Iruñeko Udalak eta Osasuna Klub Atletikoak hiru urterako babesletza-hitzarmen bat sinatu dute hiriaren irudia eta kirolaren balioak sustatzeko

Iruñeko Udalak eta Osasuna Klub Atletikoak hiru urterako babesletza-hitzarmen bat sinatu dute hiriaren irudia eta kirolaren balioak sustatzeko
Aldi berean, haur eta gazteen sustapenerako COworkids udal-programa laguntzeko zenbait ekintza eginen dituzte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Luis Sabalza Osasuna Klub Atletikoko lehendakariak gaur goizean sinatu dute Udaletxeko harrera-aretoan hiriaren irudia eta kirolaren balioak sustatzeko publizitate arloko babesletza-hitzarmena. Hitzarmena hiru denboraldiz egonen da indarrean, 2022ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte, denboraldi bakoitzeko 100.000 euroko zenbatekoarekin.

Babesletzak gauzatuko dituen jarduketa zehatzek oinarri dute, besteak beste, Iruñeko Turismoaren logoa eta markak txertatzea klubari eta estadioari lotutako zenbait elementu, gune eta altzaritan. Hitzarmenak jasotzen du Osasuna Klub Atletikoren taldeetako kideek Iruñeko Udalaren kanpaina eta ekimenetan parte hartzea, baita COworkids sustatzeko eta bultzatzeko jarduerak egitea ere, esaterako Sadarrera bisita gidatuak eta futbol-eskola haur eta gazteendako udal-programa honetan parte hartzen duten neska-mutikoendako. 

Osasuna Klub Atletikoren marka, eragin eta aktiboen bidez Iruñearen sustapena eginen da bai nazioko foroetan, bai nazioartekoetan, eta probesten da, gainera, kirolak sustapenerako duen ahala jarduera ekonomikoaren sektore eta zabalpen- eta sustapen-elementu gisa. Osasuna Klub Atletikoari lotutako jarduera guztiek sortzen duten eragin ekonomikoari, fiskalari eta enpleguaren arloko eraginari gehitzen zaizkio entitate gorritxoak irudikatzen duen eragin positiboa eta herritarren kohesioa.

Iruñeko Udalak, bestalde, babesletza-kontzeptuagatik denboraldiko 100.000 euroko zenbatekoaz gain, Osasuna Klub Atletikoari gune bat lagako dio udal-webguneko Turismo atalean. Klubak emanen du aipatutako gunerako informazioa eta irudia, eta nahi duenean aldatu ahal izanen du.

Haurtzaroa eta nerabezaroaren sustapena COworkidsen bidez

Iruñeko Turismoaren logoa eta marka agertzeari dagokionez, ekintzen artean daude Osasuna Klub Atletikoren autobus ofizialaren atzeko aldea errotulatzea, taldeak Sadarren jolasten duenean Udalaren hiru iragarki proiektatzea bideomarkatzaileetan, eta publizitatea txertatzea denboraldi bakoitzeko hiru partidu hasi baino lehen erdiko zirkuluko olanean eta Sadar futbol-zelaiko alboko goi tribunan dauden 6 bomitorioetan. Osasuna Klub Atletikoko sareek Iruña helmuga turistiko gisa sustatuko dute eta Udalak denboraldi bakoitzeko bi partidutan minutu 1 izanen du ‘telebistako U-a’ izenekoan, partida bakoitzean joko-zelaia inguratzen duen publizitate-gune digital eta interaktiboan.

Hitzarmenari atxikitzen zaizkion kirol- eta balio-sustapenak hiru alderditan oinarritzen dira. Alde batetik, emakumezkoen, gizonezkoen eta Genuine taldeko plantillako jokalariak prest egonen dira denboraldi bakoitzean bi kanpaina edo ekimen egiteko; beste alde batetik, Osasuna Klub Atletikoak parte hartuko du tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko bi jardueretan, zozketak, sariak eta opariak eginez hiriko saltokietan erostearen truke. Bi horietaz gain, aurretik zehaztuko diren Udalaren gizarte-kanpainetan lagunduko du Osasuna Klub Atletikoak.

Hitzarmen honetako hirugarren lan-ildo batek haurtzaroa eta nerabezaroaren sustapenerako COworkids kanpainarekin du harremana. Denboraldi bakoitzeko Sadarrera lau bisita gidatu antolatuko direla, futbol-eskola bat eginen dela eta urtean behin Taxoaren lehen taldearen entrenamendu batera joanen direla jasotzen da; hori guztia COworkidseko haurrei zuzendua. Osasuna Klub Atletikoaren eguberrietako eta inauterietako lehiaketak eta argazki-, marrazki- eta mikroipuin-lehiaketak –Fundazioko laguntzaileendako baino ez direnak– COworkidseko neska-mutilendako ere zabalik egonen dira.

Azkenik, Iruñeko Udalak denboraldiko gutxienez 10 partidutarako 10 eserleku jasoko ditu, doan, Klubak hautatuta, jarduera intituzionalak eta sustapenekoak egiteko. Hitzarmenak barne hartzen du denboraldi bakoitzean behin, doan, Sadar estadioa edo Taxoareko instalazioak uztea Iruñeko Udalak antolatutako ekitaldi bat egiteko, betiere ez badio futbol-denboraldiari trabarik egiten eta aldez aurretik Osasuna Klub Atletikorekin adostuta.

¿Te ha sido útil esta página?