Consuelo Zabalza Garate, Dolores Larrea Erro, Amelia García Alonso, Magdalena Pérez de Albéniz, María Teresa San Román Asín; Herminia León Ruiz, Silvestra Díez Roitegui eta María Luisa Medina. Bederatzi emakume horiei egin zaie harrera, gaur goizean, Iruñeko Udalean, festetako programa ofizialeko Adinekoen Eguna ospatzeko ekitaldien barruan.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak Udalbatzako beste kide batzuekin batera, harrera instituzionala egin die 99 eta 105 urte bitarteko zortzi emakume horiei. Topaketan, lore-sorta bat jaso dute guztiek. Gainera, beren izenekin brodatutako zapia ezarri zaie, ospakizunak dakarren alaitasunaren sinbolo gisa, baita hiriko nagusiendako ere. Omenaldi-ekitaldia girotzeko, zeinetan senideek ere parte hartu baitute, Voces Navarras taldeak hainbat jota abestu ditu.
Harrera-ekitaldi horrekin, Udalak, adineko guztiei hedatu nahi die omenaldia, beren ekarpenengatik, erakuspenengatik, hiriko tradizioen eta historiaren lekuko bizi izateagatik eta Iruñeko eta Nafarroako gizartearen lekuko izateagatik. Udal-erroldako datuen arabera, Iruñean 65 urtetik gorako 48.752 pertsona bizi dira, hirian erroldatutako biztanleen % 23.
2017an Udaleko Osoko Bilkurak formalki eskatu zuen Adinekoekin Adeitsuak diren Hirien Munduko Sarearekin bat egitea. Sarea Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bultzatutako proiektu bat da, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzen eta errazten duten inguruneak eta zerbitzuak sortzera bideratuta.