Gobernu Batzarrak hirigintza taktikoko obrak egiteko enpresak aukeratzeko esparru akordioaren hirugarren eta azken luzapena onetsi du. Akordio horrek hiriko oinezkoen eta txirrindularien aldeko jarduketak egitea errazten du, eskala handiagoko obra zibilak egiteko esku-hartzeetarako ohiko lizitazio-prozeduren bidez baino modu azkarragoan. 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra Iruñeko Udalak milioi bat euro bitarte inbertitzen ahalko ditu mota horretako jarduketetan.
Akordio horren bidez gauzatuko diren lanek honako jarduketa hauek barne hartzen dituzte: tamaina txikiko obra zibilak, seinaleztapen horizontala, baliza-elementuak (errei-bereizgailuak eta mutiloiak kasu) eta hiri-altzariak (hala nola eserlekuak, lore-askak, etab.) instalatzea eta eremu berdeak sortzea; horiek mugikortasun aktiboa sustatzeko jarduketekin batera doaz eta klima-aldaketaren aurrean egokitzeko funtzioak dituzte. 2020tik proiektua gauzatzen ari diren enpresak honako hauek dira: Urbanismo Táctico Pamplona ABEE (Lacunza Hnos. SL- Goyo Señalizaciones SL), Construcciones Boreste SA, Excavaciones Fermín Osés SL eta Construcciones y Excavaciones ERRI-BERRI SL.
Kontratua Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez diruz lagundutako ekintzen parte da eta Europar Batasunak, Nafarroako Gobernuak eta Udalak finantzatzen dute. Go Green Iruña –jasangarritasunaren aldeko eta klima-aldaketari aurre egiteko Udalaren ekintzen multzoa– estrategiaren barruan dago.
Azken urtean akordio horren bidez gauzatutako esku-hartze batzuen eredu dira honako hauek: Barañain etorbidea eraldatzeko obrak, kale horretako bizikleta-ibilbidea Landabenekin lotzea, eta Premin de Iruña bulebarraren eta Labriteko ardatz jasangarriaren obrei jarraipena ematea, baita espaloietako bidegorriak seinaleztatzeko marrak ezabatzea, ziklistendako bidegurutzeak gorriz margotzea eta galtzadaren erdian seinaleak indartzea ere 30 km/h-ko eremuetan. Halaber, hainbat jarduketa berritzaile egin dira, hala nola oinezkoendako pasabideak aldatzea Arrotxapeko Carmen Baroja Nessi eta Txantreako Ezkaba kaleetan (Eunate BHIren inguruan), hiri-drainatze-sistema jasangarrietan oinarritutako euri-lorategiak barne hartu dituena, trafikoa baretzeko neurriekin eta oinezkoen pasabideetan oinezkoen eta gidarien arteko ikusgaitasuna hobetzearekin batera.