Iruñeko Udalak eta Navarra Music Commission-ek tokiko musikaren aldeko apustua eginen dute sanferminetan, Compañía plazako oholtzan

Iruñeko Udalak eta Navarra Music Commission-ek tokiko musikaren aldeko apustua eginen dute sanferminetan, Compañía plazako oholtzan
Baterako deialdia egin dute tokiko talde edo artista batek sanferminetako arratsalde batean erdiguneko oholtza horretan kontzertua eskaini dezan

concierto Compañía

Iruñeko Udalak eta Navarra Music Commissionek baterako deialdia aurkeztu dute gaur goizean goraka doan tokiko talde edo artista batek sanferminetako programazioaren barruan Compañia plazako oholtzan jotzeko aukera izan dezan. Deialdia gaur ireki da eta maiatzaren 3an, ostiralekin, 15:00etan amaituko da. 

Ekimen horrek Nafarroako talde eta artistei sanferminetan toki erakargarri bat eskaintzea du xede, hiriaren erdiguneko agertoki garrantzitsu horretan haien musika partekatzeko deialdi ireki baten bidez. Maider Beloki, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Zinegotzi Ordezkariak eta Fernando Fernández Garayoak Navarra Music Commissioneko koordinatzaileak eman dituzte hautaketa prozesu horren xehetasunak, zeina edozein musika estilotako artistei irekia baitago.

Deialdiak ezartzen du talde edo artistendako baldintza gisa www.navarralivemusic.com/eu webgunean izena ematea eta 2023ko uztailaren eta 2024ko maiatzaren artean gutxienez bi abesti berri editatu izana. Deialdian parte hartzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da info.navarramc@nicdo.es helbidera. Mezuaren gaian “Sanferminetako deialdia” idatzi behar da eta testuan, www.navarralivemusic.com/eu webguneko taldearen fitxara esteka, taldearen izena eta harremanetan jartzeko telefono bat erantsi beharko dira.

Behin eskaerak aurkezteko epea bukatuta, sanferminetako programazioaren arduradunek hautatuko dute Compañía plazan joko duen taldea edo artista. Hainbat alderdi hartuko dira kontuan, hala nola proposamenaren kalitatea eta talde edo artistaren garapena eta oihartzuna sustatzeko emanaldiak izanen duen balioa, haren egungo une musikalaren arabera. Horrekin batera, bereziki sustatuko dira euskaraz egiten duten taldeak, baita emakumez osatutako taldeak ere. 

Emanaldiaren eguna zehazteke dago eta gune horretan sanferminetan prestatzen den programazioaren menpe egonen da. Normalean kontzertuak arratsaldez eta gauez programatzen dira. Asmoa da hautatutako talde edo artistak arratsaldeko saioan jotzea, aurreko urteetan 20:00ak inguruan hasten zen horretan. Navarra Music Commissionek ordainduko du taldearen katxeta, 1.500 eurokoa. 

Nafarroako 600 artista eta talde inguru
Navarra Music Commission (NMC) bulego publikoa da, eta leihatila bakarraren formatuan, Foru Komunitateko musikaren industria bultzatzea du xede, hiru lan ildo nagusi dituela: prestakuntza, aholkularitza eta sustapena. NICDO enpresa publikoaren barruan dago eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak bultzatzen du; 2022an abiatu zen Nafarroako musikaren industriari arreta, prestakuntza eta aholkua emateko eta industria hori garatu eta sustatzeko. Gau egun, gutxi gorabehera 600 artista eta taldek emana dute izena Navarra Live Music atlasean. 

Compañía plazako agertokia munduko musika deitutakora eta jazzera bideratuta egon da sanferminetan. Azken urteetan saio bikoitzak programatu dira, 20:00etan eta 23:30etan. Gaueko emanaldietan hainbat motatako erreferenteak egon dira, hala nola Paquito D’ Rivera, Elíades Ochoa, Don Letts eta Minyo Crusaders. 2022tik aurrera arratsaldeko kontzertuetan ehuneko ehunean tokikoak diren proiektuak egon dira, indie, pop, musika elektronikoa, cumbia, afroamerikar musika jotzen duten tokiko talde eta artistek lan berriak aurkezteko.

¿Te ha sido útil esta página?