Iruñeko Udalak eta Punto de Vista jaialdiak ‘Plaza’ atari zabaleko espazio berria jarri dute martxan, jaialdiaren edukiak jendeari hurbiltzeko

Iruñeko Udalak eta Punto de Vista jaialdiak ‘Plaza’ atari zabaleko espazio berria jarri dute martxan, jaialdiaren edukiak jendeari hurbiltzeko
Baluarteko plazan egonen da, eta programazioaren barruan Udalak ekoiztu duen ‘Izan ez ziren sanferminak’ dokumentala estreinatuko da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Punto de Vista Nafarroako zinema dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak eskainiko duen aurtengo edizioko berritasun nagusietako bat Iruñeko Udalarekin batera abiatuko duen ‘Plaza’ espazioa da, atari zabalean proiektatzeko tokia, ekitaldi hori zein jaialdiaren lanak herritarrengana modu seguruan hurbiltzeko. Espazio hori kanpoko karpa batean egonen da, Baluarteko plazan, jaialdiko zenbait jarduera egiteko prestatuta, horien artean, ‘Izan ez ziren sanferminak’ dokumentalaren estreinaldia, Iruñeko Udalak ekoiztua, eta hiriko festak normalean ospatzen diren egun horiek iazko uztailean nolakoak izan ziren kontatzen duena.

Punto de Vista jaialdiko agertoki berriak helburu bikoitza du. Alde batetik, jaialdiaren topaleku bat izanen da atari zabalean, eta jendeak eta parte-hartzaileek gune seguru gisa antzeman dezakete, barrualdeetara edo areto itxietara joan behar ez izatea baitakar. Bestetik, eta kontuan hartuta joan-etorri handiko tokian dagoela, Punto de Vista jaialdiaren ikusgaitasuna eta hiriko ikusleekiko gertutasuna handitzen da; izan ere, espazio komun bat egonen da ikusle eta jaialdira bertaratzen direnentzat, eta bertan gozatu ahal izanen duten berezko programazioa izanen da.

‘Plaza’ espazioko programazioa, zeinak edukiak eskainiko baititu hurrengo larunbatera arte, jaialdiak bezala, gune horretan bertan aurkeztu dute, Baluarte Auditorioaren parean. Ekitaldian parte hartu dute Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak eta Punto de Vista Jaialdiko zuzendari exekutibo Teresa Moralesek.

Punto de Vista jaialdiak Udalak ekoiztutako ‘Izan ez ziren sanferminak’ dokumentala estreinatuko du

‘Plaza’ espazioko xarma nagusietako bat ‘Izan ez ziren sanferminak’ dokumentalaren emanaldia izanen da, egunean bi saiotan; jaialdian estreinatuko da eta Iruñeko Udalak ekoiztu du. Sarrera librea izanen da, leku guztiak bete are, eta doako emanaldiak izanen dira egunero, larunbata arte, 13:00etan eta 18:00etan.

Dokumentalak ikuslea Iruñean kokatzen du, 2020ko uztailaren 6tik 14ra bitarte, data horietan ohikoa izaten den hiri oso bestelakoan. Tradizioak eta festak oso ongi ezagutzen dituzten lagunen testigantzek, lehenengo pertsonan kontatuak eta oso gertuko hizkeran, kontatzen dute nola bizi izan zituzten egun arraro horiek eta zer egiten ariko ziren une horietan sanferminak ospatu izan balira. Kontakizunak lortzen du, pertsona horientzat festek duten esanahi handiko loturari esker, ikusleak ikuspegi bakoitza bere egitea. Lan horren ideia orokorra da pandemiak Iruña sanferminik gabe utzi zuela, baina horrek ez duela galaraziko berriz ere sentitzea eta gogoratzea “munduko festarik ederrenak’.

