
Iruñeko Udalak bat egin du Nafarroako Unibertsitateko Museoarekin ‘Kontatzea, ez ahazteko’ proiektuan; ekimen hori jasotzen ari da 14 urtetik gorakoek COVID-19ari buruzko beren bizi-esperientzia kontatzen dituzten idatzizko testigantzak. Bilduma horrek etorkizunerako babestu nahi du esperientzia kolektibo hori, storytelling teknikaren bidez, kontakizun pertsonalak balioesteko eta pandemiak eta bere ondorioak emozioetan eta gizartean izandako inpaktuaren informazioa biltzeko, eta hori garrantzitsua izan daiteke etorkizunean azterketak egiteko eta erabakiak hartzeko. Halaber, hedabideek sortutako diskurtso ofizialaren osagarri izanen da.
Udalak bizilagunei eskatu nahi die artxibo-proposamen horretan parte har dezaten, eta hori erraz egin daiteke proiektuaren https://narrarparanoolvidar.munencasa.es/que-es-el-archivo/ webgunearen bidez.
Gehienez ere 4.000 karaktereko testuak izan beharko dira, eta ‘hodeitik’ deskargatu daitezkeen bideoekin, irudiekin edo audio artxiboekin batera joan daitezke. Kontakizunak gaztelaniaz zein euskaraz jasotzen dira, sinatuak zein modu anonimoan, eta proiektuan lan egiten duen taldeak testuetako balizko akatsak berraztertu eta editatuko ditu. Halaber, egileei amaierako emaitza jakinaraziko die, eta bidali zuena ez badago ados, berriz hartzen ahalko du. Interesdunek, gainera, informazio gehiago eskatzen ahalko dute edo zalantzak kontsultatu, hemen: narrarparanoolvidar@munencasa.es Kontakizunak publikoki txertatuko dira webgunean; izan ere, batzuk irakur daitezke jada.
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak lankidetza-hitzarmen bat dute hirian kultur jarduerak sustatzeko eta 2021. urtean beste jarduera artistiko batzuk garatzeko aukera ematen duten sinergietan lan egiteko. Museoak, kultur erakundea den aldetik, beste zeregin batzuen artean, azken urteotako historia kontatzen duen dokumentu oro erregistratu eta kontserbatzeko betebeharra du, eta proiektu honetan banakako kontakizun bakoitza gehitu egiten da, iruditeria kolektiboa eta testuinguru soziala eratzeko.
Herritarrei irekitako proposamen horrekin batera, 'Kontatzea, ez ahazteko' ekimenaren mahai-ingurua eginen da, ekainaren 21ean, astelehenarekin, 19: 00etan, Kondestablearen Jauregian, proiektuaren inguruko azalpenak emateko. Dailey Fernández, proiektuaren komisarioa, Inés Olza, taldeko kidea eta narratibetan aditua den bitartekaria eta Daniel Franco, parte-hartzailea izanen dira bertan.