Apirilaren 26an, ostiralarekin, amaituko da Iruñeko Udalak antolatutako Haurrendako Literatur Lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Lehiaketa ipuin eta komikien kategorietan antolatu da eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta dago. Iruñean erroldatuta dauden edo ikastetxea Iruñean duten 6 eta 14 urte bitarteko haurrek parte hartzen ahalko dute.
Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko, gai librean –euskaraz edo gaztelaniaz idatzita–, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ikastetxe bereko ikasleek egindako talde-lanak aurkezten ahalko dira. Lan bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu. Aurkeztutako ipuin eta komikiek ezin izanen dute ez bultzatu ez erreproduzitu jarrera diskriminatzaile, xenofobo edo sexistarik, ezta pertsonen duintasunaren eta giza eskubideen kontra doanik ere.
Ipuinen modalitatean, kategoria eta gehienezko luzera desberdinak ezarri dira ikasmailaren arabera. A kategoriak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak hartzen ditu, eta gehienez ere alde bakarretik idatzitako bi orriko lanak aurkezten ahalko dituzte; B kategoriak 3. eta 4. mailetako ikasleak hartzen ditu, eta gehienez hiru folio aurkezten ahalko dira lan bakoitzeko; C kategoria 5. eta 6. mailetako ikasleei dagokie, eta lanek 4 folioko luzera izanen dute gehienez ere; eta D kategorian, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleenean, lanak 6 foliora artekoak izaten ahalko dira. Kasu guztietan, lanek eduki ahal dituzten ilustrazioak ere sartzen dira.
Komiki-modalitateak bi kategoria ditu: A kategoria, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleendako, eta B kategoria, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleendako. A kategoriarako, aurkeztutako lanen gehieneko luzera 3 foliokoa izanen da, alde bakarretik idatzita, eta B kategoriarako, berriz, lau foliokoa, alde bakarretik idatzita. Bi kasuetan, azala gehieneko hedadura horretatik kanpo geratzen da.
Eskola-material sortak sari gisa
Kategoria eta modalitate bakoitzean lehen saria lortzen duten lanek eskola-materialaren lote bat jasoko dute, 200 eurokoa, egilearendako, eta eskola-materialaren lote bat, 250 eurokoa, parte-hartzailea matrikulatuta dagoen ikastetxearendako. Bigarren sariek 150 euroko eskola-materiala dute lanaren egilearendako, eta hirugarren sariek 100 euroko eskola-materiala.
Lehen sariaren irabazleak Iruñetik kanpo dagoen ikastetxe batean ikasten badu, ikastetxeak ez du jasoko dagokion eskola-materialeko sorta. Saritutako lana hainbat egilek egin badute, sarien zenbatekoa ez da aldatuko, hau da, taldeak emandako sariari dagokion zenbatekoko txartel bakarra jasoko du. Salbuespen gisa, kategoria bakoitzeko accesit bakarra ematen ahalko da, inolako diru-saririk gabekoa.
Lanak paperean aurkeztea
Lanak interesdunek edo ikastetxeek aurkezten ahalko dituzte. Papereko formatuan aurkeztu beharko dira, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrean (Descalzos k. 72, 31001 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen den beste edozein bideren bidez. Lan bakoitza inolako identifikaziorik gabeko gutun-azal batean aurkeztuko da, honako hau idatzita: ‘Iruñeko Udalaren Haurrendako Literatur Lehiaketa’ testua eta hizkuntza, lanaren modalitatea, zein kategoriatara aurkezten den, lanaren izenburua eta egilearen edo taldearen lema edo goitizena.
Gutun-azalaren barnean, lanaz gain, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita, egilearen ikurritzaz edo izenordeaz errotulatua, non egilearen datu hauek sartuko baitira: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, ikasmaila eta ikastetxea. Lana talde-lana bada, egile bakoitzaren datu pertsonalak agertuko dira, arestian aipatutakoak.
Lanak baloratzeko irizpideak
Lehiaketaren epaia emateko aplikatuko diren irizpideak ikasleek ikasturte bakoitzean egiten dituzten ebaluazio-probetan baloratzen diren berberak dira. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aurkezpena eta ortografia; koherentzia, istorioaren egitura, pertsonaien sorrera eta tratamendua; gramatikaren zuzentasuna eta lexikoaren aberastasuna; originaltasuna, sormena eta egiantzekotasuna; literaturako eta literaturaz kanpoko beste alderdi batzuk; eta komikiaren beste hizkuntza-baliabide batzuk.
Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izanen da epaimahaiburu, eta mahaikide izanen ditu aurkeztutako proposamenak ebaluatzeko garaian Lehen Hezkuntzako irakasleak, udal-teknikariak eta haur-literaturan eta komikietan edo adierazpen plastikoan adituak.