Iruñeko Udalak eta Osasuna Klub Atletikoak ‘Sentimendu Kopa’ sortu dute, nazioko puntako taldeek parte hartuko duten emakumeen futbol-txapelketa

Iruñeko Udalak eta Osasuna Klub Atletikoak ‘Sentimendu Kopa’ sortu dute, nazioko puntako taldeek parte hartuko duten emakumeen futbol-txapelketa
Lehenengo edizioa abuztuaren 5etik 7ra eginen da Taxoaren, eta Osasunak, Real Madrilek, Realak eta Levantek parte hartuko dute
osasuna


Osasuna Klub Atletikoaren Taxoareko instalazioetan eginen da abuztuaren 5etik 7ra bitarte ‘Sentimendu Koparen’ lehenengo edizioa. Txapelketaren sorreran Iruñeko Udalak parte hartu du eta Espainian emakumezkoen futbolak lortu duen lehia-maila handia nabarmendu nahi du. Kirol-egutegian hitzordu finko bilakatzeko asmoz, lehenengo hitzorduan gonbidatuak nazioko klub onenetako hiru izanen dira, hala nola Real Madril, Reala eta Levante.

‘Sentimendu Koparen’ lehen edizioa gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko Udaletxean egin den agerraldi batean, zeinetan parte hartu baitute María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Zinegotziak, César Muniáin Osasuna Klub Atletikoko kargudunak eta Xabier Pérez antolakuntzaren arduradunak.

Txapelketaren lehenengo edizioan emakumezkoen Osasunak Espainiako futboleko talde garrantzitsuenetako hiruren aurka jokatuko du. Realak eta Real Madrilek bigarren eta hirugarren amaitu zuten aurreko denboraldia, eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu ziren; Levantek berriz, Europako lehiaketa goreneko azken edizioan parte hartu zuen, baina seigarren amaitu zuen Espainiako liga.

Sentimendu Koparen izena eta saria mendeurrenaren karietara jarraitzaileen omenez sortutako eskulturatik datoz, eta abuztuaren 5etik 7ra bitarteko asteburuan eginen da Taxoaren. Finalaurrekoak abuztuaren 5ean, ostiralarekin, jokatuko dira, eta abuztuaren 7an, igandearekin, hirugarren eta laugarren postuetarako partida eta txapelketaren finala eginen dira. Finalaurrekoetan Osasuna Klub Atletikoaren emakumeen taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du, eta Levantek eta Realak finaleko beste postua eskuratzeko jokatuko dute. 

Iruñeko Udalak, emakumezkoen kirola lagundu nahian eta ‘Sentimendu Koparen’ lehenengo edizioaren karietara, harrera instituzionala eginen die parte hartzen duten taldeei. Abuztuaren 5ean, ostiralarekin, txapelketa hasi aurretik, Enrique Maya alkateak parte hartuko duten lau taldeen ordezkariei harrera eginen die Udaletxean.

¿Te ha sido útil esta página?