Iruñeko Udalak Haurrendako Literatur Lehiaketa antolatu du berriz: 6 eta 14 urte bitarteko haurrek idatzitako ipuinik eta komikirik onenak sarituko dituzte

Iruñeko Udalak Haurrendako Literatur Lehiaketa antolatu du berriz: 6 eta 14 urte bitarteko haurrek idatzitako ipuinik eta komikirik onenak sarituko dituzte
Hainbat kategoria ezarri dituzte, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik hasi eta Bigarren Hezkuntzako bigarren mailaraino




Iruñeko Udalak beste urte batez antolatu du Haurrendako Literatur Lehiaketa, 6 eta 14 urte bitarteko haurren sormena eta irudimena saritzeko. Lehen Hezkuntzako haurrei eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan dauden gazteei zuzendua da, eta bi modalitate izanen dira: ipuinak eta komikiak, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Orotara, 8.400 euroren aurrekontua dute sarietarako. Ikasturteen arabera banatu dituzte kategoriak, eta guztietan emanen dituzte sariak. 

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Iruñean erroldatuta egotea edo hiriko ikastetxeren batean ikastea. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitateko. Bakarka nahiz taldeka sortzen ahalko dira lanak, betiere ikastetxe berekoen artean eginak badira. Hori bai, idatziek jatorrizkoak izan beharko dute, eta gaia librea izanen da, baina ez da onartuko indarkeriazko jarrerak bultzatu edo adierazten duen lanik, ez eta jarrera baztertzaileak, xenofoboak eta sexistak bultzatu edo adierazten duenik edo gizakien duintasunaren eta giza eskubideen aurkakorik ere. 

Ipuinen modalitatean lau kategoria ezarri dituzte, lehiakideen adinaren arabera banatuta. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek aurkezten dituzten lanak bi orrialdekoak izaten ahal dira gehienez ere, bi orritan idatzita. 3. eta 4. mailakoen idatziak, berriz, hiru orrialdekoak izaten ahal dira, eta 5. eta 6. mailakoenak, lau orrialdekoak. Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek gehienez ere sei orrialdeko lanak aurkezten ahalko dituzte. Kategoria guztietan, marrazkiak sartzeko aukera ere izanen dute luzera horren barruan. 

Komikien modalitatean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek hartzen ahalko dute parte. Lehen Hezkuntzako ikasleek, azala kontuan hartu gabe, hiru orrialdeko komikiak aurkezten ahalko dituzte gehienez ere, hiru orritan banatuta, DIN A-4 formatuan edo formatu horren neurrian.  Bigarren Hezkuntzakoen lanak, ostera, lau orrialdekoak izanen dira gehienez ere. 

Ezizenez sinatutako lanak
Posible izanen da lehiakide bat bi kategorietara aurkeztea, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, kategoria bakoitzean lan bat aurkezten badu betiere, desberdina. Ez da onartuko lan bera itzulita aurkeztea.  Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrera helarazi beharko dira lanak, apirilaren 25a baino lehen. Hona hemen helbidea: Descalzos kalea 72.  Lanak gutun-azal batean sartuta aurkeztuko dira, inolako identifikaziorik gabe; hori bai, lana zer modalitatetakoa den adierazi behar da, zer kategoriari dagokion, zer hizkuntzatan dagoen, zer izenburu duen lanak, eta egilearen edo egileen ezizena.

Gutun-azal horren barruan, lanaz gain, beste gutun-azal bat sartu behar da, itxita eta kanpoan ezizena idatzirik duela. Gutun-azal horretan sartu behar dira egilearen datu pertsonalak: izena, abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, ikasmaila eta ikastetxearen izena. 

Epaimahaiak hiru sari emanen ditu kategoria bakoitzean, hainbat irizpide oinarri hartuta: aurkezpena eta ortografia, istorioaren koherentzia eta egitura, hiztegiaren aberastasuna, originaltasuna, sormena, eta literaturarekin lotutako eta literaturatik kanpoko beste zenbait alderdi. Lehen saria eskuratzen duenak 200 euro jasoko ditu eskola-materialetan, eta ikastetxeari beste 250 euro emanen dizkiote, eskola-materialetan hori ere, betiere Iruñean badago. Bigarren saria ere eskola-materialen sorta bat izanen da, 150 eurorena, eta hirugarren saria irabazten duenak 100 euro lortuko ditu eskola-materialetan. Halaber, epaimahaiak accesit bat ematen ahalko du kategoria bakoitzean, baina accesita eskuratzen duenak ez du saririk lortuko ez dirutan, ez materialetan. 

Lan irabazleak Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, eta, egoki iritziz gero, posible izanen du horiek erreproduzitu eta zabaltzea. 


2025EKO HAURRENDAKO LITERATUR LEHIAKETA

Lanak aurkezteko azken eguna: apirilak 25

Baldintzak:

  • 6 eta 14 urte bitartekoa izatea (Lehen Hezkuntzako ikasleak eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko gazteak) eta Iruñan erroldatuta egotea edo Iruñeko ikastetxeren batean ikastea.
  • Gaia librea izanen da, eta lanek jatorrizkoak izan behar dute; ez da itzulpenik onartuko. Ezin izanen da lan bera bi hizkuntzetan aurkeztu. 

Ipuinen modalitatea (euskaraz zein gaztelaniaz)

  • A kategoria: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak. Gehienez ere 2 orrialde, 2 orritan.
  • B kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak. Gehienez ere 3 orrialde, 3 orritan.
  • C kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak. Gehienez ere 4 orrialde, 4 orritan.
  • D kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarrena mailak. Gehienez ere 6 orrialde, 6 orritan.

Komikien modalitatea (euskaraz zein gaztelaniaz)

  • A kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak. Gehienez ere 3 orrialde, 3 orritan (azala kontuan hartu gabe).
  • B kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarrena mailak. Gehienez ere 4 orrialde, 4 orritan. 

Sariak (kategoria, modalitate eta hizkuntza bakoitzeko) 

  • Lehen saria: 200 euro eskola-materialetan egilearendako, eta 250 euro eskola-materialetan ikastetxearendako (Iruñean badago betiere).
  • Bigarren saria: 150 euro eskola-materialetan egilearendako. 
  • Hirugarren saria: 100 euro eskola-materialetan egilearendako.
     
¿Te ha sido útil esta página?