Adinekoei zuzendutako jardueren barruan, Iruñeko Udalak Errespetatu, adinari erreparatu gabe ekimena jarri du martxan, hiriko adinekoei informazioa eskaintzeko xedez. Ekimena Iruñeko Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak antolatu du, eta adin guztietarako gizarte inklusiboagoa sustatzeko lan-ildoen barruan dago. Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea adinekoei eragiten dieten kontuei buruzko saio espezifikoak egiten hasi da, hala nola adinkeriari buruzkoak.
Aste honetan lehen hitzaldia egin dute Iturramako San Joan Bosco Zentro Komunitarioan: Edadismo y maltrato a las personas mayores (Adinkeria eta adinekoen aurkako tratu txarrak). Hain zuzen ere, zentro horretan jarri dute martxan programa: Iruñeko adinkeriaren egoera ikertzeko eremu-ikerketa bat egin dute, eta horren bidez, berariaz zehaztu dituzte gizartearekin lotutako arrisku-faktoreak.
Adinkeria adinean oinarritutako diskriminazio mota bat da, eta adinekoen aurkako jarrera, sentimendu eta iritzietan ardazten da. Adinkeria pertsonen artean eta maila instituzionalean gerta daiteke, baita adinekoek haien buruari egindako erasoen ondorioz ere; adinekoek bazterketa digitala ere pairatzen dute, tresna digitalak ez baitaude egokituta. Ondorioz, belaunaldi-arrakala sortzen da. Aurkezpenean adinkeriaren ondorio larriak izan dituzte hizpide: bakartze soziala, depresioa, antsietatea, eta osasun fisikoaren eta bizi-kalitatearen narriadura.
Halaber, tratu txarrak gertatzen ari direla hautemateko egoera batzuen berri eman zitzaien bertaratuei: besteak beste, bat-bateko portaera-aldaketak, lesio ulertezinak, axolagabekeria pertsonala eta finantza susmagarriak. Bestalde, adinkeriaren eta tratu txarren arteko lotura agerikoari buruz aritu ziren hitzaldian, eta azpimarratu zuten estereotipo negatiboek abusuak eta arduragabekeriak gertatzea dakartela.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, adinkeria arazo larria da, eta munduko herritarren erdiari eragiten die; izan ere, 6 adinekotatik batek tratu txarren bat pairatzen du. Nafarroan, aurreikuspenen arabera, herritarren % 30ek 60 urte baino gehiago izanen ditu 2033an. Gaur egun, apirilaren 30eko datuak aintzat hartuta, 213.042 biztanle daude erroldatuta Iruñean, eta horietatik 60.889k 60 urte baino gehiago dituzte, hau da, guztizkoaren % 28,5.
Horrez gain, hitzaldian nabarmendu zuten harreman sozialen faltak biziki areagotzen duela adinekoek abusu-egoeretan pairatzen duten babesgabetasuna, eta adierazi zuten arretarako zerbitzuetan gertatzen diren jarrera diskriminatzaileek tratu txarrak agertzea ekar dezaketela. Gainera, aldaketa demografikoak eta familia-ezegonkortasunak eragina izaten dute adinekoengan; halaber, beste aldaketa hauek pairatzen dituzte: bizi-itxaropena handitzea, jaiotza-tasa murriztea, familia-eredu berriak eta familia eta lana bateratzeko zailtasunak.
Diskriminazioa deuseztatzeko asmoz, saioan azpimarratu zuten ezinbestekoa dela erlazio positiboetan oinarritutako tratu onak sustatzea, eta adinekoen esperientzia eta ekarpenak aintzat hartu eta aitortzea. Hitzaldiak beste zentro komunitario batzuetan antolatuko dituzte, baita zahar-etxeetan, adinekoen egoitzetan eta adinekoekin lotutako entitateetan ere.