
Tokiko Gobernu Batzarrak 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako hiru parke hornitu eta eraberritzeko kontratuaren adjudikazioa onetsi du, hiriko gune hauetan: Tomás Caballero parkean, San Frantzisko plazan eta Santa Luzia pasealekuan. Kontratuaren xedea da Arrosadiko, Alde Zaharreko eta Buztintxuriko haurrendako hiru guneetako haurrendako jolasak eta segurtasun-zoladurak ordeztu eta berritzea, inklusio- eta irisgarritasun-irizpideak kontuan hartuta.
Kontratua 261.223,27 euroz hornituta dago, abuztuan lizitatutako hiru lote independenteendako: 1. lotea, Tomás Caballero parkekoa, Astobizkar SL enpresari adjudikatu zaio 76.093,27 euroan; 2. lotea, San Frantzisko plazakoa, Isplay Urban Design enpresari, 119.790 euroan, eta 3. lotea, Santa Luzia pasealekukoa, Sumalim SL enpresari, 65.340 euroan. Lote bakoitza gauzatzeko epea 12 astekoa da, elementuak hornitzeko berme-epea, 2 urtekoa eta zoladura-lanak egitekoa, 3 urtekoa.
Adjudikaziorako honako irizpide hauek hartu dira kontuan: irizpide kualitatiboak, hala nola jolasgunearen osaera (25 puntu), proposatutako jolas-elementuen inklusio- eta irisgarritasun-maila (5 puntu), proiektuaren estetika (10 puntu) eta eskainitako materialen kalitatea (10 puntu); eta irizpide kuantitatiboak, besteak beste, eskaintza ekonomikoa (15 puntu), berme-epearen luzapena (6 puntu), piezak birjartzea (9 puntu), irizpide sozialak (10 puntu) eta ingurumen-irizpideak (10 puntu). Bederatzi enpresak aurkeztu dituzte proiektuak.
Haurrendako hiru parkeak
Tomás Caballero parkean jolasguneak egun hartzen duen espazio berbera hartuko du, baina mugikortasuna errazten duen antolamendu berri batekin. Astobizkar SL enpresa adjudikaziodunak neurrira egindako diseinu bat sortu du, akazia-zurez egindako zuhaitzetako etxoletan barnako jolasa planteatuta: multzoa enbor bertikalekin eraikitako eta altuera ezberdinetako sei dorrez osatuta dago. Dorreak hiru pasabideren eta bi zubi zintzilikariren bidez lotuta daude, eta zuhaitzen artean mugitzearen sentsazioa birsortzen dute. Gainera ‘mikado’ erako jolas libreko egitura organiko bat gehituko da, soka-sareekin eta kabia motako zabu batekin, bai eta bi txirrista ere. Multzoarekin batera oreka-motzondoak jarriko dira, enbor bertikalekin eta soka esekiekin konbinatuta, oreka-ibilbide txiki bat osatuta.
San Frantzisko plazaren kasuan, proiektua egungo jolasgunearen tamainara egokituko da, plazak oinezkoen joan-etorri asko jasaten baititu. Jolasgune berritu, erakargarri eta berritzaile bat izatea da xedea, jarduera fisikoa, sormena eta haurren arteko gizarte-harremanak sustatuko dituena. Proposamenak akazia-zurez egindako ‘mikado’ erako jolas libreko parke berri bat barne hartzen du. Horrez gain, zabuak, txirristak eta beste gailu berritzaileago batzuk jarriko dituzte, hala nola ohe elastiko txiki bat eta elementu birakariak.
Santa Luzia pasealekuan, Buztintxurin, egungo estalkiaren azpian dauden jolasak jolas anitzeko bi multzorengatik ordeztuko dira: bata, bete-betekoa, 3-12 urteko haurrendako, 35 pertsonendako edukiera eta 2,3 metroko plataforma dituena, eta nagusienei erronkak jartzeko aproposa; eta, bestea, txikiendako jolas anitzeko multzoa, 1-7 urtekoendako, 22 pertsonendako edukierarekin. Halaber, aldi berean bost zabu dituen zabu pentagonal bat, eskalatzeko plataforma txiki bat, eta kulunkatzeko eta oreka lantzeko elementu batzuk ere izanen ditu.