Iruñeko Udalak herritarrak klima-aldaketaren kontrako borrokan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu ‘Herritarrak abian’ ekimenaren bi lantalderen bidez

Iruñeko Udalak herritarrak klima-aldaketaren kontrako borrokan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu ‘Herritarrak abian’ ekimenaren bi lantalderen bidez
Jasangarritasun Eskolak ekimen indibidualak eta kolektiboak aztertuko ditu, energia-trantsiziora eta airearen kutsadurari aurre egitera bideratuak

 

Iruñeko Udaleko Jasangarritasun Eskolak ‘Herritarrak abian’ ekimena abiatu du, herritarrak klima-aldaketaren aurkako borrokan zuzenean inplikatzeko. Horretarako bi lantalde antolatu ditu: energia-trantsizioari buruzkoa eta airearen kutsadurari buruzkoa. Jarduera hau neguko ingurumen-programazioaren barruan dago, zeinak barne hartzen baititu lantegiak, erakusketak eta hitzaldiak, urtarriletik apirilera bitarte.

Ekimen horrek herritarrak kontzientziatu nahi ditu klima-aldaketaren aurrean konponbidearen parte bihurtzeak duen garrantziari buruz. Astean behingo hitzaldien bidez, Iruñeko egungo egoera aztertuko da eta hainbat proposamen indibidual eta kolektibori helduko zaie, kutsadurari eta energia fosilen kontsumoari aurre egiten laguntzen ahal dutenak. Zehazki, Klima Ekintzarako Lantaldeak trantsizio ekologikoaren aldeko herritarren apustuaren hazia izan nahi du. Oraindik ere leku libreak daude jardueran izena emateko, eta Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoan eginen da, zazpi asteazkenetan zehar, 18:00etatik 20:00etara.

Taldea datorren asteazkenean jarriko da martxan, urtarrilaren 19an, eta saioak eginen dira otsailaren 2an eta 16an, martxoaren 9an eta 23an eta apirilaren 6an eta 27an. Parte-hartzaileek, Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak lagunduta, kontsumoetan eta energia lortzeko moduan aldaketak eragin ditzaketen ekimenak aztertuko dituzte. Ebaluatu daitezkeen konpromisoak hartzea da helburua, trantsizio ekologikoko prozesuak martxan jartzeko.

Airearen analisia balkoietan

‘Herritarrak abian’ programaren barruan beste lantalde bat proiektatu da, airearen kutsadura ardatz izanen duena. ‘Eta zuk nolako airea arnasten duzu? Herritarren zientzia laborategia eta airearen kalitatea’ izenburupean, talde horrek hiriko airearen kalitateaz eta zirkulazioak harengan duen eraginaz kontziente izan nahi du, baita osasunean izan ditzakeen eraginaz ere, batez ere arnas aparatuko gaitzak dituztenengan.

Lantegiak batez ere praktikoa izan nahi du. Horretarako, parte-hartzaileek beren etxeetan bertan esperimentatuko dute airearen kutsadura eta izaki bizidunengan duen eragina. Landareak dituzten lorontzien bidez eginen dute. Etxeetara eraman eta kanpoko espazioetan jarriko dituzte, eta hiru hilabetez zaindu. Behin aldi hori amaituta, landareak jaso eta aztertuko da landareetan metal astunik eta bestelako mineralik ote dagoen. Bertaratzen direnek azterlanetik eratorritako emaitzak interpretatzen ikasiko dute eta airearen kalitatean inplikatutako faktoreei buruzko gogoetan parte hartuko dute, ondoren alternatiben bilaketan lan egiteko.

Proiektu honetan aurrez aurreko bi saio eginen dira, urtarrilaren 20an eta otsailaren 3an, 19:00etan, Ingurumen Hezkuntzako Museoan, Iker Aranjueloren eskutik, zeina ikerlaria baita Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko Agrobioteknologia Institutuan (IdAB-CSIC).

Ekimenak herritarren eta zientzialarien arteko lankidetza indartu nahi du, gizartean ezagutza sustatzeko eta ingurumenaren kontserbazioan interesa duten pertsonen sare bat osatzeko. Era berean, herritarrak prestatu nahi ditu, haiengan mugikortasun jasangarriaren aldeko aldaketa sustatzeko, hirietako trafikoa eta airearen kutsadura murrizte aldera.

Lantegiak, ikastaroak eta erakusketak 

Ohikoa den bezala, Jasangarritasun Eskolak doako jarduerak eskainiko ditu datozen hilabeteotan, besteak beste bizikletak konpontzeko lantegiak, fruta-arbolen inausketari edo sendabelarrei buruzkoak, familiarteko lantegiak, erakusketak eta ohiko dirurik gabeko truke-azoka txikia. Jarduera guztietan izena emateko 010 Herritarrendako Arreta Telefonora dei daiteke (948 420 100, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero), baita Jasangarritasun Eskolaren gainerako jardueretan izena emateko ere.

Programa hau ‘Go Green Iruña’ delakoaren parte da. Estrategia horrek hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak hartzen ditu barne, eta datozen urteetarako jarduketa-ildo berriak zedarritzen ditu, haiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz. Programazio osoa Ingurumen Hezkuntzaren webgunean kontsultatu daiteke.

¿Te ha sido útil esta página?