
Iruñeak ekin dio heldu den urtean hirian eginen den pilotari buruzko nazioarteko kongresua diseinatzeari. Tokiko Gobernu Batzarrak, dagokion kontratuaren adjudikazioaren bidez, NACAP Comunicación enpresari eta Carlos Mangado kongresuetako profesionalari agindu die aipatu zeregina egiteko, bai eta kongresua antolatzeko zerbitzuak kudeatzeko eta emateko ere. Kontratu honen zenbatekoa 135.000 euro + BEZa da, eta honako hauek barne hartzen ditu: kongresuaren idazkaritza teknikoa, baliabide materialak eta giza baliabideak ematea, komunikazio-plan bat, baliabide informatikoak eta pilotazaleen munduan erreferentzia izan nahi duen kongresuaren jarraipena.
Aurreikuspenen arabera, kongresua urriaren azken astetik azaroaren lehen astera eginen da, eta Udalak Iruña euskal pilotaren epizentroa izatea du helburu, "Iruña, Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua" proiektua indartzeko. Asmoa da, halaber, pilotaren etorkizunari buruzko eztabaida zabaltzea, joerak, erronkak eta aukerak aztertuz, eta, azkenik, euskal pilotaren inguruko produktu turistiko berria ezagutaraztea.
Kongresua IRUHBI Pilota mugaz gaindiko proiektuaren parte da, zeina Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz Gaindiko Lankidetza Programan (POCTEFA 2021-2027) sartuta dagoen. Proiektu horren helburua da euskal pilotaren inguruko mugaz gaindiko ondarea ikuspegi kultural eta turistikotik ustiatzea. Hemendik aurrera, enpresa adjudikazioduna hasiko da lantzen kongresua egiteko ezarritako lehen mugarriak: batzorde zientifikoa eratzea, kongresuaren programa egitea eta kongresuarekin batera eginen diren jarduerak (lizitazio honen xede ere direnak) egitea. Jardueren xedea izanen da askotariko publikoa erakartzea eta kongresua herritarrei hurbiltzea.
Proiektu honen lidergoa Iruñeko Udalari dagokio, eta gainerako bazkideak Biarritz eta Uharteko udalak, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa, Iparraldeko Pilota Batzordea eta Biarritz Athlétic Club dira. Horrela, aurreikusten da nazioarteko kongresuak balio izatea, alde batetik, IRUHBI Pilota proiektuaren emaitzak ezagutarazteko, eta, bestetik, euskal pilota biziberritzeko, bere orainari, etorkizunari eta erronkei buruzko eztabaidak zabalduko baitira. Era berean, kongresuak indartuko du Iruña "Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu" gisa duen tokia.