Iruñeko Udalak herritarrei eta itxi behar izan duten negozioei lagunduko die, ekonomikoki, udal-zergetan deskontuak eginez eta haiek atzeratuz

Iruñeko Udalak herritarrei eta itxi behar izan duten negozioei lagunduko die, ekonomikoki, udal-zergetan deskontuak eginez eta haiek atzeratuz
Enrique Maya alkateak Gizarte Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko langileak zoriondu ditu, eta herritarrak, oro har, haien gizabidezko portaeragatik
Enrique Maya RP

 

Iruñeko Udalak bere esku dituen neurri ekonomiko guztiak hartuko ditu herritarrei, saltokiei, ostalariei eta osasun-krisialdia dela medio egunotan itxita egon behar izan duten hiriko beste negozioei laguntza emateko, aurrera jarrai dezaten eta jarduna zein enplegua berreskuratu ditzaten COVID-19ak eragindako egoera gainditutakoan. Horixe iragarri du Enrique Maya alkateak gaur goizeko prentsaurreko birtualean, udal-talde guztiek zentzu horretan agertu duten borondatearen berri ere eman duelarik. Agerraldian adore emateko mezu kementsua helarazi die herritarrei, bereziki uneotan garai latzak bizitzen ari direnei.

Alkateak agerian utzi du Udalak herritarrekin duen konpromisoa; izan ere, konpromiso horren erakusle dira funtsezko udal-zerbitzuak –gizarte-zerbitzuak eta herritarren-segurtasunekoak– indartu izana eta gainerako udal-alorretan herritarren eskariei erantzuteko txandakako taldeak ezarri izana, betiere zerbitzuak eta langileen osasun-segurtasuna bermatuta. Alarma-egoera beste 15 egun gehiagoz luzatuko dela jakin ondoren, Udalak are lehentasun handiagoa emanen dio, bihartik aurrera, telelanari, posible den lanpostu guztietan.

Osasun-krisi hau hasi zen une beretik Iruñeko Udalak herritarren arreta bermatu du. Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri nahi duten pertsona guztiek dituzte eskuragarri hala bide telematikoak –www.pamplona.es bidez– nola telefono bidezkoak –010 / 948 420 100–. Horrez gain, jendearendako aurrez aurreko arretari eutsi zaio, uneoro, ezinbesteko zerbitzuetan, hala nola auzo-unitateetan, udal-jantokian, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuan (EUAZ), Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroan edo Udaltzaingoan.

Zerbitzuak ematen jarraitzeko neurriez gain, Udala zenbait neurri ekonomiko hartzen ari da pertsona eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, izan ere, osasun-krisia dela-eta, diru-sarreren murrizketari aurre egin beharko diote. Zergen ordainketa atzeratzea da neurriotako bat; zehazki, zirkulazioaren gaineko zerga egunotan zen ordaintzekoa baina ez dira ordainketa-aginduak igorri.

Alkateak iragarri du alderdi teknikoak eta juridikoak lantzen ari direla udal-tributu guztiak murrizteko, negozioak itxita zenbat denbora egon eta horren proportzio berean. Horrek esan nahi du deskontuak egin nahi direla ordainketa hauetan: Jarduera Ekonomikoen Zergan, negozioei loturiko pasabideetan, terrazetan eta merkataritza- edo ostalaritza-lokaletako kontribuzioan. Horrez gain, ordainketak etenen dira, eta ordainketak geroratzeko bidea emanen.

Ildo horretan, dagoeneko lanean ari dira dagozkien deskontuak egiteko haur-eskoletako, musika-eskolako, kiroldegi-abonamenduetako eta COVID-19aren krisiaren ondorioz eman ezin diren beste zerbitzu batzuetako ordainagirietan.
Udal-teknikariak lanean ari dira dagoeneko neurri ekonomiko horiek ahalbidetuko dituzten arauak eta kudeaketak aldatzeko; gero udal-taldeei helaraziko zaizkie aldaketak, aztertu eta eztabaidatu ditzaten, eta, beharrekoa izanez gero, Nafarroako Parlamentuari indarreko araudia aldatzeko proposamena eginen zaio, Udalaren eskumeneko zergetan salbuespenak egin ahal izateko.

