Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute herritarren prestakuntza artistikoa areagotzeko

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute herritarren prestakuntza artistikoa areagotzeko
‘Arte egun bat Iruñerako’ ekimenak hirian erroldatutakoei asteazkenetan sarrera doan eskainiko die Unibertsitateko museoan, urtea amaitu bitarte
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute museoak antolatutako jardueren bitartez herritarren prestakuntza artistikoa areagotzeko. Lankidetza honen xede dira, halaber, hiria kulturgune gisa berrestea, garapen ekonomikoa sustatzea kultura eta turismoko produktu gisa, eta hiriaren marka-irudia indartzea kultur bikaintasunari lotuta.

Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María José Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreak sinatu duten hitzarmenak ‘Arte egun bat Iruñerako’ ekimenean sartu ditu urte amaierara bitarteko asteazkenak, eta herritarrek sarrera doan izanen dute, ohiko orduetan, Nafarroako Unibertsitateko Museoko erakusketetara joateko. Erakusketei dagokienez, besteak beste, Álvaro Laiz, Jose Luis Alexanco edo Jorge Ribalta artistenak ekartzea aurreikusi da.

Erakusketez gain, Museoak arte eszenikoen eta musikaren arloko jarduerak egiten ditu, haurrei, familiei eta eskola-taldeei zuzendutako programa didaktikoak, eta komisariotzako masterreko ikasketak ere ematen ditu. Jarduera horiek iruindarren artean eragin handiagoa izan dezaten, Udalak Ziudadelako Arma Aretoko beheko solairua lagako du, Civivox sareko zenbait espazio eta beste udal eraikin batzuk ere, eta komisariotzako masterreko ikasketetako ikasleek Udalean egiten ahalko dituzte praktikak. Jardueren zabalkundean laguntzeko Udalak 20.000 euro bitarteko gastuak (BEZa barne) hartuko ditu bere gain, marketin eta publizitaterako, jardueren ekoizpen-gastuetarako, zein hizlarien eta gizarte- eta kultura-dinamizatzaileen katxetak ordaintzeko. Horiez gain, jarduera artistiko berriak garatuko ditu museoaren espazioko programazioak sinergietarako ematen duen aukera baliatuz.

Nafarroako Unibertsitateko Museoak, berriz, bere gain hartuko ditu ekitaldi eta jardueren antolakuntza, ekoizpen eta sustapen osoa, eta horien publizitatea eta zabalkundea Udalari ez dagozkion alderdi orotan, eta laguntzaile den aldetik, Udalak laguntza ematen duela aipatuko da eta haren logotipoa txertatuko da komunikazioetan eta zabalkunderako euskarrietan. Museoak Udalaren parte-hartzea erraztuko du, adostutako jarduerak aurkeztu, komunikatu eta zabaltzeko protokolozko ekitaldietan, eta lankidetza-hitzarmen honi esker eginen diren jardueren ondorioz sortutako jabetza-eskubideen kudeaketa eta trataera egokiaren ardura izanen du. Era berean, bere gain hartuko du jabetza-eskubideen kudeaketaz arduratzen diren entitateek ekitaldi horiei loturik eginiko salaketa edo erreklamazioen ardura osoa. Hitzarmena bukatutakoan, egindako jardueren memoria aurkeztuko du.
 

¿Te ha sido útil esta página?