Iruñeko Udalak gaur goizean Kondestable jauregian harrera egin dio irailaren 2tik 12ra bitarte eginen den ‘Iruñeko Harresiak Hipika Sari Nagusiko’ parte-hartzaileen ordezkaritza bati. 300 zaldizko inguruk parte hartuko dute, eta horien artean Iruñea beren liga nazionalean sartu duten hainbat izen garrantzitsu daude.
Ekitaldian izan dira Enrique Maya Iruñeko Alkatea, Udalbatzako kide batzuekin batera, eta Jesús González Zizurreko Zaldi-zentroko zuzendaria eta ekitaldiaren zuzendaria. Halaber, bertan izan dira Bárbara Millan epaimahaikidea eta baita Jesus Garmendia, Kevin Gonzalez de Zárate, Rubén Gomez, Xabier Zabaleta, Jose Díaz Vecino, Julio Alvarez Moya, Celia Cobo, Nicolas Cobo eta Maria Pérez Otamendi zaldizkoak ere.
Txapelketa Zizurreko Zaldi-zentroak antolatu du eta Iruñeko Udalaren zein Nafarroako Hipika Federazioaren laguntza du, bai eta hogeita hamar bat babeslerena ere, horien artean, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartearena.
Jardueretarako sarrera doakoa da
Jarduerak Ziudadelako lubanarroetan eginen dira, eta Armadaren etorbidetik izanen du sarbidea, Laguntza Atearen ondoko eremuan. Sarrera librea eta doakoa da. Edukiera kontrolatuko da indarrean dagoen osasun-araudiaren arabera.
Irailaren 2tik 5era, 4 izarretako Nazioko Oztopo-jauzi Lehiaketa eginen da eta abiadura-, erabilgarritasun- eta zailtasun-probak izanen dira, horien artean “Jump & Drive” bat (ibilbide bat zaldiz, kotxearekin konbinatuta). Hurrengo asteburuan, 2 izarretako Nazioko Zaldi-heziera Klasikoko Lehiaketa bat eginen da eta Zaldizko Parahezierako beste bat, non Natalia Quintana zaldizko nafarrak parte hartuko baitu.
Astean zehar doako jarduerak izanen dira: irailaren 7an (asteartea) eta 8an (asteazkena), entrenamendu eta hipikaren hastapen jardunaldiak eginen dira. Goizetan, 10:00etatik 14:00etara, entrenamenduak eginen dira eta arratsaldeetan, 17:30etik 19:30era, hipikaren hastapenak.