Udalean sortutako Koordinazio eta Prebentzio Batzordea egunero biltzen da, goizean, koronabirusaren osasun-krisi hau kudeatzeko. Enrique Maya alkatea da batzordeburua, eta honako hauek osatzen dute: hiru alkateordeak, Herritarren Segurtasuneko zinegotzia, Udaleko gerentea, Aholkularitza Juridikoko zuzendaria, Alkatetzako Alorreko zuzendaria eta Komunikazioko zuzendaria. Abiatutako neurrien jarraipena egiten dute, eta aurrerago abiatu beharreko jarduketak erabakitzen dituzte, agertokiaren bilakaera zer nolakoa den eta horren arabera. Koronabirusaren-krisiarekin zerikusia duen udal-informazio osoa Udalak udal-webgunean gaitu duen gune honetan kontsultatu daiteke: www.pamplona.es/coronavirus

Egunero ere, Bozeramaileen Batzarra egiten da, aipatu batzorde horrek ematen duen informazioaren berri eduki eta hura baloratzeko.

Udal-zentroak eta instalazioak itxita, eta bide publikoan egiten den jarduna etenda
Lehenbiziko neurri gisa, Iruñeko Udalak ixteko agindua eman zien Udalaren titulartasuneko hamar haur-eskolei, Joaquín Maya Musika-Eskolari, Catalina de Oscáriz Arte Eskolari eta Lantegi Eskolei, eta Gizarte Enpleguko ikastaroak bertan behera uztekoa. Horrez gain, beste udal-instalazio batzuk ere itxi ziren: Civivox sareko zazpi zentroak eta San Joan Bosco Zentroa, Gayarre antzokia, kiroldegiak eta kirol-guneak (Labrit pilotalekua, Aquavox, Arantzadi), Gaztediaren Etxea, Turismo Bulegoa, zentro komunitarioak, Casa Paderborn Etxea eta Jesús eta María udal-aterpetxeak, Ultreia Zentroa eta Ingurumen Hezkuntzako Museoa.

Halaber, beste udal-zerbitzu batzuk ixtea dekretatu zen, hala nola Zentro Elkarlaneko gunea, Ematic zentroa, Emakumeen Etxea, Harrotu eta Ziudadelako erakusketa-aretoak. Udal-gune horiek guztiak ixtearekin batera bertan behera geratu dira, martxoaren 12tik aurreikusita zeuden jarduera-programa oro, besterik jakinarazi arte. Hori guztia kutsatzeko arriskua handia ekiditeko, zentro horietara eta horietatik pertsona asko joan eta igarotzen baitira.

Udal-instalazioak eta zentroak itxi ez ezik, Udalak erabakiak ere hartu ditu bide publikoko ekitaldien gainean. Bide publikoa erabiltzeko jarduera-baimenak eten dira, pertsonak ez daitezen pilatu, pilaketa horietan hedatu baitaiteke koronabirusa. Bertan behera geratu da, aldi baterako, Landabenen igandeetan egiten den azoka; hiri osoko haur parkeak itxi dira (autobus-geltoki zaharreko gune estalia barne); Ziudadela eta Munduaren parketik ezin da igaro, itxi baitira; hiri-igogailuak itxi dira eta ur-hornidura moztu zaie Iruñeko iturriei.

Salbuespen gisa, ezkontza zibilak egiten dira oraindik ere Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan, eta ehorzketak eta errausketak, San José udal-hilerrian. Bi kasuetan 20 lagun bildu daitezke gehienez ere. Hilerria bisitetarako itxita dago, eta ehorzketak zein errausketak baino ez daude baimenduta.

