsetara, oro har, sartzeko, eta hiriarekin, bertako bizitzarekin eta historiarekin zerikusia duten 19.000 bibliografia-erregistrotik gora kontsultatzeko.