Iruñeko Udalak euskara itzultzaileen bi plaza oposizio bidez betetzeko deialdia egin du

Iruñeko Udalak euskara itzultzaileen bi plaza oposizio bidez betetzeko deialdia egin du
Oposizioan hiru proba eginen dira, bi praktiko eta teoriko bat, eta 2026ko otsailetik aurrera hasiko dira




Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Iruñeko Udalaren zein haren erakunde autonomoen zerbitzura euskara itzultzaile aritzeko bi plaza oposizio bidez betetzeko deialdia. Funtzionarioen araubideko A mailako plazak dira, bat txanda librekoa eta bestea igoera-txandakoa, eta C1, EGA edo horietako baten baliokidea den euskarako ezagutza-maila beharko da. Aurreikuspenen arabera, datorren urteko otsailetik aurrera hasiko da oposizioa.

Deialdia NAOn argitaratzear dago, eta argitaratu ondoren izena emateko epea hasiko da. Epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, www.pamplona.es/eu udal-webgunean dagoen deialdiaren aipamenaren bidez. Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa da. Plaza horiek aldatzen ahalko dira irailean bertan onetsitako lekualdatze-lehiaketaren emaitzen arabera.

Txanda irekiko plazarako, izangaiek nazionalitateari eta adinari buruzko baldintzak bete beharko dituzte, eta horrez gain, lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izan beharko dute, ezin izanen dira egon eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik, ez eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere. Graduko unibertsitate-titulua, lizentziatura-titulua, ingeniaritza-titulua, arkitektura-titulua edo baliokidea den titulu bat eduki beharko dute eta C1 euskara ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat eduki beharko da.

Igoera-txandako izangaiek, halaber, honako baldintza hauek bete behar dituzte: Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan. Deitutako plaza hutsen mailakoak edo beheragokoak izan behar dute eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izan, zortzi Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan.

Hiru proba oposizoan
Oposizioak hiru proba izanen ditu, bi praktiko eta teoriko bat. Lehenengo proba praktikoa izanen da, gehienez ere hiru ordutan egin beharko diren hiru ariketa izanen ditu eta gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Lehenengo ariketa: epaimahaiak emandako bi testu itzuli beharko dira gaztelaniatik euskarara, bat juridiko-administratiboa eta bestea teknikoa edo dibulgaziokoa. 24 puntu bitarte eskuratzen ahalko dira.  Bigarren ariketa: epaimahaiak emandako testu bat itzuli beharko da euskaratik gaztelaniara, eta gehienez ere 16 puntu lortzen ahalko dira. Hirugarren ariketa (20 puntu gehienez): epaimahaiak emandako testu baten postedizioa (zuzenketa) egin beharko da. Testua gaztelaniatik euskarara itzulita egonen da adimen artifizial baten bidez (itzultzaile automatikoa). Bi ariketetan, paperean inprimaturiko hiztegiak erabiltzen ahalko dira. Hiztegi horiek izangaiek beraiek eraman beharko dituzte. 

Bigarren proba praktikoa izanen da eta aldibereko interpretazio-proba bat izanen da, euskaratik gaztelaniara egitekoa, gehienez ere 15 minutuan. Proba horrek, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du. 

Azkenik, hirugarren proban –teorikoa– bi ariketa egin beharko dira, eta atsedenaldia egonen da bien artean. 60 puntu bitarte lortzen ahalko dira. Lehenengo ariketa: gehienez ere 60 galdera erantzun beharko dira idatziz eta laburki, gehienez ere hiru ordu eta erdian, gai-zerrendako I. zatiko gaien inguruan. Ariketa horrek, gehienez ere, 50 puntuko kalifikazioa izanen du. Bigarren ariketa (10 puntu bitarte): gai-zerrendako II. atalean jasotako gaiei buruzko  20 galdera –test erakoak– gehienez erantzun beharko dituzte, idatziz, gehienez ere ordu erdiko tartean.

Proba gehienak ordenagailuz eginen dira. Ordenagailua tribunalak jarriko du eta zuzentzaile ortografikoa desaktibatuta izanen du. Bigarren proban eta hirugarren probaren bigarren ariketan ez da ordenagailurik erabiliko. Ariketa eta proba guztietan, bazterturik geldituko dira ariketa eta proba bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak. 
 

¿Te ha sido útil esta página?