Udal-merkatuak zabalik, eremu urdina etenda
Neurriok jende-pilaketak ekiditera bideratu dira, eta ildo horretan, Udalak martxoaren 16an agindu zuen taberna, jatetxe, kafetegi eta ostalaritza eta aisialdiko bestelako establezimendu guztiak ixteko, bai eta elkarte gastronomiko eta gazteendako aisialdi-lokalak ere. Kafe-dastalekuak dituzten okindegi edota gozodenden kasuan, jarduera elikagaien salmentara mugatu zaie, eta kafetegi-zerbitzua itxita dute.

Iruñeko Udalak zabalik ditu San Domingo, Zabalgune eta Ermitagañako merkatuak, segurtasun- eta higiene-neurriak zorroztuta, premia biziko elikagaiak saltzen baitituzte. Bermaturik dago, hortaz, produktu freskoen hornidura. Udalak Mercairuña eta Comiruña sozietate publikoen bidez ziurtatzen du hiriko merkatuen eta txikizkako merkataritzaren horniketa.

Hornidura hori bermatzeko, hain zuzen, salgaiak hirian banatzeko ordutegiak malgutzea erabaki du Udalak. 300 metro koadro baino gehiagoko saltokiak dituzten enpresek zamalanetarako ordutegi zabalagoa izanen dute, eguneko 24 ordukoa, martxoaren 29ra bitarte, hasiera batez. Bide publikoko garbiketa-lanak ere indartu dira, bereziki joan-etorri gehien duten guneetan, adibidez, elikagai-denda eta supermerkatuetan, hiri-garraioko geralekuetan eta ospitalegune eta osasun-zentroen inguruetan.

Joan den martxoaren 16tik hiriko Aparkatze Mugatuko Eremua etenda dago. Hortaz, libreak dira Iruñean lur gainean aparkatzeko dauden eremu guztiak, eta ez dago murrizketarik aparkatzeko tokien kolorea zein den –urdina, gorria, laranja edo berdea– eta horren arabera. Neurri hau herritarrei izapideak erraztu eta murrizteko hartu da, bide publikoan ematen duten denbora ahalik eta gehien laburtzeko eta parkimetroak kutsadura-iturri bihurtzea ekiditeko.

Gizarte-zerbitzuak bermatuta
Iruñeko Udalak jardunean mantendu ditu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, auzo-unitate guztiak, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua (EUAZ), Iruñeko Udal Jantokia eta Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa. Jardunean diraute, baita ere, Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldeko, Gizarte-zailtasunak dituzten haurrendako arreta-lantaldeko (HNAL) eta Gizarte Enpleguko programek.

Egun, 350 langile baino gehiago ari dira lanean Udalaren gizarte-zerbitzuetan, honakoez arduratzeko: etxez etxeko laguntza zerbitzua, gizarte-zerbitzuak, lantegi-eskolak, gizarte-enplegua, aterpetxeari arreta emateko programak eta genero-indarkeriaren biktima diren adingabe eta emakumeei lagun egitekoak.
Zerbitzu horiek emateko, onetsitako neurriak kontuan hartzen ari dira beti, esate baterako, pertsonen artean gutxieneko tarte bat gordetzea, telefono bidezko arreta lehenestea aurrez aurrekoaren aldean eta higiene- zein garbiketa-neurriak zorroztea, segurtasuna bereziki zainduta Etxez Etxeko Zerbitzuaren arretan. Etxebizitzetara bisitak egitea berekin dakarten programetan nahitaezkotzat jotzen diren horiek bakarrik egiten dira.

Iruñeko Udalak Jesús eta María turista eta erromesen aterpetxeko instalazioak eskaini ditu etxerik gabeko pertsonei arreta emateko. Trinitariosen dagoen zentroa beteta dago, “Ibiltariak” delako programa eten ondoren, baina baliteke ostatua behar duten pertsona gehiago egotea. Hori horrela, Udala eta Nafarroako Gobernua beharrezko kudeaketa eta izapideak egiten ari dira aterpetxea lehenbailehen zabaltzeko.

