
Iruñeko Udalak datozen sanferminetan omenaldia egin nahi die oraindik festak bizi izan ez dituzten umeei. Azken bi urteetako etenaldiaren ondorioz, 2019ko uztailaren erdialdetik jaiotako milaka haurtxok ez dituzte sanferminak ezagutu eta ez dute Erraldoi eta Buruhandien konpartsa lagundu, haurrendako hainbat ‘unetxoren’ artean.
Udalak itxaronaldi hori aitortu nahi du eta txiki horiekin detaile bat izan, uztailaren 11n, (astelehena) ospatuko den sanferminetako Haurren Egunarekin bat eginez. Egun horretan, 13:00etan, harrera-ekitaldi bat eginen zaie Udaletxean 2019ko uztailaren 15etik 2022ko ekainaren 21era bitarte jaiotako 15 haurri. Haurrak zozketa bidez hautatuko dira, eta zozketan parte hartzeko epea ekainaren 15ean, asteazkenarekin, hasi eta 21ean amaituko da.
Izena emateko bi bide erabil daitezke: 010 – 948 420 100 telefonoa eta www.pamplona.esudal-webgunea. Izena ematen ahalko dute Iruñean jaiotako eta hirian erroldatutako haurrek. Izena emateko eskaeran adierazi beharko dira aitaren edo amaren izena, abizena eta NANa, seme edo alabaren izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa eta/edo helbide elektronikoa, dagozkien jakinarazpenak jasotzeko. Hautatutako haur bakoitzarekin batera gehienez ere bi laguntzaile joaten ahalko dira. Zozketa ekainaren 22an, asteazkenarekin, izanen da.
Ezin direnez sanferminik gabeko tarte horretan jaiotako haur guztiak gonbidatu udal-eraikinetan ez baitago tokirik, Iruñeko Udalak nahi du hamabost ume horiek aurten sanferminak lehenengoz biziko dituztenen ordezkariak izatea.