‘Plaza’, programazio osoa kalean bertan

‘Plaza’ espazioak egunero jarduera desberdinak eskainiko ditu, hala nola emanaldiak edo topaketak bertan parte hartuko duten zinemagileekin. 2021eko edizioan eta leku horretatik, Punto de Vista jaialdiak bere ibilbidearen atzera begirakoa eginen du eta egunero, arratsaldeko lauetan, beste edizioetako edukiak programatuko ditu, hala nola zinemagileen elkarrizketak edo aurkeztutako obraren baten making off-ak. Sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte. Jaialdiko espazio berria herritarrendako eta 2021eko Punto de Vista jaialdiko part-hartzaileendako topagune izanen da. Bihar, asteartean, eguerdiko hamabietatik aurrera, Marina Lameiroren, Gorka Urbizuren eta Garbiñe Ortegaren arteko elkarrizketa izanen da ‘Dardara’ filmaren inguruan, Berri Txarrak taldearen azken biran grabatutako filma. Bertaratzeko gonbidapenak jaialdiko webgunean eska daitezke: www.puntodevistafestival.com.

Ostegunean, eguerdian, ‘Plaza’ espazioan Nafarroako jaialdien topaketa eginen da, eta ostiralean, gaikako hiru mahaitan bilduko ditu bazkideak eta jaialdian parte hartzen duten zinemagile nahiz profesionalak. Bi hitzordu horietarako aurretik gonbidapena hartu beharko da. Halaber, egunero, Jaialdiko parte-hartzaileak ‘Plaza’ espaziora gerturatuko dira hedabideekin elkartzeko. Horrela, agertoki horrek honako hauen bisitak izanen ditu: Jorge Moneo Quintana, Patricia Esquivias, Pablo Marín, CW Winter eta Pedro G. Romero, besteak beste.

Iruñeko Udalaren partea-hartzea Punto de Vista Nafarroako zinema dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian egin da Udalak eta Nafarroako Kultur, Kirol eta Aisialdirako Azpiegiturak (NICDO) entitateak sinatutako hitzarmen bati esker. Udalak bide publikoko espazio bat laga dio jaialdiari Baluarteko plazan, karpa jartzeko, eta gune horren aurreprodukzio- eta produkzio-gastuak bere gain hartu ditu; izan ere, espazio hori publikoari eskainiko zaio eskaintzen diren edukien eskuragarritasuna hobetzeko, leku itxietan sartu beharrik gabe.

2021eko Punto de Vista Jaialdia Kondestablen ere izanen da

Beste urte batez, Civivoxek eta Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak bat eginen dute jaialdiaren hezkuntza-programan, hainbat publikorekin elkarrizketa eta elkartrukerako gune bat irekitzeko, ikus-entzunezko sentsibilizazio eta baloraziorako. Jaialdiaren hezkuntza-programaren barruan bi topaketa antolatuko dira, Xabier Erkizia eta Ramón Andrésekin, martxoaren 16an, asteartearekin, Kondestable Civivoxean. Bi hitzorduetarako sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izen-eman beharko da 010 telefonoaren bidez (edo 948 420 000, Iruña kanpotik deitzen bada), pamplonaescultura.es webgunearen bidez, edo aurrez aurre edozein Civivoxetan.

Xabier Erkizia musikari, ekoizle eta soinu-artistak hitzaldi bat emanen du goizeko hamaiketan, zine-eszenak egiten diren geletako zarata isilari buruz, ‘Entzumenaren ez-fikzioak’ izenburupean. Erkiziaren lanaren ezaugarri nagusiak ikerketa eta jakin-mina dira entzumena eta soinua inplikatzen duten edozein komunikazio- edo sorkuntza-motari buruz. Besteak beste, Mattin, Eddie Prevost, Ilios, Alan Courtis eta Iñigo Telletxearekin elkarlanean aritu da (estudioan eta zuzenean). Erkiziak berak parte hartuko du arratsaldean, 18:00etatik aurrera, topaketa batean, Ramón Andrés poeta eta pentsalariarekin. Sormen-lanen interdiziplinitatearen inguruan mintzatuko dira, bakoitza bere mundu artistikotik.

¿Te ha sido útil esta página?