Arratsaldean Iruñeko Udalak erakunde-harrera eskaini dio Osasuna Klub Atletikoko lehen taldeari, atzo Lehen Mailarako igoera erdietsi ostean. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izan da, eta bertan Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kide batzuek zein Osasuna Klub Atletikoko jokalariek, kidego teknikoak eta zuzendari-taldeak hartu dute parte.
Ospakizunak arratsaldeko zazpiak eta laurden aldera hasi dira, taldearen autobusa Udaletxe plazaren ingurura iritsi bezain laster. Plantilla oinez joan da orduan Udaletxeraino, eta bertan Iruñeko alkateak egin die harrera. Behin harrera-aretoan, ekitaldi labur bat izan da, non alkateak berak, Luis Sabalza Osasuna Klub Atletikoko lehendakariak eta Oier Sanjurjo talde gorritxoko kapitainak parte hartu baitute. Jarraian, elkarri opariak egin dizkiote, ospakizun-egun hau gogoan izateko. Osasuna Klub Atletikoak Udalari taldearen kamiseta bat eman dio, taldekide guztiek sinatua; Udalaren aldetik Udaletxeko fatxada eta bi erakundeen armarriak dituen koadro bat oparitu zaie, gaurko egunaren oroigarri. Azkenik, talde-argazkia egin dute, Osasuna Klub Atletikoarentzat zortzigarren Lehen Mailarako igoera, hiru urtean bigarrena, denaren ospakizuna betikotzearren.
Erakunde-harrera horren ostean, Udaletxeko lehen solairuko balkoiaren ateak ireki dira, eta jokalariek, kidego teknikoak eta zuzendari-taldeak horra bertaratu direnak agurtu dituzte. Orduan, beraiek izan dira protagonista, zaleei zuzenduz, jasotako babesa eskertuz eta ohiko kantak elkarrekin abestuz, partida dagoen asteburu bakoitzean Sadarrean entzun ohi diren horiek.