Iruñeko Udala, ‘Go Green’ Energia Trantsiziorako eta Aldaketa Klimatikoko Iruñeko Estrategiaren bitartez, Udalarenak diren hiru baso-lursailetan baso-kudeaketa jasangarrian ari da lanean. Helburu nagusia baso autoktonoak berreskuratzea da, udal-mugarteko biodibertsitatea handitze aldera.
Egun hauetan Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan Basogintza Kudeaketako erdi eta goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleak hainbat lan praktiko egiten ari dira Ezkabako udal-lursail batean: inbentarioa, markaketa eta egurra moztea eta ateratzea bitarteko mekanikoak erabiliz. 60ko hamarkadan azkar hazten zirelako eta zoruaren higadura gelditzeko landatu ziren larizio pinu aleak(Pinus nigra), basoberritzeko landatu zirenak, kenduko dira; izan ere, hirurogei urte pasata hainbesteraino ugaritu dira ezen zuhaitzen adaburuek elkar ukitzen baitute eta ez baitute argia pasatzen uzten, eta horrek haritz eta arte autoktonoak haztea eragozten du. Guztira, 21 zentimetrotik beherako diametroa duten zuhaitzen 90 m3 moztea aurreikusi da.
Udalak egurra lagako dio Nafarroako Egurraren Enpresaburuen Elkarteari (ADEMAN), biomasa ziurtatua egin dezan elkarteko kide den Barbiur SL enpresaren laguntzarekin, horrela ekonomia zirkularra sustatuz. Trukean, eta hitzarmen bat sinatuz, elkarte horrek konpromisoa hartu du pago zurezko oholez betetako lau palet emateko Landaben Udal Prestakuntza Zentroko Zur bidezko birgaitze energetikoko Lantegi Eskolari. Aurreikusitakoa da, zehazki, lantegi eskolako ikasleek gizarte-ekintza fasean ohol horiekin apalategi bat eraikitzea Ingurumen Hezkuntza Museorako eta horiek erabiltzea barneko altzariz hornitzeko Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrak kudeatzen dituen etxebizitzak.
Martín Elizalde eta Javier Bergara Nekazaritza eta Basogintzako II-ko irakasleak, bertako ikasleak María Navarro Udalaren Zur bidezko birgaitze energetikoko Lantegi Eskolako zuzendaria, Olatz Esparza ADEMAN elkarteko zuzendaria eta udal-teknikariak lursaila bisitatzen izan dira. Mozketa-lanek martxoaren erdialdera arte iraunen dute, beraz, toki horietatik ibili ohi diren herritarrei gogorarazten zaie beharrezko zuhurtzia gordetzea. Zuhaitzak mozteko lanaz baliatuta ezpondak garbitu eta sarbideak hobetuko dira. Nekazaritza eta Basogintzako II-rekin izenpetutako hitzarmenak barne hartzen du baso-landareak ematea eta ingurumen-hezkuntzako jardueren plangintza.
Iruñeko basoak
Lursaileko zuhaitzen mozketak aldez aurretik planifikatu dira baso-inbentarioa egiteko adimen artifiziala erabiltzen duen eta lursail horretan 2020ko irailean testatzen hasi zen software bati esker. Programak lurreko laser-eskaner sistema mugikor baten bidez lortutako datuekin lan egiten du, eta behin horiek jasota, baso-masei buruzko datuak interpretatzen ditu modu automatikoan. Horrek baso-kudeaketako irizpideak aplikatzea ahalbidetzen du kontserbazio egoera zuzena eta egonkortasuna bermatze aldera, epe ertainera baso-autoktonoa berreskuratzen joateaz gain.
Udala 2012 eta 2013tik lantzen ari den PEFC ziurtagiria duen 11,5 hektareako baso-masaren erabilerak, gainera, Iruñeko Udal Plana betetzera dator, basoaren kalitateari eta sute-arriskua murrizteari dagokionez. Iruñeak Ezkaban eta Mendebaldean du basoa jabetzan, eta hiriko bioaniztasun-adierazleak hobetzen dituzten espazioetako bi dira, ibaietako ur-bazterrekin batera.
Halaber, pasa den udazkenetik, Udala lanean ari da zuhaitz eta zuhaixkak landatzen Agustindarren poligonoan baso-autoktono bat sortze aldera, zeinak ahalbidetuko baitu hiriak sortzen dituen CO2 isurpenen zati bat konpentsatzea, berotegi efektuaren aurrean bere egoera hobetuz eta klima-aldaketaren auka borrokatuz. Aurreikusitako lau hektareetatik, dagoeneko bat landatuta dago, eta aurten beste hirurak osatzea aurreikusten da. Aurreko landaketan egin bezala, herritarren lankidetza bilatuko da ingurumen arloko boluntariotzako jardunaldi baten bitartez.
Udal mugarteko basoek Iruña ‘Hiri berde’ gisa finkatzen laguntzen dute, hiri jasangarriaren irudiari lagunduz, horrela, herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, kanpora begirako erakargarritasuna ere handituz.