Iruñeko Udalak GKEEei zuzendutako prestakuntza bat eskainiko du, sarean lan egiteari eta parte-hartzeari buruz

Iruñeko Udalak GKEEei zuzendutako prestakuntza bat eskainiko du, sarean lan egiteari eta parte-hartzeari buruz
Interesa duten entitateek urtarrilaren 31ra arte ematen ahalko dute izena, eta prestakuntza maiatzera arte eginen dute, aurrez aurre eta online



Iruñeko Udalak, Nazioarteko Lankidetza Programaren barruan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Elkarteei (GGKE) zuzendutako prestakuntza bat antolatu du, parte-hartzeari eta sarean lan egiteari buruz. Proposamen hori kontratatutako langileei eta boluntarioei dago zuzenduta, eta hari esker parte-hartzearen inguruko egungo erronken berri izanen dute, eta erronka horiei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie. Interesa duten entitateek urtarrilaren 31ra arte eman dezakete izena, info@colectivocala.org helbide elektronikoaren bidez.

Prestakuntza otsailetik maiatzera arte eginen da, honako izenburu honekin: ‘Parte-hartzea (bir)moldatzen: garapen komunitariorako, parte-hartzerako eta sarean lan egiteko tresnak’. Hainbat entitatetako parte-hartzea nolakoa den aztertuko dute, eta horizontaltasuna, komunikazioa eta eraginkortasuna bultzatzea izanen dute helburu. Horretarako, online prestakuntza eta aurrez aurrekoa uztartuko dira, Cala kolektiboaren eskutik.  

Lantegi praktiko hau hainbat urratsetan antolatzen da. Lehenik eta behin, diagnostikorako jarduera batzuk eginen dira, eta ondoren, online prestakuntza bat eginen da otsailaren 10etik martxoaren 23ra. Hiru saio izanen dira, eta alderdi hauek jorratuko dituzte: garapen komunitarioa, parte-hartzea eta sarean lan egitea. Martxoaren bukaeran aurrez aurreko hiru prestakuntza-saio eginen dira, eta ondoren, lan praktikoa eginen dute parte-hartzaileek. Prestakuntza-lantegia maiatzean bukatuko da, bizitakoa eta ikasitakoa partekatzeko lantegi batekin. 

Gehienez ere entitate bakoitzeko hiru pertsonak parte hartzen ahalko dute prestakuntzan. Izen-emateetan zein GGKEtakoak diren adierazi beharko da, eta baita bertan duten kargua ere.  Halaber, jakinarazi beharko da elkartea zer sareri dagokion. 
 

¿Te ha sido útil esta página?