Administrazio-izapideak
Alarma-egoera ezartzen zuen 463/2020 Errege Dekretuz agindutako administrazio-baldintzen eta -epeen etenak ez dakar berekin prozeduren barne-izapidetzea etetea; beraz, alor bakoitzak segida emanen die etenda gelditu diren epe eta tramitazioekin zerikusirik ez duten izapideei. Azken egunotan zenbait prozedura gelditu dira, hala nola Iruñeko haur-eskola publikoetarako eta Joaquín Maya Musika Eskolarako behin-behineko izen-emateak, bai eta dagoeneko NAOn argitaratutako dirulaguntzen-deialdietarako epeak ere, gurasoen elkarteendako edo eskolaz kanpoko jardueretarako dirulaguntzenak adibidez.

Iruñeko Udalak aurrez aurreko udal-erregistro bat mantendu du zabalik, Zapateria kaleko 40an. Ohiko ordutegian ematen du arreta, hots, 08:30etik 14:30era, eta segurtasun- eta higiene-neurriak zorroztu dira. Edonola ere, Udalak bide telematikoa azpimarratu du, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez egin daitezkeelako izapide asko, inongo udal-erregistro edo -bulegotara joan beharrik gabe.

Udal-langileei buruz
Iruñeko Udalak koronabirusa dela-eta garatu duen Ekintza Plan eta Estrategiaren barruan daude udal-langileendako neurriak: segurtasun-tarteak ezartzea lantoki ezberdinen artean, higiene- eta garbiketa-neurriak zorroztea eta kontaktu fisikoa ekiditea; azken neurri hori funtsezko zerbitzuetako jendaurreko arretan zorroztu da, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan eta Udaltzaingoan kasu. Udalak telelana sustatzeko neurriak bultzatu ditu, eta protokolo bat aktibatu du arinago kudeatzeko berrogeialdian dauden senideen zaintzarako baimen-eskariak eta baja-agiriak bide telematikoen bidez aurkezteko.

Egoerak azken astean izan duen bilakaeraren ondorioz Udalak neurri berriak onetsi ditu hala zerbitzu publikoak nola udal-langileen osasuna bermatzeko. Udal-alor guztietan lantaldeak sortu dira, bulegoan eta etxean lan egiteko txandak izanen dituztenak, halako moduan non gaixotasuna hedatzeko arriskua murriztu eta mugatuko baita. Hori horrela, txandakatu egiten dira lantokian aritzen diren langile-taldeak eta etxean telelanaren bidez edo beste bide batzuen bidez aritzen direnak.

Udaltzaingoaren kasuan, epidemiari aurre egiteko zenbait protokolo abiatu dira, prestakuntzarako, babeserako eta deskontaminaziorako, ustez birusak jotako pertsonak artatu eta lekuz aldatzeko zerbitzuetan aritu daitezkeen udaltzainei zuzenduak. Horrez gain, Udaltzaingoaren garajean bertan deskontaminazio-gune bat prestatu da, polizia-jardunetan erabili diren eta kutsaturik egoteko arrisku handia duten ibilgailuetarako. Kasu horietan, bai ibilgailuei bai udaltzainei deskontaminazio-protokolo zurrun bat ezarriko zaie; horrek barne hartzen du, beste neurri batzuen artean, ibilgailua kanpotik eta barrutik garbitzea produktu desinfektatzaileekin.


Lan horiek egiteko funtsezkoa izaten ari da SAR (Salbamendua, Laguntza eta Erreskatea) lantaldearen laguntza, bitartekoez eta eskarmentuaz ari baitira laguntza ematen biziki zailak diren garaiotan.

¿Te ha sido útil esta página?