Iruñeko Udalak eta NICDO (Nafarroak Kultura, Kirola eta Aisia Bultzatzen du SL) Nafarroako Gobernuko sozietate publikoak elkarlanari eutsiko diote aurten, hirira kultura- eta kirol-ekitaldi handiak erakartzeko xedez. Bi entitateek sinatutako hitzarmenaren bidez, Udalak 200.000 euro inguru bideratuko ditu hamar ekitalditik gora egiteko: horietako batzuk dagoeneko egin dira eta beste batzuk 2026an zehar eginen dira.
Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Ramón Urdiáin Esparza NICDOko zuzendari kudeatzaileak gaur goizean eman dituzte ezagutzera Iruñeko Udalaren eta NICDOren arteko lankidetza arautzen duen hitzarmenaren xehetasunak. Lankidetza-hitzarmenak xede du lehen mailako kirol- eta kultura-ekitaldiak Iruñera erakartzea, ekitaldi horiek Nafarroa Arenan eta Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean egiteko, bai eta Punto de Vista eta Iruña Beltza jaialdiak antolatzea ere, aurten interesekoak diren beste ekitaldi batzuekin batera.
Hitzarmenak instituzioen arteko lankidetza indartzen du, jaialdiak egitea, kirola eta euskarazko jarduerak sustatzea eta estatuko zein nazioarteko kultura- eta kirol-proposamen berrien aldeko apustua egiten du. Ekitaldi bakoitzerako bideratutako zenbatekoa 5.000 eta 40.000 euro bitartekoa da: kopuru horiek gutxi gorabeherakoak dira eta hasiera batean eginen den ekarpenaren aurreikuspena baino ez dira. Hala ere, bi aldeak ados badaude, zenbateko horiek aurreikusitako ekitaldien artean banatu edo sortzen ahal diren beste kultur ekitaldi edo ekimenetara zuzentzen ahalko dira, osorik edo hein batean.
Udalak interesa du Iruñean lehen mailako kultura- eta kirol-ekitaldiak egiteko, izan ere, ekonomia hirugarren sektorerantz bideratzen ari da, eta funtsezkoa da mota horretako ekitaldiak erakartzea, Iruñearen irudiari ekarpen handia egiten baitiote eta herritarrei aukera paregabea ematen baitiete halako ekitaldietan parte hartzeko, beste hiri batzuetara joan beharrik gabe. Ekitaldi horiek eta estatuan eta nazioartean duten oihartzunak eragin zuzena dute tokiko eta eskualdeko ekonomian, betiere bisitariak erakartzeko duten ahalmenaren arabera.
Hamabost kirol- eta kultura-hitzordu
Kirol-ekitaldiei dagokienez, 105.000 euro inguruko finantzaketa barne hartzen du hitzarmenak, honako hauek antolatzeko: urtarrilean egin zen Espainiako Junior Judo Txapelketa, Emakumeen Gimnastika Artistikoko Oinarriko Txapelketa Nazionala eta Kluben Ligako finala (ekainaren bukaeran), Iruña XTRIAL (abenduan) eta laster aurkeztuko den nazioarteko txapelketa bat.
Iruñeko Udalak eta NICDOk elkarlanean jarraituko dute dagoeneko guztiz finkatuta dauden programetan, hala nola Iruña Beltza eta Punto de Vista jaialdiak (urtarrilean eta apirilean egin ziren), zentro publikoetako programazioa (Nafarroako Filmoteka eta Civivox sarea) eta Navarra Music Comissionen programazioa. Horrez gain, honako hauek ere eginen dira: Deep Purple eta Vetusta Morla taldeen kontzertuak, uztailean eta urrian, hurrenez hurren; Doinu bat jaialdia eta Muak komedia-jaialdia (biak urrian) eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa abenduan. Udalak 95.000 euro inguru bideratuko ditu kultur ekitaldi horietarako.
Iruñeko Udalak NICDOk kudeatzen dituen instalazioetan egiten diren kultura- eta kirol-ekitaldiak babesten ditu, eta instalazioen inguruko bide publikoa erabiltzeko baimena ematen du jarduerak eta ekitaldiak antolatzeko beharrezkoa bada; horretarako, jarduera eta ekitaldi bakoitzak Udalaren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren baimena izan beharko du. NICDOk, berriz, bitartekari-lanak eginen ditu Udalaren eta sustatzaileen artean, Udalak ekitaldietan duen parte-hartzea bideratzeko. Beraz, NICDOk sustatzaileekin sinatzen dituen kontratuetan Udala kolaboratzailea dela adieraziko da, baita azken horrek ekitaldira zein diru kopuru bideratu duen ere.