Golem zinema-aretoetan Hemengoak dokumental-emanaldia proiektatuko da gaur arratsaldean, 17:00etan. Ikus-entzunezkoa Sagone Films zinema ekoiztetxeak sortu du Iruñeko Udalerako. Iruñeko Udalak apustu sendoa egiten du Iruñeko haur-eskola publikoetarako menuetan elikagai freskoak, sasoikoak eta hurbilekoak erabiltzeko, bai eguneroko 1.200 bazkarietan, bai hamaiketakoetan, eta horixe irudikatzen du ikus-entzunezkoak Hamaika haur-eskolak dute zuzenean kudeatutako jantoki-zerbitzua, jardunaldi osoa eskaintzen baitute 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako. Sarearen hamabigarren ikastetxea José María Huarte HE da. Ikastetxe horrek ez du jantoki-zerbitzurik, jardunaldi erdiko plazak izaten baititu bakarrik. Aldiz, hamaiketakoak ematen ditu.
Dokumentalak 55 minutu irauten du, eta udal-proiektuaren filosofia herritarrekin partekatzeko ekimen bat da. Gaur arratsaldean Golem baiona zinema-aretoan proiektatuko da, 17:00etan, eta doako eta jendearentzat irekitako saio bat izanen da. Atzo, abenduak 10, berariazko emanaldi bat egin zen, eta Iruñeko Haur Eskolen Sarearen 250 pertsona inguru bildu ziren, proiekturako garrantzitsuak diren beste pertsona batzuekin batera. Lehen emanaldi horretara Maider Beloki Unzu Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako lehendakaria joan zen.
Gidoiak Haur Eskoletan zerbitzatzen diren elikagaiak jorratzen ditu. Dokumentala Nafarroan eta Madrilen filmatu dute, eta familien ostalaritzako profesionalen, hezitzaile eta teknikarien eta nekazaritzako eta abeltzaintzako alorreko langileen testigantzak jasotzen ditu. Halaber, hauen testigantza ere biltzen du: Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko Funtsaren ordezkariarena eta Nafarroako Pediatria Elkarteko ordezkari batena. Donibane eta Buztintxuri haur-eskoletan filmatu dute, bai eta Pirinioetako eta Baztango nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenetan ere.
Elikadura mundu-mailako proiektu pedagogiko gisa
Udalaren ekimena 2016ko Milango itunaz geroztik garatu da. Hemengoak proiektuak elikadura-sistema jasangarri eta osasungarriagoa izatearekin lotutako estrategiak barne hartzen ditu; izan ere, estrategia horiek adingabeendako dira bereziki garrantzitsuak, etengabe garatzen eta elikadura-ohiturak eraikitzen ari baitira. Ekimena ikastetxearen bidez antolatzen da, sukaldariek bertan prestatzen baitituzte bazkariak, kalitate-irizpideak jasotzen dituen kontratu baten bidez hornitutako lehengaiekin; kalitate-irizpide horiek dira, besteak beste, hornitzen diren elikagaien % 100 prozesatu eta izoztu gabeak izatea eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren otorduak prestatzeko eta zerbitzatzeko Higiene Jardunbide Egokien Gida betetzea.
Gainera, elikadura mota horrek 0 kilometroko etiketa du helburu, lurraldean errotutako hurbileko ekoizpeneko produktuak, tokiko produktuak eta merkaturatze-zirkuitu laburreko produktuak erabiltzea alegia; besteak beste, txahal-haragia, oilasko-haragia, arrautzak, jogurta, frutak eta barazkiak, zerealak eta lekaleak, pasta, olioa, ogia, tomate-kontserba edo ozpina.
Dokumentalak aitortza egin nahi izan dio Udalaren lan-ildo horri. elikaduraren bidez osasuna eta jasangarritasuna jorratzeaz gain, zuzeneko kudeaketa publikoko sistema baten barruan egiten da lan hori, eta mundu-mailako proiektu pedagogikoaren beste elementu bat da.