Iruñeko Udalak harrera egin die ‘Oporrak bakean’ programari esker uda Nafarroan pasatzen ari diren hogeita hamar bat haur sahararri

Iruñeko Udalak harrera egin die ‘Oporrak bakean’ programari esker uda Nafarroan pasatzen ari diren hogeita hamar bat haur sahararri
Lehen alkateordeak eta Udalbatzako kideek haurrei egin ohi zaien harrera instituzionalean parte hartu dute
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur goizean, uda Nafarroan pasatzen ari diren haur sahararren ordezkaritza bati egin zaio harrera Udaletxeko harrera-aretoan. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuan bizi diren 10 eta 12 urte bitarteko hogeita hamar bat haurrek parte hartu dute bisita tradizionalean, eta ehun baino gehiago daude gure autonomia-erkidegoan Saharako Adiskideen Nafarroako Elkarteko Oporrak bakean programari esker. 

Garbiñe Bueno Zabalza Iruñeko lehen alkateordeak eta Udalbatzako kideek agurtu eta Udalaren eta hiri osoaren maitasuna helarazi diete. Haurrekin batera, abegi-familien kideak ere bertaratu dira ekitaldira, egun hauetan haurrak haiekin ari baitira Nafarroan bizitzen. Halaber, honako hauek ere izan dira ekitaldian: José Ochoa Segura Sahararen Adiskideen Nafarroako Elkarteko presidentea, Carol García Pellejeros elkarte horren barruan antolatzen den Oporrak bakean programaren arduraduna, Hamdi Aomar Ahmed Saharak Nafarroan duen ordezkaria eta Mohamed Abdalahi Ragani Saharak Nafarroan duen ordezkariordea. 

1997an hasi eta hiru hamarkada daramatza Sahararen Adiskideen Nafarroako Elkarteak haur sahararrei harrera egiteko programa antolatzen, aukera paregabea baita kanpamentuekiko loturari eta elkartasunari eusteko. Egunaren eta udaletxera egindako bisitaren oroigarri gisa, haurrek motxilak jaso dituzte, baita motxilen barruan zeuden kamisetak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren marrazkiak eta eskola-materiala ere. 

10 eta 12 urte bitarteko ehun bat haur saharar iritsi ziren joan den uztailaren 6an Nafarroara, gure autonomia-erkidegoan aste batzuk igarotze aldera, udako hilabeteetan errefuxiatuen kanpalekuetan ematen diren muturreko baldintzetatik ihes. Denbora-tarte horretan, abegi-familiekin bizi dira, baita aterpeetan eta erakundeek Nafarroako inguru desberdinetan lagatako guneetan ere. Udako aste hauetan beste errealitate bat ezagutzen dute, eta esperientzia berriez gozatzeko aukera dute; gainera, beharrezkoa den kasuetan, egonaldia oso baliagarria da osasun-azterketak eta -tratamenduak egiteko.

 

¿Te ha sido útil esta página?