Iruñeko Udalak hasiera eman dio hiriko uso-populazioaren gaineko kontrolari

Iruñeko Udalak hasiera eman dio hiriko uso-populazioaren gaineko kontrolari
Hiriko hegaztiak aztertzen eta kontrolatzen espezializatutako enpresa bat arduratuko da antzemandako superpopulazioari aurre egiteaz

 

Azken asteotan hirian antzeman den uso superpopulazioari erantzuteko, Iruñeko Udalak hasiera eman die hiriko hegazti hauen populazioa kontrolatzeko lanei. Horretarako ‘Comertu Control de Aves’ enpresarengana jo du, adituak baitira halako egoerak aztertu eta kontrolatzen. Lanen xedea hiriburuko uso populazioa murriztea da, osasun-arriskuak minimizatzea ahalbidetuko duen ale kopurua lortze aldera, eta, aldi berean, hegazti hauek hiriko puntu zehatzetan biltzeak herritarrei eragiten ahal dizkien eragozpenak lehenbailehen desagerraraztea.
 

Iruñean gauzatuko den jarduketa plana indarrean diren animalien ongizaterako neurriak une oro kontuan hartuta aukeratu da. Paraleloki, jarduketek herritarren lankidetza dute oinarri, 010 herritarrendako arreta telefonoan jasotako jakinarazpen eta kexen bidez arazo gehien dauden lekuetako jarduketak lehenetsiko baitira. Jakinarazpen bakoitzaren xehetasunak baliogarriak izanen dira adituek egoera bakoitzean konponbide tekniko egokienak eman ahal izateko, hegazti hauek eragiten dituzten eragozpenak deuseztatze aldera.
 

Hiriko hegaztien kontrolerako adituen lana
 

Hegazti horiek Iruñean duten presentziaren kontrola, hasierako lan batzuetan honakoa ikusi eta gero hasi zen: zenbait puntutan populazioak izurritetzat hartua izateko ale-kopurua gainditzen zuen, hots, kilometro koadroko 300 eta 500 uso bitarte egotea. Planaren lehen fasean datu horiek konfirmatzeko errolda eginen da, lauki-sareka. Eta hortik abiatuta superpopulazioaren kudeaketa eraginkorragoa egin ahal izanen da.
 

Ondoren, adituek etzalekuak bilatuko dituzte, horiei lotuta egon daitezkeen eta osasun publikorako arriskutsuak izan daitezkeen kutsadura- eta osasungaiztasun-fokuak detektatzeko eta deuseztatzeko. Horrez gain, beste neurri batzuk ere aplikatuko dira, hala disuasio-metodoak nola bestelako ohiturak hartzeko teknikak, haien bidez hegaztiak beste puntu batzuetara bideratzeko, non habiak egin eta elikatu baitaitezke. Horrela, auzotarrei eragozpenik ez eragitea lortuko da, eta posible izanen da kontrola mantentzea bai populazio mailan bai osasun mailan.
 

Plan honen beste elementuetako bat duela bi urte Taconera parkean jarritako usategi ekologikoa izanen da. Aztertu eta egokitu ondoren –orain arte ez baitu erabilerarik izan–, errunaldiak kontrolatzeko espazio gisa erabiliko da. Ekipamendu horrek 200 uso-ale har ditzake gehienez, eta usoak aurrez detektatu eta aztertu diren habiak egiteko guneetatik bertara bideratuko dira.

¿Te ha sido útil esta página?